2025-12-05
HomeEkintza SindikalaCAFeko langile batzarraren gehiengo zabalak borrokan jarraitzea lehenetsi du

CAFeko langile batzarraren gehiengo zabalak borrokan jarraitzea lehenetsi du

Langileen batzarrek berretsi egin dituzte aurretik bozkatuak zeuden eta ELAk, CCOOk eta UGTk bertan behera utzi nahi zituzten lanuzteak, lan-hitzarmenaren negoziazioa bultzatzea helburu dutenak.

Hainbat presio-neurri aktibatu eta hainbat lanuzte egunen ondoren, Zuzendaritzak hitzarmen berrirako laugarren proposamen bat egitea lortu zuten CAFeko langileek. Azken egunetan, ordea, mobilizazioak bertan behera uzteko Zuzendaritzak eginiko eskaerei men eginez, ELAk bultzatuta eta CCOOren eta UGTren babesarekin, Beasain, Irun eta Madrilgo lantegiak biltzen dituen lantokiarteko batzordean gehiengoz presio-neurriak bertan behera uztea eskatu zuten.

Hala ere, Beasaingo eta Irungo zentroetako batzordeen gehiengo sindikalak (LABek eta ESK-k osatuak) presio-neurriei eustea eskatu dute, ez baitzuten uste langileak desmobilizatzeko behar besteko edukirik eta arrazoirik zegoenik.

Gaur izan dira mobilizazio eta lanuzteekin jarraitu edo ez erabakitzeko batzarra, eta Beasaingo lantegietan mobilizazioak bertan behera uzteko proposamenak 411 boto jaso ditu guztira, eta mobilizazioei eusteko proposamenak, LABek eskatu bezala, 825 boto. Irunen 41 izan dira mobilizazioak bertan behera uztearen aldeko botoak, eta 172 mantentzearen alde. ELAk, CCOO eta UGTren babesarekin lanuzteak bertan behera uzteko egindako proposamenak Madrilgo lantegian egindako batzarrean bakarrik egin du aurrera. Langileen gehiengo zabalak mobilizazio eta lanuzteekin aurrera jarraitzea lehenetsi du, eta ostegun honetan bertan izango da hurrengo mobilizazio eta lanuzte eguna.

Gaurko emaitzekin langileen borroka indartu eta balioesten dela nabarmendu du LABek, eta enpresari galdegin dio behingoz negoziazioa edukiz bete dezan. Bestalde, Zuzendaritzak sustatzen duen zatiketa-politika ez elikatzeko ere eskatu die gainerako sindikatuei, soilik langileen arteko batasun eta determinazioarekin lortuko direlakoan ezarritako helburuak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...

Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari! Legebiltzarreko alderdi politikoak: irmo defendatu EHU!

Gaurko lanuzte eta elkarretaratzea aste honetan EHUko campusetan garatutako mobilizazioetako laugarrena da, eta jarraipena ematen dio beharrezko finantzaketa lortzeko aldarrikapenari. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean 2026ko...

Nafarroako langileriaren lan eta bizi baldintzak: bi nafarretik batek prekarietate egoeran bizitzen jarraitzen du

Nafarroan batez besteko soldata igo da azken urtean, baina desberdintasun sozial zein pobrezia egoerak handitzen ari dira. Hortaz, sortzen den aberastasuna gero eta modu...