2026-10-02
HomeZerbitzu PublikoakUdal eta Foru AdministrazioaBizkaiko Aldundiak hitzarmenaren negoziazio eta akordio blokeatu ditu

Bizkaiko Aldundiak hitzarmenaren negoziazio eta akordio blokeatu ditu

Urtarrilean Bizkaiko Aldundiarekin Hitzarmen berri bati buruzko negoziazioak hasi ziren. Bizkaiko Foru Aldundian ordezkatuta dauden sindikatu guztiek plataforma bateratua aurkeztu zuten oinarrizkotzat jotzen dituzten aldarrikapenak jasoz. Negoziazio Mahaiaren batzar batzuen ostean, ekainaren 24an, negoziazioak apurtuta gelditu ziren Aldundiaren borondate eskasa eta akordioak lortzeko gaitasun eza agerian geldituz.

Bizkaiko Foru Aldundian ordezkatuta dauden sindikatu guztien irakurketa (LAB, ELA, UGT eta CCOO)
ALDUNDIAK HITZARMENA/AKORDIOAREN NEGOZIAZIOA BLOKEATU DU

«Urtarrilean Bizkaiko Aldundiarekin Hitzarmen berri bati buruzko negoziazioak hasi ziren. Abiapuntua hau zen, negoziaziorik gabeko urte luzeak eta epealdi honetan gertatutako murrizketak: lan-sarien murrizketa garrantzitsua, langileen kontratazioaren murrizketa larria eta hainbat zerbitzu publikoen pribatizazioa.

Bizkaiko Foru Aldundian ordezkatuta gauden sindikatu guztiok plataforma bateratua aurkeztu genuen oinarrizkotzat jotzen genituen aldarrikapenak jasoz. Aldundiak, bere aldetik, kontra-proposamena aurkeztu zuen, hitzarmenaren negoziaziorako oinarrizko dokumentu gisa.

Negoziazio Mahaiaren batzar batzuen ostean, ekainaren 24an, negoziazioak apurtuta gelditu dira. Izan ere, sindikatuok adostasunerako gure oinarrizko baldintzak azaldu genituen eta Aldundiak ez ditu onartu:

– Egun lantoki publikoetan eta langile publikoekin ematen diren zerbitzuak ez pribatizatzeko konpromisoa.
– Enplegua mantendu eta sortzeko asmoarekin, ordezkapen, EPE eta lekualdatze lehiaketei buruzko akordioa, bai Aldundian bai GUFEn.
– Lansarien inguruko akordioa: 2014an eta 2015ean KPIren egoera, eta azken urteotan galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko bermeak, berreskurapen hori 2015ean hasita.

Aldundiaren erantzuna irmoa eta zurruna izan da: EZ zerbitzu publikoak mantentzeko konpromisorik, EZ enplegu sorrera eta antolaketaren gaineko hurbilketarik, eta harrigarriena dena, lansarien kontuan atzerapausoa, galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko inolako bermerik ez baitute eskaintzen. Baldintza horietan, Negoziazio Mahaia apurtu da Aldundiaren negoziaziorako borondate eskasa agerian geldituz.

Sindikatuok langileon lehentasunezko aldarrikapenak asetzen dituen hitzarmen bat erdiesteari ez diogu uko egiten. Aldundiaren jarrerak, aldiz, mahaia apurtu du eta agerian uzten du bere negoziazio borondate eskasa eta akordioak lortzeko gaitasun eza.»
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.