Gutxieneko soldataz eta pentsioaz eztabaidatzeari uko egin ostean aurrekontu neoliberalak aurkeztuta, Pradalesek Urkulluren ildoa bere egin du, bai formari eta bai funtsari dagokionez.
Azaroaren 6an mobilizazioak egingo ditu LABek lau hiriburuetan, zaintza sistema publikoa eraikitzeko norabidean inbertsio handiagoa aldarrikatzeko.
Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak eta Endika Perez Ekintza Sozialeko arduradunak agerraldia egin dute gaur, aste honetan aurkeztutako EAEko aurrekontuen balorazioa egiteko. Perezek aste honetan zabaldu diren lerroburuen atzean dagoen iruzurra salatu du: “Ohi bezala, aurreko urteko aurrekontuekiko zer nolako igoerak dauden nabarmendu du gobernuak, baina alderaketa hori iruzurtia da, KPIa urtero igotzen den heinean, aurrekontuak ere igotzea logikoa baita. Ezkutatu nahi dutena da, ordea, Jaurlaritzak zerga erreformari uko egin diola da, 1.000 milioitan zorpetu dela eta diru hori, nagusiki, armagintza industriarako eta patronalari mesede egiteko baliatuko duela da”.
Bilbon egindako agerraldian, Ekintza Sozialeko arduradunak adierazi du Pradalesen gobernuak baliatu egingo duela Madrilek lege dekretu bidez irekitako aukera Euskadi Eraldatuzen bidez industria plana diruz hornitzeko, eta plan hori sindikatuon parte hartzerik gabe eta patronalaren neurrira diseinaturikoa dela. “1.000 milioiko zorpetze hau kapital errentei presio fiskala igotzeari uko egin ondoren gauzatu dute. Hurrengo urtean interesak ordaindu beharko ditugu oraingo diru bilketa sistema injustuaren bidez, eta, gainera, zentimo bakarra ere ez da bideratzen politika sozialetara. Den-dena testuinguru belikoa aukeratzat jotzen duen industria planaren mesedetara bideratzen da; langileak babestetik urrun, enpresen errentagarritasuna bermatzeko”.
Horrela, osasungintzan eta hezkuntzako inbertsioetan %53 igo dutela jaso duten titularren atzean dagoena aletu du Perezek.
Osasungintzan 210,2 milioi euro gehiago (osotara 5.321,7 milioi) iragarri dira. Alabaina, 210,2 milioi horiek ez dira Osakidetza dimentsionatzeko eta indartzeko plantillari, zerbitzu-zorroari edo osasun mentaleko sarea egituratzera bideratuko. Kolaborazio publiko-pribatuan sakontzen jarraitzeko finantzazioa da; osasungintzari bideraturiko sailak langile propioz egin ditzakeen lanak kanporatzeko, hain zuzen. Zentzu horretan, gogoratu behar da, orain arte, LAB sindikatuak 303.000.000€ esku pribatuetara pasatzea geldiarazi duela. Gauzak horrela, BPGrekiko osasungintzara bideratutako kopurua mantendu egin da, eta hori BPGrekiko %5,04 da, Europako Batasuneko azken urteetako (2019, pandemia aurretiko datua) batez besteko gastua BPGrekiko % 9,9 baino handiagoa izan denean.
Hezkuntzari dagokionez, % 5,44ko igoera zehaztu da (195,3 milioi gehiago; osotara, 3.789,1). 195,3 milioi horietatik, 80 milioi langileon mobilizazio eta greben ondoriozkoak izan dira, LABek sinatu dituen hezkuntza publikoko lan hitzarmenetan jasotako neurrietarako baitira. Hezkuntzan ere, BPGrekiko bideratutako kopurua mantendu egin da. BPGrekiko %3,59 da, azken urteetan Europako Batasuneko batez besteko gastua BPGrekiko %6,6 baino handiagoa izan denean.
Titularrak, ordea, aipatutako zorpetzea ezkutatuz, gehien igo diren partidetan eman ditu Noel D’Anjou Ogasun sailburuak; etxebizitza, unibertsitateak eta segurtasuna. Jakintzaren eta unibertsitate sarearen aldeko apustua egin dela adierazi da, baina inbertsio hori ez da iristen legeak finkatzen duen BPGren %1 izatera. Asteazkenean bertan, EHUko errektoretzak beharrezkoa duten aurrekontuen erdia soilik jasoko duela salatu zuen; besteak beste, langileen lan baldintzak duintzeko aukerari ateak itxiz.
