2026-03-19
HomeEkintza SindikalaBasogintza sektorearen hilkortasun tasak marka guztiak gainditzen ditu

Basogintza sektorearen hilkortasun tasak marka guztiak gainditzen ditu

Atzo arratsaldean langile bat hil zen Aulestin, basoko lanetan ziharduela. Dagoeneko, 2022an lan istripuz hildako 60. langilea da eta basogintzako hirugarrena. Lehenik eta behin, gure elkartasuna adierazi nahi diegu hildakoaren senide, lankide, lagun eta gertukoei, eta ostiralerako, euskal gehiengo sindikalak Gernikan deitutako elkarretaratzerako deia egin (Egurmendi aurrean, San Kristobal plazan, 11:00etan).

Aurten ematen ari diren istripuen patroia, berriro ere, guztiz aurreikusgarria da. Obretan altueretatik erorita, garraiolariak arazo kardiobaskularrez hilak, basogintza langileak zuhaitzak azpian harrapatuta, in itinere, etab. Behin eta berriro errepikatzen diren patroiak. Honen aurrean, ez patronalak eta ez Eusko Jaurlaritzak ez dute inongo neurririk hartzen, ardura guztia eurena izanda.

Basogintza sektorearen hilkortasun tasak marka guztiak gainditzen ditu. Langile gutxi dituen sektorea izanda, urtero egoten dira hildakoak sektore honetan. Honela, atzokoa egondako hirugarren heriotza izan da basogintzan. Abuztuaren 17an, 47 urtetako langile bat hil zen Zeanurin eta ekainaren 14an beste bat Idiazabalen, biak zuhaitz batek harrapatuta. 2021ean, sektoreko 6 langile hil ziren lan-istripuz.

Bizkaiko eta Gipuzkoako kasuan, basogintza enpresen bideragarritasuna mugatua da nahiz eta eurentzako ad hoc eginiko foru arauak eduki. Egur ustiapen intensiboa lan harreman prekarizatuetan oinarritzen da etekinak lortu ahal izateko. Honela, lan segurtasuneko baliabideak ipini beharrean, hauetan aurrezten da. Plantilla murritzak, basoan bakarka lanean, errekurtso prebentiborik ez, formakuntza eza, lan tresna ez egokiak, malda handiko eremuetan, lan erritmo oso altuak, lanaldi oso luzeak, honek eragiten duen nekearekin eta abar luze bat daude istripuen atzean. Jakina, aktibitateak berak barnebiltzen dituen arriskuei erantsitako faktoreak dira hauek.

Ez da lehen aldia Osalan eta Eusko Jaurlaritzari basogintza sektorearentzako neurri bereziak eskatzen dizkiogula. Oraingoan, berriro egiten dugu baina ikusten dugu erantzuna antzua dela.

Osalanek, lan ikuskaritzak eta Eusko Jaurlaritzak dute egoera aldatzen hasteko giltza eta behingoz martxan jarri daitezen exigitzen diegu.

Dena den, denok dakigu, inspektoreek barne, une honetan bertan Euskal Herrian baso sektorean lanean dirauten enpresa gehienak ez direla lan osasuneko betebeharrak betetzen ari, nahiz eta atzo bertan izan azken hildakoa. Hausnarketa larria bezain benetazkoa.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.