2026-10-13
HomeLan Osasuna IdazkaritzaPrekarietatea HiltzaileaEibarren gaur izandako heriotz istripua salatzen du LABek

Eibarren gaur izandako heriotz istripua salatzen du LABek

Gaur, martxoak 2, M.A.D.G, 36 urteko langile ekuadortarra aldamiotik erorita lan istripuan hil da Eibarren. Istripuaren unean langilea aldamioa desmuntatzen ari zen, Epaitegien ondoko eraikin baten fatxadako obretan.
LAB sindikatutik, lehenik eta behin, hildako langilearen familia, lagun eta lankideei dolumina eta elkartasuna adierazi nahi diegu.

2011ean dagoeneko Euskal Herrian gutxienez 10 langile hil dira euren lanpostuetan. Langileok bizi ahal izateko egiten dugu lan, ez saiakera horretan hiltzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak, langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintzen eta lan egiteko moduen emaitza dira. Langile hau eraikuntzan ari zen lanean, eta sektore horretan nagusi diren prekarietateak, esplotazioa lan baldintza txarrek eta lan erritmoak hil egiten dute. Gainera, gaurko istripua itxura denez, gaur istripua gertatu den enpresan ustez hainbat irregalartasun ematen omen dira.
Modu berean, salatu behar dugu EAEko administrazioak antzua den "hitzarmen sozialaren" baitan "LOTU" kanpaina bezala, hutsalak eta eraginkortasunik gabeak diren kanpaina publizitarioak sustatzen dituela. Beste behin ere tamalez bistakoa da ez dutela inongo emaitzarik ematen, ikusi besterik ez dugu gaur Eibarren gertatutakoa, ikusi besterik ez dugu joan den urtean eraikuntzan zenbat istripu izan ziren.

Horregatik guztiagatik, langileok laneko gaixotasunekiko, eta lan istripuekiko TOLERANTZIA ZERO aldarrikatu eta adierazi behar dugu. Arazo horiekin bukatzeko eredu aldaketa bultzatu behar dugu, gure osasun eskubidea egiazkoa izan dadin aldaketa politikoa, ekonomikoa eta soziala aldarrikatuz.

Aldaketa hori ez da etorriko Gasteiz, Iruñea edo Baionatik; patronalak eta legeek ez digute ezer oparituko. Aldaketa langileok ekarriko dugu, lantoki, herri eta auzo bakoitzean hartutako gure konpromisoen ondorioz, hori baita gure osasuna eta bizia defendatzeko modu bakarra.

Eibarren 2011ko martxoaren 2an
 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Greba Orokorraren erregistroa egin dugu gaur

Azaroaren 11ko greba orokorrak Euskal Herritik Euskal Herrirako deialdia izan behar duela sinetsita, gaur grebaren erregistroa egin dugun LAB, ELA, ESK, STEILAS ETXALDE, HIRU...

PIT-CNTren 60. urteurreneko ekitaldietan parte hartu du LABek

PIT-CNT AbyaYala/Latinoamerikako sindikatu ospetsuenetako bat da hainbat arrazoirengatik: batetik, sindikatu unitarioa delako (kasu nahiko arraroa kultura anglosaxoitik kanpo); bestetik, diktaduraren kontrako borrokan nahiz ondorengo...

Nafarroako ikuskizunetako teknikari eta laguntzaileek greba arrakastatsutzat jo dute eta hitzarmen duina eskatzen dute

Nafarroako ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek eta laguntzaileek larunbatean deitutako grebak jarraipen zabala izan du sektoreko langileen artean eta ondorioz hainbat kultur jarduera bertan behera geratu dira. Horien artean, Gayarre Antzokian aurreikusitako ikuskizuna, Baluarteko areto nagusian programatutako dantza emanaldia eta Civivox Pompelon eskainitako emanaldi bat daude. Gainera, Baluarteko hitzaldiak soinurik eta argirik gabe egin dira.