2026-03-31
HomeEkintza SindikalaCAF Turnkey & Engineeringeko langileek greba mugagabea hasi dute diskriminazioarekin amaitzeko

CAF Turnkey & Engineeringeko langileek greba mugagabea hasi dute diskriminazioarekin amaitzeko

LABetik, CAF Turnkey & Engineeringeko Gasteiz, Lebario (Abadiño) eta Sopelako langileei gure animo eta babes osoa helarazi nahi diegu; izan ere, atzo, martxoak 30, astelehena, greba mugagabeari ekin zioten.

Gasteiz, Lebario (Abadiño) eta Sopelako zentroetako langileek atzo hasi zuten greba mugagabea, LABen eta langileen iritziz urte luzez CAF taldeko beste zentro batzuekiko arlo laboral, sozial, antolakuntza eta ekonomikoan jasaten ari diren diskriminazioa salatzeko.

CAF taldeko filial honek Euskotreneko EMUen, Gasteizko tranbiaren eta Metro Bilbaoko hainbat berme zerbitzuren mantentze-lanak egiten ditu. LABetik salatzen dugu, jardueraren garrantzi estrategikoa eta hartzen duten erantzukizun tekniko handia gorabehera, enpresak uko egiten diola berdintasunari, lan baldintzen hobekuntzari eta aitortza profesionalari lotutako oinarrizko aldarrikapenei erantzuteari.

Grebaren arrazoi nagusien artean dago zentroen eta lanaren izaeraren araberako diskriminazio argia. Enpresak mantentze-lanetako zentroei (Gasteiz, Lebario eta Sopela) baldintza okerragoak ezartzen dizkie Zamudio eta Ibarra bezalako egoitza zentralekin alderatuta, justifikazio objektiborik gabe.

Halaber, zentro horietako langileek salatzen dute ez dutela kontziliaziorako neurri eraginkorrik, Zamudio eta Ibarrean ez bezala. Egoera are larriagoa da CAF taldeak beste zentro batzuetan onura sozial horiek publikoki balioesten dituelako, baina mantentze-lanetako langileei ukatzen dizkielako.

Horri gehitu behar zaio enpresak uko egin diola benetako negoziazio bati ekiteari, hobekuntza sozial eta ekonomikoei dagokienez, hala nola antzinatasuna eta barne sustapenak. LABen ustez, onartezina da urte askoren ondoren oraindik ere langileen esperientzia eta ibilbidea behar bezala aitortzen ez izatea.

Enpresak tratu desberdina lan ezberdinen aitzakiarekin justifikatzen du, baina LABetik erabat baztertzen dugu argudio hori, egindako lana enpresaren jarduera tekniko eta produktiboaren funtsezko parte delako.

Greba mugagabe hau, gainera, CAF taldean gero eta handiagoa den lan gatazkaren testuinguruan kokatzen da, Beasaingo eta Irungo zentroetan ere lanuzteak egiten ari diren une berean. Egoera honek agerian uzten du, langileen ustez, CAF taldeak lan harremanak kudeatzeko duen moduan arazo estrukturalak daudela.

Horregatik guztiagatik, Gasteiz, Lebario (Abadiño) eta Sopelako langileek nahikoa dela esan dute eta greba mugagabeari ekin diote, helburu hauekin:

  • Zentroen arteko diskriminazioari amaiera ematea
  • Eskubide eta onura sozialetan benetako berdintasuna lortzea
  • Sustapen eta sailkapen profesionalerako sistema bidezkoa ezartzea
  • Eta lan baldintzak duintzeko benetako negoziazioa irekitzea

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Aberri Eguna 2026. Burujabetza. Gerrarik ez. Eskubideak

Ziurgabetasunari aurre egiteko badugu ziurtasun bat: antolakuntza eta borroka kolektiboa da herritar guztientzat bizi baldintza duinak bermatuko dituen eredu ekonomiko eta soziala eraikitzeko bidea. Herri bizia eta borrokalaria da gurea. Euskal Herrian badugu beharra eta aukera jendarte eredu justuago bat eraikitzeko.

LABek hitzaldiak eta erakusketa ibiltaria antolatu ditu Idazkaritza Feministaren 30. urteurrenean

Duela 30 urte sortu zuen LABek Emakume* Idazkaritza, gaur egun Idazkaritza Feminista dena. Arlo horretan ere aitzindaria izan zen sindikatua eta, bide horretan, ez...

ETB3 ixteko erabakian atzera egiteko eskatu dio LABek EITBri

ETB3 ez itxi! Haurrentzako euskarazko kate irisgarri bat bermatu! lelopean, agiri bateratua aurkeztu du LABek, beste hainbat eragilerekin batera egin duen agerraldian. Agirian jasotzen den moduan,...