2024-05-10
HomeNazioartea IdazkaritzaHarremanak"Transnazionalek ez dituzte lan, ingurumen eta giza eskubideen araudiak errespetatzen"

“Transnazionalek ez dituzte lan, ingurumen eta giza eskubideen araudiak errespetatzen”

Genevako CETIM erakundea Euskal Herrian izan da, LABen ekarpena jasotzeko. Erakundeko zuzendari Melik Özden eta Komunikazioko arduradun Raffaele Morgantinirekin egon gara, Nazio Batuen Erakundean egiten ari diren lanaren berri izateko. Enpresa transnazionalen inpunitatearen aurkako itun bat ari dira osatzen.

Genevako (Suitza) CETIM erakundea Euskal Herrian izan da, LABek gonbidatuta. CETIM (Centro Europa-Tercer Mundo) ikerketa eta argitalpen zentro bat da, 1970. urtean sortua, eta Ipar-Hegoa arteko harremanetan lan egiten du. Parte hartze aktiboa du Nazio Batuen Erakundean (NBE), beti ere eskubide ekonomikoak, sozialak eta kulturalak defendatu eta sustatzeko helburuarekin, baita garapenerako eskubidea ere. Hego eta Iparreko mugimendu sozialen proposamen eta analisiak zabaltzeko zubi-lana egin ohi du.

Gaur egun, CETIM zeharo murgilduta dago enpresa transnazionalen inpunitatearen aurkako borrokan. Hain zuzen ere, itun bat bultzatzen ari da Nazio Batuen Erakundean, giza eskubideak eta herrien eskubideak errespeta daitezen, enpresa transnazionalen interes ekonomikoen gainetik. Lan horretan ari da orain, eta eginbehar hori dela-eta bisitatu gaitu. Izan ere, CETIM erakundearentzat, sindikatuen ekarpena ezinbestekoa da esku artean duen ituna osatzeko. Hala, LAB CETIMeko zuzendari eta Giza Eskubideen Programako arduradun Melik Özden eta Giza Eskubideen Programako eta Komunikazioko kide Raffaele Morgantinirekin egon da (ezkerretik eskuinera, irudian), ituna zertan den ezagutzeko.

Prozesua Nazio Batuetatik ari zarete lantzen. Zeintzuk dira egitasmoaren jatorria eta arrazoiak?

2013. urtean abiatu zen prozesua, Ekuadorreko eta Hego Afrikako gobernuek bultzatuta. Nazioarte mailako lege arau lotesleak jaso nahi ditugu, enpresa transnazionalen jarduna arautzeko. Nazioarte mailako itun edo hitzarmen batekin biribilduko genuke prozesua.

Zergatik da horren garrantzitsua prozesua?

Enpresa transnazionalen izaerarekin lotuta dago guztiz. Enpresa hauek nazioarte mailan daude antolatuak, filialak eta menpeko enpresak dituzte euren ekoizpen katea garatu ahal izateko. Hala, enpresa transnazionalek estatu mailako legedi desberdinak baliatzen dituzte, euren interesen arabera. Transnazional hauek ez dituzte lan, ingurumen eta giza eskubideen araudiak errespetatzen, eta azken hamarkadetan egoerak okerrera egin du. Ez dira soilik arau hauen urraketak egon, bidegabekeriak ere egon dira. Hain zuzen ere, zenbait kasutan, borondate politikoa ez da nahikoa izan transnazionalen inpunitatearekin amaitzeko. Chevronen adibidea hor dugu: Ekuadorreko Justiziak enpresa hori zigortu zuen, eta enpresak bere aktibitate guztia eten zuen Ekuadorren, geroago beste herrialde batzuetan bere ohiko jardunarekin jarraitzeko. Nazioarte mailako araudi bat egonez gero, araudiak urratzen dituzten enpresak epaitzeko aukera egongo litzateke, dauden tokian egonda ere, eta, horrekin batera, enpresa transnazionalen biktimek justizia eta erreparazioa jasoko lukete. Nazioarte mailako prozesu hau, beraz, guztiz bateragarria da estatu mailan egin daitezkeen ekinbideekin.

