2026-01-14
HomeEkintza SindikalaBerriro bildu da Arabako esku-hartze sozialeko sektoreko hitzarmen kolektiboaren mahaia negoziatzailea

Berriro bildu da Arabako esku-hartze sozialeko sektoreko hitzarmen kolektiboaren mahaia negoziatzailea

Joan den urtarrilaren 8an, Arabako esku-hartze sozialeko sektoreko hitzarmen kolektiboaren mahaia negoziatzailea bildu zen berriro. Bilera hau urtebete baino gehiagoko blokeoaren ondoren egin zen, eta sektorean ordezkaritza dugun sindikatuok —ELA, LAB, CCOO eta ESK— abenduan AISA patronalari proposamen bateratu bat helarazi ondoren, 2025-2026 urteetarako akordio bat lortzeko asmoz.

Sindikatuen proposamen horrek sektore publikoarekiko parekatzerantz modu errealista baina sendoan aurrera egitea planteatzen du, epe laburreko hobekuntza zehatzei uko egin gabe. Negoziazioak aurrera jarraitzea baloratzen badugu ere, bi aldeen arteko distantzia handia da oraindik; izan ere, patronalak jarrera urruna mantentzen du Arabako esku-hartze sozialeko langileen lan-baldintzak enplegu publikoko baldintzekin parekatzeko prozesuarekiko.

Asteetan zehar ez genuen proposamen horren erantzunik jaso, eta urtarrilaren 8ko mahaian AISAk jakinarazi zuen “negoziazio-esparrua aldatu egin dela” eta jada ez dutela proposamena baldintza berberetan baloratzen. Orain arte ez dute kontra proposamen zehatzik aurkeztu, eta hori kezkagarria dela deritzogu, sindikatuok negoziazioa desblokeatzeko egin dugun ahaleginaren ondoren.

Esku-hartze sozialeko sektoreak 1.000 langile baino gehiago hartzen ditu Araban, administrazio publikoko hainbat kontratatan; izan ere, administrazioak zerbitzu horiek hainbat enpresarekin azpikontratatzea erabaki du. Kanporatze-politika horrek lan-egoera guztiz bidegabea eragin du: onartu ezinezko soldata-arrakala dago sektore publikoarentzat zuzenean lan bera egiten duten kideekiko. Gero eta gehiago, azpikontratazioa lan-baldintzak prekarizatzeko eta zerbitzu publikoei eusten dietenei soldata okerragoak ordaintzeko erabiltzen da.

Horregatik, intersindikaletik, parekatzearen helbururantz pauso sendoz aurrera egitea ahalbidetuko duen estrategia baten aldeko apustua egin dugu, bitartean soldata-igoera dinei eta gure lan-baldintzak duinduko dituzten egiturazko hobekuntzei uko egin gabe.

Testuinguru horretan, sindikatuok mobilizazio-egutegi bat adostu dugu egoerari erantzuteko:

• Urtarrilak 21, asteazkena: hiru orduko lanuzteak txandako, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
• Otsailak 4, asteazkena eta otsailak 5, osteguna: egun osoko greba.

Urtarrilaren 29an negoziazio-mahaiaren beste bilera bat egingo da. Ordura arte, esku-hartze sozialeko sektoreak antolatzen eta irmo mobilizatzen jarraituko du, bere lanaren balioa aitortuko duen eta urteetako lan-desberdintasunari amaiera emango dion hitzarmena lortzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

ELA, LAB, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek salatu dute Espainiako Gobernuak proposatutako LGSk ez diela Hego Euskal Herriko langile klasearen beharrei erantzuten

Martxoaren 17rako grebara deitzen dute, eta gutxieneko soldata Gasteizko eta Iruñeko Gobernuen eskumenpean egotea eta 1.500 eurotan ezartzea exijitzen dute. Espainiako Gobernuak 2026rako lanbide arteko...

LABek Bilboko etxebizitza komunitarioen barruan lan-esplotazioko sare matxista eta arrazista bat salatzen du

Hainbat langileen lekukotzari esker Bizkaiko enpresaburu baten puzzle matxista eta arrazista salata eta agerian utzi ahal izan dugu: etxebizitza komunitarioen sare baten jabea den...

LABek Bizkaiko metalean eskubideak irabazteko plataforma aurkeztu du

LABek Bizkaiko metalaren hitzarmena negoziatzeko gure plataforma aurkeztu du. Hitzarmen horrek 59.000 langile baino gehiagori eragiten die eta Bizkaiko industriaren sektore garrantzitsuenetako baten gutxieneko...