2026-06-17
HomeEuskal GatazkaBizitza duina bermatuko duen jendarte eredu bat eraikitzeko konpromisoa berretsi dugu, inolako...

Bizitza duina bermatuko duen jendarte eredu bat eraikitzeko konpromisoa berretsi dugu, inolako indarkeriarik eta injustizia sozialik gabe

Une honetan ematen den giza eskubideen urraketa nabarmenena preso eta iheslariek pairatzen dutela nabarmendu du Garbiñe Aranburuk, Kanboko ekitaldi historikoan.

LABeko ordezkaritza bat Kanboko ekitaldi historikoan izan da, eta, bertan, sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk nabarmendu du gaurkoa etapa baten amaiera dela, baina baita etapa berri baten hasiera ere, atzo egin genuen adierazpenaren haritik: “ETAren desagerpenak ez du suposatzen gatazka politikoaren amaiera, gatazka politikoak jarraitzen du”.

Hain zuzen ere, Garbiñe Aranbururen hitzetan, “biktima guztien aitortza eta erreparazioa egitea egokitzen da orain, guztien erreparazio bat egitea, eta guztioi dagokigu, eragile politiko, sozial eta sindikal guztioi, erantzukizun eta arduraz jokatzea”.

Justizia eta bake eszenario bat eraikitzeko urrats berriak ematea beharrezkoa dela nabarmendu du LABeko idazkari nagusiak, elkarbizitzan eta normalizazio politikoan sakontzeko: “Momentu honetan guretzat lehentasunezkoa da, eskubide guztien aitortza helburu, preso eta iheslarien eskubideen urraketarekin amaitzea. Une honetan ematen den giza eskubideen urraketa nabarmenena preso eta iheslariek pairatzen dute. Hortaz, sakabanaketarekin amaitu behar da, gaixo dauden presoek kalean egon behar dute eta salbuespen legediarekin bukatu behar da”.

Horrekin batera, Garbiñe Aranburuk adierazi du herri honi dagokion erabakitzeko eskubidea errespetatzeko lanean jarraituko duela LABek, “eskubide guztiak errespetatuko dituen jendarte eredu bat eraikitzeko bidean, guztiontzat bizitza duina bermatuko duen eredu bat, inolako indarkeriarik eta injustizia sozialik gabe”.

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lanuztea Bizkaiko Foru Aldundian: 600 pertsona baino gehiago mobilizatu gara akordio eta hitzarmen berri baten alde eta telelanaren alde

Gaur, ekainak 17, Bizkaiko Foru Aldundiko langileek bi orduko lanuztea egin dute Langileen Batzordeak eta Enpresa Batzordeak deituta, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen babesarekin.

Mobilizazioak egin ditugu elikagaien merkataritzako tokiko hitzarmenak defendatzeko

Patronalak eta banaketa kate handiek bultzatutako ekimenak Hego Euskal Herriko elikagaien merkataritzan adostutako lan baldintzak mehatxatzen dituela salatu dugu. Gaur mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal...

Hezkuntza komunitateak Gimeno kontseilariaren kargugabetzeari emandako babes masiboa erregistratu dugu

Hezkuntza komunitatea osatzen duten ia 1.900 lagunen sinadurak aurkeztu ditugu LABetik, eta Chivitek fitxarik mugitzen ez badu, irailean mobilizazioei berriz ekingo diegula iragarri dugu.