Zein da sindikatuen papera prozesu honetan guztian?

Langileak lehen biktimak izan ohi dira enpresa transnazionalen eta mundializazioaren testuingu honetan. Hortaz, sindikatuak lehen lerroan daude enpresa transnazionalen funtzionamendua zaintzeko eta egiten dituzten urraketen berri emateko. Nazio Batuen Erakundearen barruan, gobernuen arteko lan talde bat osatuta dago 2014. urteaz geroztik, aipatutako egitasmo loteslea garatzeko. Lan talde horrek bi lan saio izan ditu orain arte, eta nazioarte mailako itun bat osatzeko lanari ekin dio. Sindikatuek lan honetan parte hartuko ez balute, ezingo genituzke jaso langileen aldarrikapenak itunean, ezta langileek eurek pairatzen dituzten urraketak ere. Argi dago nazio mailako Justizia garrantzitsua dela, lehen mailan dagoelako, baina nazioarte mailako bermea beharrezkoa da, bereziki edozein arrazoirengatik estatu mailako Justizia eraginkorra ez bada; borondate faltagatik, tresna juridikorik ez dagoelako edo transnazionalek agintari publikoei egindako presio edo xantaiagatik, kasu. Modu honetan, nazio mailan Justiziara jo ez dezaketen biktimek nazioarte mailako tresna bat izango lukete eskura, prozesu honi esker.

Noiztik dabil CETIM lanean? Zein da erakundearen helburua?

Genevan gaude, Nazio Batuen eta Giza Eskubideen Batzordearen egoitzan. Ikerketa eta argitalpen zentro bat gara, eta Ipar-Hegoa arteko harremanei buruz aritzen gara. 1970. urteaz geroztik, hainbat eta hainbat argitalpen kaleratu ditugu. Era berean, hogei urte eman ditugu enpresa transnazionalen arloan lanean, euren aktibitatea arautzeko neurri lotesleak lortzeko helburuarekin. Esperientzia handia dugu bide honetan. Euskal Herrian izan bagara, prozesuaren nondik norakoak eta gure erronkak azaltzeko izan da, eta lan honetan guztian sindikatuen garrantzia nabarmentzeko. Izan ere, sindikatuen parte hartzea ezinbestekoa da; ituna osatu gabe geratuko litzateke, bestela. Zentzu honetan, estatu indartsuenak eta transnazionalen lobbiak euren esku dagoen guztia egiten ari dira prozesua amaitu ez dadin. Gaur egun, transnazionalen inpunitatearen aurkako kanpaina bat dago abian mundu mailan. Kanpaina honek 200 bat erakunde batu ditu nazioarte mailan; sindikatuak, barne. Kanpainaren helburua transnazionalen aurkako borroka bateratua indartzea da, eta itunaren prozesua bururaino eramatea, itunak transnazionalen biktimen eta langileen aldarrikapenei erantzungo liekeelako.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileok kalera aterako gara Rafahko erasoaldia eta palestinar herriaren aurkako genozidioa salatzera

Euskal Herriko gehiengo sindikalarekin batera mobilizatuko gara maiatzaren 17an, Hego Euskal Herriko hiriburuetan nahiz lantokiz lantoki.

Atzo aurkeztu zen Mecanerrentzako etorkizun ekologiko eta sozialaren aldeko herri-ekimena babesten dugu

Era berean, pozgarria da ELA sindikatuak jarrera aldatu izana; izan ere, Batzordearen gehiengoak defendatzen duen eta hainbat eragile sozial, akademiko eta instituzionalek babesten duten fabrikarako alternatiba ekosozial baten proposamena hainbat hilabetez oztopatu eta baztertu ondoren, orain plan bat duela iragarri du.

Maiatzaren 8an Zorroza Gestion de Residuos SL enpresan 2020an hildako langilearen inguruko epaia atera da

2020ko otsailaren 23an, langile bat hil zen Murgako Zorroza Gestión de Residuos SL enpresan. Atzo, maiatzak 8, honen inguruko epaiaren albistea argitara atera zen: urte eta erdiko kartzela zigorra eta 30.000 euroko kalte-ordainak.