Testuinguru ekonomikoak sortutako ziurgabetasun egoeraren aurrean, bizitza bizigarriak izateko herritarroi segurtasuna gizarte prestazioek eta zerbitzu publikoen indartzeak ematen digute. Alta, kontrakoa saldu nahi izan bada ere, aurrekontu hauetan herritarron segurtasunean ez da batere inbertitu. Azken honen partida 12,5 milioi eurotan jaitsi da, eta DSBE Diru Sarrerak Bermatzeko Errentarena soilik %2,5 igo. Gogorarazi beharra dago gutxieneko pentsioak osagarritzeko DSBEren eredua defendatu zuela Jaurlaritza honek eta argudio horrekin itxi ziola atea Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak 145.000 sinadurekin sustatuko herri ekimen legegileari. Bada, aurrekontu hauekin aurten ere EAEko pentsiodunei ez zaie gutxieneko pentsioa gutxieneko soldataraino osagarrituko, eta egun indarrean dagoen genero arrakala bere horretan mantenduko da.
Perezen azken gogoeta Jaurlaritzak aurkezturiko partidarik handienaren ingurukoa izan da, Denis Itxasok gidatzen duen Etxebizitza eta Hirigintza Sailarena. Etxebizitza politikari bideratutako kopurua 442 milioi izango dira. Etxebizitza langile sektore zabalak pobretzeko eta prekarizatzeko arrazoi nagusietako bihurtu dela nabarmendu Perezek, eta, etxebizitzarako sarbidea zailtzen ari bada, politika publikoen bidez etxebizitzaren negozioari galga jarri baino berau hauspotzen delako dela salatu.
Euskal Etxebizitzako Behatokiak adierazitakoaren arabera, 103.000 herritar daude Etxebiden izena emanda, eta Itxaso sailburuak berak adierazi du soilik %60ri ematen zaiola nolabaiteko babesa, izan babestutako etxebizitza bidez (gutxienak) edota prestazio bidez (gehien-gehienak). Aurrekontu proiektu honetan, ordea, Visesari eta Alokabideri emandako diru partidekin, martxan direnez gain, babestutako 800 etxebizitza berri baino gutxiago eraikiko dira. EAJk eta PSEk eraikuntzaren aldeko apustu nabarmena egin duten honetan, horretara heltzen dira aurrekontuekin: 800 etxebizitzara. Hori bai, kolaborazio publiko-pribatu honek baditu onuradunak, etxebizitza bakoitzeko 50.000 euroko diru laguntza jasotzeko aukera eskaintzen baitzaie eraikitzaileei, eta, gainera, alokairu eskuragarria deritzonaren bidez batezbestekotik gorako prezioan merkaturatuko dira. Gasteizen, adibidez, era honetako etxebizitzak 889 eurotako prezioan alokatuko dira, hiriburuko batez besteko prezioa 739 eurotakoa denean.
Nabarmena da etxebizitza parke publikoa handitu beharra dagoela eta hori ezin dela eraikuntza ziklo berri baten bidez lortu. “Hilabeteak daramatzagu salatzen EAJren eta PSEren etxebizitza politika higiezinen patronalaren menpekoa dela eta etxebizitzarekin negozioa egiten jarraitzeko diseinatu dela, eta aurrekontu proiektuak hori berretsi besterik ez du egiten”, adierazi du Ekintza Sozialeko eledunak.
Arroyok salatu du Confebasken neurrira egindako aurrekontuak direla aurkeztutakoak: “Hiru eskaera nagusi ditu Confebaskek, eta Pradalesek azken asteotako erabakiekin (gutxieneko soldataz eta pentsioez eztabaidatzeari ezetz esan eta gero) hiruei egin die men: bat, enpresarientzat zerga baxuak; bi, langileentzat soldata baxuak; eta hiru, diru publikoa negozioa egiteko bideratzea, izan nagusiki langileon errentekin ordainduko den zorpetzea enpresen errentagarritasuna bermatzeko erabiliz edota zerbitzu publikoen pribatizazioaren bidez, enpresek Osakidetzaren edota zaintzaren kontura negozioa egiten jarraitzeko”.
Nafarroako aurrekontuak ere CENen neurrira eginak daudela esan du Arroyok: “EAErekin alderatuta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan progresibitate handiagoa dago, baina enpresarien eta errenta altuen pribilegio fiskalari eusten zaio. Bestalde, zenbait zerbitzuen publifikazioa egin bada ere, azkenekoa osasun garraioan, ez dago zerbitzu publikoen garapenerako apustu estrategikorik”.
