2026-01-31
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaBateraguneko atxiloketak eta zigorrak ez ziren justuak izan, basakeria juridiko-politikoa baizik

Bateraguneko atxiloketak eta zigorrak ez ziren justuak izan, basakeria juridiko-politikoa baizik

Herrien erabakitzeko eskubideak eskatzen duen konponbide demokratikoaren bidean, Euskal Herrian zein Katalunian auzi politiko guztien amaiera eta presoen politikoen askatasuna eskatzen dugu LABetik.

Bateraguneko epaiketa ez zen inpartziala izan. Hala ebatzi du gaur Estrasburgoko auzitegiak, Euskal Herrian beti argi izan dugun baieztapena berretsiz. Herri honetan aspaldi eman genuen bai epaia, herri erantzun anitz eta zabal batekin eman ere, Bateragune auziko atxiloketak eta zigorrak ez zirelako justuak izan, basakeria juridiko-politikoa baizik.

Urte luzez askatasuna bahitu eta eskubide zibil eta politikoak urratu dizkiete Miren Zabaleta, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Arnaldo Otegi eta Rafa Diezi eta ez dago sententziarik egindako kaltea erreparatzeko. Hori horrela da, baina aldi berean LAB sindikatutik ongietorria ematen diogu Estrasburgoren ebazpenari, espainiar Estatuaren izaera antidemokratikoa eta justiziaren erabilpen politikoa agerian uzten dituelako.

Bateragunekoen delitu bakarra izan zen Euskal Herriarekiko konpromisotik, gure herrian bake eta konponbide demokratikorako garai berri bat irekitzeko lanean aritzea. Euskal Herrian gatazka politikoa gainditzeko Ezker Abertzaleko militante hauek jokatutako papera eta egindako ekarpena oso garrantzitsua izan da. Denbora izan da testigu.

Estatuak zituen blokeo mekanismo guztiak martxan jarri zituen Ezker Abertzalearen estrategia politikoa zapuzteko. Eta Bateragunekoek, aurretik eta ondoren auzi ezberdinetan injustuki zigortutako beste hainbat euskal herritarrek bezala, garesti ordaindu zuten justiziaren erabilpen politikoa. Zorionez, determinazioz egin zen aurrera gatazkaren arrazoiak eta ondorioak gainditzeko, eta Euskal Herrian garai berri bat irekitzeko.

Gaurko ebazpen honekin enegarrenez Estrasburgok Espainia zuzendu du. Eta hala ere, ezin Espainiako justiziatik justiziarik espero. Ez orduan, ez orain, Estatua ez zen prest azaldu aldaketak ekarriko dituen prozesu demokratiko batean sartzeko. Hori ikusi dugu Euskal Herrian eta ikusten ari gara Katalunian ere. Espainiak justizia modu injustuan erabiltzen jarraitzen du; herrien erabakitzeko eskubidea termino demokratikoetan konpontzeko eskaintzarik gabe jarraitzen du; eta jarraitzen du etengabe eskubide zibil eta politikoak bidegabeki urratzen.

Herria bake bidean jartzeagatik bost lagun espetxeratu eta zigortzea basakeria izan zen moduan, herriari hitza emateagatik erbestean edo espetxean izatea, eta, ez dezagun ahaztu, inolako bermerik gabeko epaiketa baten zain, disparate juridiko eta politikoa da.

Herrien erabakitzeko eskubideak eskatzen duen konponbide demokratikoaren bidean, auzi politiko guztien amaiera eta presoen politikoen askatasuna eskatzen dugu LABetik. Arrazoi asko ditugu, gehiegi, mobilizatzen jarraitzeko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...