2026-05-02
HomeEkintza SindikalaEHUko zuzendaritzaren eta Eusko Jaurlaritzaren itxikeriaren aurrean, irakasle eta ikertzaileek greba egingo...

EHUko zuzendaritzaren eta Eusko Jaurlaritzaren itxikeriaren aurrean, irakasle eta ikertzaileek greba egingo dute martxoaren 6an eta 12an

Ikasturte honetako lehen lauhilekoan EHUn greba egitera eta mobilizatzera bultzatu gintuzten arazo gehienek beren horretan diraute bigarren lauhilekoaren hasiera honetan. Aste hauetan zehar, negoziazio-mahaiaren bi bilera izan ditugu baina Errektoretza erabat itxita agertu da sindikatuek aurkeztutako proposamenen aurrean. Nabarmentzekoa da, bereziki, ordezko irakasleen lan-baldintzak hobetzeko proposamenen aurrean zuzendaritzak erakutsitako egoskorkeria. Eusko Jaurlaritzaren jarrera pasiboa ere onartezina izan da.

Lehen lauhileko mobilizazio eta grebetan sindikatuok salatu genuen unibertsitatean arazo estrukturalak ditugula eta EHUko langile kolektibo batzuen lan-baldintzen prekarizazioa geroz eta larriagoa dela, finantzaketa falta izanik erroko arazoa. Hartara, gure aldarrikapen nagusiak irakasle ordezkoen prekarizazioarekin amaitzea, langile guztion erosahalmenaren berreskuratzea, irakaskuntza eta lan zamaren jaitsiera, eta oro har Unibertsitatearen finantzaketa handitzea izan ziren. Honen aurrean, errektoretzak eta Eusko Jaurlaritzak eman dituzten pausoak oso eskasak izan dira. Ez dute hitz egin nahi 41/2008 Dekretua aldatzeaz, ordezko irakasle prekarioen miseriazko soldatak finkatzen dituena, edota haien soldatak EHUn bertan negoziatzeaz. Ez dute ezer jakin nahi EHUko langileon erosahalmenaren berreskurapenaz, edota irakasle-ikertzaileok 2006tik hona izoztuta ditugun osagarri gehigarrien eguneratzeaz (% 30etik gorako balioaren galera izan dugu). Ez dute ezer entzun nahi azken boladan langileen alde egon diren epaiak betetzeaz (ikertzaileak, seiurtekoak denontzat, bosturtekoak lanaldi partzialeko langileentzat…). Eta, erretiroen inguruko murrizketen aurrean garaipen judiziala egonda ere, Unibertsitateak bere horretan darrai.

Arazo estruktural eta prekarizatzaileen gorakadak ordezko irakasleen lan-baldintzen okertzea ekarri du. USLO indarrean sartu zenetik, hutsik dauden lanpostuen ordezkapen kasuetan izan ezik, ordezkoei ez zaie osoko jardunaldia aitortzen (nahiz eta ordezkatuak hala izan): ez klaseen prestakuntza, ez formazioa edota irakaskuntzari lotutako kudeaketa, eta miseriazko soldatetara kondenatu dituzte. Baldintza honetan dauden langileak guztiz egoera prekarioan daude, eta baldintza kaskar hauek izanagatik lanpostu asko ordezkatu gabe geratzen dira, sailetako beste irakasleei lan-zama handituz. Honek guztiak eragin zuzena dauka irakaskuntzaren kalitatean, ikerkuntzan eta unibertsitatearen kudeaketa egokian.

Urriaren 11an, urriaren 25ean eta abenduaren 19an argi esan genion EHU eta Eusko Jaurlaritzari unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen eta, ondorioz, unibertsitate beraren egoera jasangaitza dela eta bereziki premiazkoa dela aipatu ditugun gaiei eustea. Errektoretza-taldearen jarrera murriztailearen eta Eusko Jaurlaritzan jarrera immobilistaren aurrean, EHUko irakasle eta ikertzaileok mobilizatzen jarraitu beharko dugu lan-baldintza egokien defentsan. Horregatik, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok bi greba egun egitera deitzen dugu: martxoaren 6an, EHUko unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak eta, martxoaren 12an, sektore publikorako mobilizazio-dinamikarekin bat eginez, unibertsitateko komunitate osoko langileak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:02:45

[ARGAZKI GALERIA]: Birbanaketa politikak eta langileen aldeko neurriak aldarrikatu ditugu Euskal Herri osoan egindako 26 manifestaziotan

Eskualdez eskualde mobilizatu da sindikatua Maiatzaren Lehenean, etxebizitza eskubidearen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta soldata nahiz pentsio duinen aldarrikapenak ardatz hartuta.
00:13:27

Garbiñe Aranburu: “Inor atzean ez uztea da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena”

Langileok eragin da aurtengo leloa. Eragiten ari gara. Gaur berriro Euskal Herri osoan kalean gara, eskualdez eskualde. Aipamen berezia Ipar Euskal Herriko gure kideei. Urteetako lan nekaezinak emaitzak eman ditu, eta intersindikaleko sindikatuekin batera Baionan eta Maulen ere mobilizatu gara.

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu...