2025-12-06
HomeEkintza SozialaBehin-behinekotasunak behera, ezegonkortasun forma berriak gora

Behin-behinekotasunak behera, ezegonkortasun forma berriak gora

Apirilean langabeziak beherantz egin du, hilabete honetan aurrekoan baino 2.503 langabe gutxiago daude inskribatuta enplegu bulegoetan Hego Euskal Herrian. Jaitsiera handiena Nafarroako Foru Erkidegoan izan da nabarmen, %2,83ko jaitsierarekin. Hego Euskal Herrian %1,65 izan da jaitsiera.

Adin tarte guztietan egin du behera langabeziak. Gazteen langabezia izan da ordea gehien jaitsi dena, %3,97 hain zuzen ere. Datua bere horretan positiboa izan arren, eremu honetan enpleguaren kalitateak kezkatzen gaitu gehien, gazteen enplegua baita prekarioena eta ezengokorrena. Koiunturaren arabera sortu eta suntsitzen dena, Udaberriko oporretan esaterako.

Sektoreei dagokionez eraikuntza izan da langabeziak gora egin duen sektore bakarra. Beherantz egin dutenen artean lehen sektorea izan da enplegu gehien sortu duen sektorea.

Behin-behinekotasunak nabarmen egin du behera. Hala ere oraindik kontratu berri guztien %70 baino gehiago behin-behinekoak dira, Estatu Espainoleko datuetatik gora.

Ezegonkortasuna, ordea, forma berriak hartzen ari da. Azken lan erreforma egonkortasunaren erreforma bezala saldu diguten arren, prekaritateak eta ezegonkortasunak behin-behinekotasunaren eremua gainditzen duela esan beharrean gaude. Are gehiago erreformaren ondoren, ezegonkortasunak forma berriak hartzeko aukera zabaldu baitu; esaterako, aldizkako finkoen kontratuak zabaltzen. Estatistiketan finko gisa agertzen zaizkigun arren, obra edo behin-behineko kontratuak ordezkatzeko formula berria da. Urtean hiru hilabete soilik lan egiten duen langilea finko gisa agertuko zaigu, lanera noiz eta zein baldintzatan itzuliko den ziurtasunik gabe.

Martxoan, lan erreforma aplikatzeko muga-epea izan dute enpresek, eta dagoeneko nabaria da aldizkako finkoen kontratuek gorantz egin dutela, kontratu finkoak baino askoz ere proportzio handiagoan. 2022ko Urtarrilean kontratu mugagabeen %4,6 soilik bazen aldizkakoa, Martxoan (Apirileko daturik ez dugu oraindik) %9,9ra igo zen aipatu proportzioa. Hego Euskal Herriko datuak hilabete erdialdean izango ditugu. Estatu Espainoleko Apirileko datuek zera diote, kontratu mugagabe guztien %34 dela aldizkako finkoa.

Edonola ere, enplegu prekarioa errealitate konplexua eta dimentsio askotakoa da: ezegonkortasuna, iraupen laburreko nahi-gabeko lanaldi partzialei loturiko azpienplegua, soldata baxuak, gizarte-babesean eta lanari loturiko eskubideetan izaniko murrizketak etab.

Ez da posible errealitate hau lan erreforma eznahiko eta partzial baten bidez eraldatzea. Estatistikak hobetu ahal izango dituzte, baina ez langileon errealitatea. LABek bere proposamena mahaigaineratu du: ondasunen, zaintzen eta enpleguaren birbanaketa oinarri izango duen lan kode eta gizarte segurantzarako lege propioa. Langileon bizitzak bizigarriak izan daitezen.  

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Zipreko PEO zentral sindikalaren kongresuan parte hartu du LABek

Zipreren batasunaren eta autodeterminazioaren aldarrikapenarekin bat egin du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak, Munduko Federazio Sindikaleko kide den zentral sindikalaren kongresuan. Horrez gain, sindikatuak...

Enplegu Publikoaren Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramateko asmoak euskararen aurkako oldarraldi judiziala larriagotuko du

Euskal jendartearen eta langile publiko gehienen iritziaren aurka, euskara gazteleraren maila berean kokatzea debekatu lezake ebazpenak, eta euskara bigarren mailako egoera subsidiariotik atera ahal...

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...