EAEra bueltatuta, Pradales operazioa iruzur hutsa dela baieztatu du Arroyok: “Urkulluren gobernuarekiko distantzia irudikatu nahi izan du, baina, azkenean, ildo bera hartu du, bai formari dagokionez, baita funtsari dagokionez ere. Formari dagokionez, gutxieneko soldataz eta pentsioaz eztabaidatzeari ezezkoa eman dio Jaurlaritzak, kasik 300.000 herritarren babesa zuten bi herri ekimen legegileri muzin eginez; Osasun Mahaian muzin egin die sindikatuok egindako publifikazio eskaerei; eta aurrekontuetan ez dira aintzat hartu azken hilabeteetako eskaera sozialak. Funtsari dagokionez, politika neoliberalei eutsi die Pradalesek, bai aurrekontu politikan baita osasungintza edota zaintza bezalako eremuetan”.
Hain zuzen ere, zaintza eremuko langileen aldarrikapenak aintzat har daitezen exijitzeko, Pribatizatutako zaintzako langileok langile publikoak gara! lelopean mobilizazioak antolatu ditu LABek azaroaren 6rako, lau hiriburuetan.
EAEko aurrekontuei begira LABentzat lehentasunezkoak diren eskaerak:
- Gutxieneko pentsioa gutxieneko soldataraino osagarritzeko 310 milioiko diru partida.
- Jaurlaritzaren menpeko langile guztiek, zuzenak zein azpikontratatuak izan, bizitzaren garestitzearen dinamika betean, 1600 euroko gutxieneko soldata jasotzeko partida sortzea (Osakidetzako zerbitzuetako langileen artean zelariak zein administrari laguntzaileak, Jaurlaritzako “Laguntzako Langileen Talde Profesionala” zein Enplegu Zentro Berezietako langile guztien % 70 baino gehiago —esaterako, Katea Legaiako, Gureak Laneaneko, Lantegi Batuakeko, Ilunion Lavanderia Euskaldunako edota Centro de Ayuda Especialeko langileak—).
- Etxeko langileen kontratazioaren jarraipenerako, jardunaldiaren erregistrorako eta lan osasuneko neurrien kontrolerako ikuskaritza eta kontrol publikorako unitate espezifikoa sortzeko diru partida.
- Enplegu Zentro Berezietako langileen sektoreko lehen lan hitzarmenerako diru partida.
- Telelaguntza zerbitzua publifikatzeko diru partida.
- Gizarte zerbitzuen legearen baitako zaintza zerbitzuetan azpikontrataturiko langileen ratioak bateratzeko eta hobetzeko finantzazioa.
- Osasun sistema publikoa indartzeko finantzazioa, lehen mailako arretara eta publifikazioak egitera bideratua, eta ez pribatizaziora. Horrez gain, behin-behinekotasuna jaisteko salbuespenezko egonkortze neurrietarako finantzazioa, ezkutuan dauden 7000 lanpostu estrukturalak sortu eta langileak egonkortzekoa, plantilla dimentsionatzekoa, mediku-erizain ratioak gutxitzekoa eta zerbitzu-zorroa baliabide publiko eta propioekin zabaltzekoa.
- Osasun mentaleko zerbitzua publikotik indartzeko baliabide gehigarrietarako eta Osasun Mentaleko Sarea egituratu eta publifikatzeko finantzazioa.
- Anbulantziak publifikatzeko planerako eta zerbitzurako behar den diru partida.
- Eskola publikoa eta Haurreskolak Partzuergo Publikoa sistemaren ardatz izateko inbertsioaren gehikuntza. Azpiegituretan inpaktuzko inbertsioa behar da, eta lan hitzarmenak betetzeko eta garatzeko finantzazio nahikoa behar da: zerbitzuetako langileen ratioak betetzeko, plantillak esleitzeko irizpideen ondoriozko lanpostu eta neurri berriak ezartzeko haurreskoletan eta heziketa berezian; eta irakasle funtzionarioen kolektiboan ordu lektiboaren jaitsieraren ondoriozko konpentsazioak sortu ditzakeen lanpostu berrien sorkuntzarako.
- Ikastoletako langileak eta gizarte ekimenekoen soldatak langile publikoenekin 2027rako ekiparatzeko, urte honi dagokion finantzazioa.
- Hezkuntzan azpikontrataturik dauden eremuetan publifikazio planak egiteko diru partida (jangela, garbiketa eta garraioa).
- Trantsizio ekosozialean eragin asmoz, krisian dauden enpresetan edota langile batzordeen eskariz eraldaketa produktiboa gauzatzeko, erosketa publikoa gauzatzeko funtsa.
- EAEn babes publikoa galdu eta merkatu pribatuan sartuko diren etxebizitzak lehentasunez erosteko eksubidearen bidez erosteko funts berezia.

