2026-04-07
HomeEkintza SindikalaBizkaiko Foru Aldundiko langileek ezezkoa eman diote foru erakundearen eta ELA, UGT...

Bizkaiko Foru Aldundiko langileek ezezkoa eman diote foru erakundearen eta ELA, UGT eta CCOO sindikatuen artean negoziatutako telelanaren proposamenari

Martxoaren amaieran, Bizkaiko Foru Aldundiko (BFA) 903 langilek (langile guztien ia herenak) kontsulta telematiko batean parte hartu zuten, administrazio honetan 3 urtez ezarri beharreko foru telelanaren proposamenari buruz, ELA, UGT eta CCOO sindikatuekin negoziatutakoa. Parte-hartzaileen %77k baino gehixeagok proposamen horren aurka bozkatu zuten, eta telelaneko astean egun bateko benetako programa baten alde agertu ziren, programa hori balia zezaketen lanpostu guztietan ezarri beharrekoa.

Era berean, foru langileen gehiengoaren sentipen hori LABek martxoaren 24an Bilbon antolatutako batzarrean jaso zen aho batez. Batzar horretan ehun langile baino gehiagok parte hartu zuten. Ekitaldi horretan, sindikatuko ordezkariok plan honen negoziazio-prozesu osoaren berri eman genuen, eta BFAk eta ELA, UGT eta CCOO sindikatuek negoziatutako telelanaren proposamenaren aurka bozkatzera eta parte hartzera animatu genituen.

Partaidetza-prozesu horren emaitzek arrazoia eman digute LABi. Izan ere, programa honen inguruko negoziazio-prozesua ireki zenetik, telelanaren benetako plana defendatzearen alde egin dugu, baita mobilizazio-egutegia aktibatzearen alde ere, hori lortzeko.

Laburtzearren, urrian, 4 sindikatuok batu egin ginen, eta adostu genuen langileak mobilizatzeko deia egitea, gutxieneko proposamen bateratu baten inguruan: etxetik astean behin lan egiteko telelan-sistema bat. Aldundiak urtarrileko negoziazio-mahaian eman zien erantzuna proposamen bateratu horri eta langileen mobilizazioei: ez zuen proposamen bateratua onartzen, eta telelaneko urteko 12 lanalditik 16ra igarotzea eskaini zuten.

Urtarrileko negoziazio-mahaiaren ondoren, gure harridurarako, ELA, UGT eta CCOOk proposatu zuten ordura arte adostutako proposamen bateratua aldatzea: funtsean, Funtzio Publikoak eskaintzen zuen gauza bera onartzen zuten, hilean bi egun, baina udaldia eta gabonetako txanda kanpoan utzi gabe. Telelaneko 24 egunetan zehazten zen, eta Aldundiak ezarritako esparrua bere egiten zuten; hau da, urtean telelaneko lanaldi solte mordoa ematea.

LABen erantzuna izan zen ez genuela logikoa ikusten sindikatu guztiek aurretik adostutako gutxienekoen proposamen bat murriztea. Gainera, uste genuen horrelako mugimendu bat egiteko langileen batzar bat deitu behar zela, eta hala eskatu genien beste sindikatuei.

Otsaileko negoziazio-mahai monografikoan, ELAk eta UGTk Funtzio Publikoaren proposamenari buruzko negoziazioan sartzea erabaki zuten. Plan hori urtean 2 lanalditan gehitzea (16 egunetik 18ra) eta buruzagitzak sartzea proposatu zuten, eta argi eta garbi agertu ziren sinatzearen alde, Funtzio Publikoak horiek sartzea onartzen bazuen. LABek mahai horretan planteatu zuen astean egun bateko telelan-sistema defendatzen jarraitzen zuela, eta horren bidez mobilizatu genituen langileak. Eta langileei jakinarazi genien ELA, UGTk eta CCOOk eta BFAk akordio bat lor zezaketela arlo horretan. 

Martxoaren 18ko Mahaian, Aldundiak proposamen berri bat ekarri zuen, eta bertan onartu zuten ELAk eta UGTk eskatutakoa: eskaintza 16 egunetik 18ra igotzea eta buruzagitza- eta erantzukizun-postuak betetzen dituzten pertsonak barne hartzeko aukera ematea. Sindikatu horiek azken proposamen gisa definitzen zuten, ekintza sindikalak hasieran eskaintzen digutena baino haratago doazen lan-eskubideak lortzeko duen gaitasuna ukatuz.

Egoera horren aurrean, LABek lehentasunezkotzat jo zuen langileen batzarra egitea, egoerari buruz hitz egiteko eta langile guztien artean erabakiak hartzeko, enplegatuak proposamen hori onartzen dugun ala ez erabakitzera mugatu gabe. Aldi berean, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek (LAB kontuan hartu gabe, nahiz eta ados egon) azken proposamen horri buruzko kontsulta bat egitea bultzatu zuten.

Lehen aipatu dugun bezala, parte-hartze prozesu horren guztiaren emaitzak (kontsulta eta asanblada) gure jarrera berresten du, bi zentzutan: batetik, benetako telelan-programa baten alde borrokatzen jarraitzeko beharra, plantillak eskatzen dizkigun premiekin bat datorrena. Bestetik, dinamika mobilizatzailea aktibatzen jarraitzeko beharra, gure administrazioan eskubideak lortzeko bidean aurrera egiteko bide gisa.

Ondorioz, Funtzio Publikoari eskatzen diogu langileen borondatearekin bat datorren telelanaren inguruko negoziazio-prozesua berriro irekitzeko, eta, aldi berean, dei egiten diegu gainerako sindikatuei aldarrikapen horren inguruan ekintza sindikalaren batasuna berreskuratzeko. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langabezia eta ezberdintasunak betikotzen ari dira; logika berdinak eta prekarizazio mota ezberdinak

Martxo honetan, HEHko langabeziak behera egin du aurreko urtearekin konparatuta (1.863 langabetu gutxiago), baina azken hilabetearekin alderatuta %0,02 igo da. Betiko logika jarraituz, emakumeak...

LABek Greziako PAME sindikatuaren kongresuan parte hartu du

Azken egunotan PAME Greziako sindikatuaren kongresua egin da Atenasen, Haien gerrekin eta irabaziekin sakrifiziorik ez. Antolakuntza eta borroka aldaketaren alde lelopean. Bertan egon da...

Lehen alokairu greba egiteko kanpainari hasiera eman dio LABek, Alquiler Seguro etxe agentziak kudeatutako etxebizitzetako maizterrekin batera

Maizterren Sindikatuen Konfederazioarekin koordinatuta, LABek Alquiler Seguroren aurkako grebaren berri emango die etxe agentziak Hego Euskal Herrian dituen etxebizitzetako maizterrei, eta haien antolaketa sustatuko...