2025-12-05
HomeIndustriaMetalgintzaAmurrioko Tubos Reunidoseko lanpostuak eta lantokiaren geroa bermatu behar dira

Amurrioko Tubos Reunidoseko lanpostuak eta lantokiaren geroa bermatu behar dira

Baieztatu dira gure susmoak, Productos Tubularesen Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientearen (EEE) tramitazioa amaitu ondoren, Tubos Reunidosek ezaugarri beretsuak lituzkeen beste bat planteatu du Amurrioko lantegian. Honen aurrean, Amurrioko Tubos Reunidoseko LABen atal sindikalak argi utzi nahi du bere jarrera Aldi Baterako EEE honen aurrean. 

Berriro diogu Aldi Baterako EEE hau ez dela beharrezkoa, enpresak eta Tubos Reunidos Taldeak soberako gaitasuna baitaukate merkatuaren egoera koiuntural honi aurre egiteko, enpresaren emaitzen hobekuntza enpresako langileen edo diru publikoen kontura egin barik. Horren erakusgarri dira aurreko urteetako emaitzak eta hauetan egindako dibidenduen banaketa.

Egoera honen aurrean, enpresak egin dituen proposamen bakarrak izan dira soldaten murrizketa eta lanaldiaren luzapena (zerbait ulertezina eskarien falta argudiatzen denean) eta Aldi Baterako EEE bat ezartzea. Euren jarduera laneko kostuen eta langileon bizkar egin nahi dute, enpresaren jarduera planik planteatu gabe, merkatu berrien bilaketan, produktu berrietan edo ekoizpen sisteman, kudeatzaile moduan eta bere egunean hartu ziren erabakien ondorioz duten erantzukizuna saihestuz.

Tubosen jarduera produktiboaren emaitza beti izan dira irabaziak, gaur egun ere bai. Arazoa taldeak dituen karga finantzarioetan kokatzen da, batez ere duela 9 urtetako finantza-ingenieritzako operazio baten ondorioz. Operazio honekin, zorra 35 milioitatik 200 milioitara pasatu zen. Hau justifikatzeko Condesarekin fusioa aipatu zen. Hau ez zen azkenean burutu, ondorioz, ez dakigu nora joan den edo zertarako erabili den diru guzti hori.

Ulertezina da Aldi Baterako EEEa tramitatzeko prozedura abiatzearekin batera, enpresa egutegi aldaketak egiten ari da eta aparteko orduak erabiltzen. Hortaz, lan falta eta gehiegizko lan-eskuaren argudioak ez dira benetakoak.

Guzti hau kontuan izanda, LAB ez da Aldi Baterako EEE hau negoziatzen ez onartzen sartuko, gure enpresak Aldi Baterako EEEa ezartzeko epea baino harago joango litzatekeen enpleguaren bermea zehazten ez bada (langileok 6 urte beharko genituzke gure langabezia berreskuratzeko). Era berean, enpresaren jarduera plan zehatz eta neurgarria izan beharko luke, etorkizuna, enplegua eta lantegiaren gaitasun produktiboari eustearekiko enpresaren inplikazioa erakutsiko lukeena.

Guzti honengatik, LABen lehentasunak ez dira egongo enpresak langileon isiltasuna erosteko asmoz eskainiko duen soldata-osagarria negoziatzen. Gure lehentasuna lanpostuei eustea eta Amurrioko lantegiaren etorkizuna bermatzea izango da. Ez litzateke ulertuko gure burua klasekotzat dugun sindikatuok lanpostuak ahaztea soldataren osagarri horrengatik.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Zipreko PEO zentral sindikalaren kongresuan parte hartu du LABek

Zipreren batasunaren eta autodeterminazioaren aldarrikapenarekin bat egin du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak, Munduko Federazio Sindikaleko kide den zentral sindikalaren kongresuan. Horrez gain, sindikatuak...

Enplegu Publikoaren Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramateko asmoak euskararen aurkako oldarraldi judiziala larriagotuko du

Euskal jendartearen eta langile publiko gehienen iritziaren aurka, euskara gazteleraren maila berean kokatzea debekatu lezake ebazpenak, eta euskara bigarren mailako egoera subsidiariotik atera ahal...

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...