2026-03-20
HomeEkintza SindikalaEAEko Hezkuntza Publikoko irakasleen greba egun arrakastatsua

EAEko Hezkuntza Publikoko irakasleen greba egun arrakastatsua

Greba zikloaren 8. greba egunak jarraipen zabala izan du. Milaka langile mobilizatu dira Bilbo, Donostia eta Gasteizen egindako manifestazioetan.

Pasa den asteko asteleheneko mahai negoziatzailearen ondoren, Hezkuntza Sailak aukera izan du negoziazioarekin aurrera egiteko, baina ez du inongo aurrerapausurik eman. Ostiralean Hezkuntza Sailburuak egindako prentsaurrekoan iritzi publikoaren aurrean asmo onak erakutsi arren, errealitatea bestelakoa da: ez dituzte sindikatuak deitu negoziaziora, beraz, ez da negoziaziorik egon.

Hezkuntza sailak azken egun hauetan grebak bertan behera uztea jarri nahi izan du negoziaketarako baldintza gisa. Negoziaketarako prest dagoela ere adierazi du, ez die ordea inolako proposamenik helarazi sindikatuei.

Bestalde, greba hauetan azaleratzen ari diren arazoak eta arazo hauei aurre egiteko eskaerak hezkuntza publikoa eta ikasleen beharrei erantzutearekin zerikusirik ez balute bezala mintzo da. Halabaina, ikasleen behar desberdinei erantzuteko baliabideak gehitzea, enplegua eta hezkuntza taldeak egonkortzea edota plantillak gazteberritzea hezkuntza publikoa indartzea da.

Irakasleek argi utzi dute zein den beraien asmoa eta helburu horrekin borrokan tinko jarraituko dute benetako negoziazioa gauzatu arte.

LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek gaur deitutako grebak jarraipen zabala izan du, aurreko asteko deialdietan bezala; izan ere, grebara deitutakoen %75ak babestu du greba. Grebaren ziklo honetan “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!” lelopean deitutako mobilizazioan milaka langile ari dira elkartzen eta behin eta berriz salatu dute Hezkuntza Sailaren jarrera. Nahikoa dela salatzen ari dira behin eta berriz kaleetan eta egoera aldatu ezean bere horretan mantenduko dira.

Grebak dira Jaurlaritza mugiarazten dutenak. Sindikatuok benetako negoziazio erreala burutu nahi dute, hitz eta asmo politetatik harago. Edukia, zehaztapena eta konkrezioa behar du balizko akordioak.

Zortzigarren greba egun honetan ere, irakasleok oso mezu argiak helarazi dizkiote Hezkuntza Sailari:

– 15 urte direla hitzarmena eguneratu gabe; eta aski dela.

– Lan zamak arintzea, plantilak gazteberritzeko plan egokia ezartzea, enplegu publikoa kontsolidatu eta bermatzea, eros ahalmena berreskuratzea, lan osasuna zein euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak proposatzeko garaia dela.

– Ez badago aldarrikapen hauekiko erantzunik grebetan jarraitzeko indarrekin daudela.

Beraz, Hezkuntza Sailari eduki, zehaztapen eta konkrezioak dituzten mahaiak deitzeko exijitzen diote. Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitzea eta lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabideez hornitzea.

Bihar ere greba eguna da; eta Gasteizen mobilizatuko dira irakasleak. Goizeko 11.30etan hasiko da manifestazioa Europa jauregiaren aurrean eta Lakuan amaitu.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.