2026-01-20
HomeEkintza SindikalaAkordiorik gabe amaitu da Maderas de Llodio-ko EEE-ren kontsulta epea

Akordiorik gabe amaitu da Maderas de Llodio-ko EEE-ren kontsulta epea

Joan den urriaren 9an amaitu zen Garnicako zuzendaritzak aurkeztutako Enplegu Erregulazio Espedientearen (EEE) kontsulta epea. Prozesu osoan zehar, alderdi sozialetik elkarrizketarako borondate osoz jardun dugu, bost proposamen desberdin aurkeztuz, ekoizpenaren %40 mantentzeko eta, horrela, deslokalizazioa eta 39 langileren kaleratzea ekiditeko.

Hala ere, enpresako zuzendaritzak ez du negoziatzeko benetako borondaterik erakutsi. Aurkeztutako proposamenak benetan aztertzea ukatu du, hasieratik jarrera itxia mantenduz. Mahai gainean jarri duen eskaintza bakarra izan da kaleratze kopuruari lau pertsona murriztea eta kalte-ordainak pixka bat handitzea, baina ekoizpenaren %40aren deslokalizazioa eta kaleratzeak bere horretan mantenduz.

Horregatik, proposamen hori onartezina zen, Maderas de Llodioren eta bertan lan egiten dugun pertsona guztien etorkizuna arriskuan jartzen jarraitzen zuelako.

Batzordetik, eta langileen asanbladari helarazi ondoren, berriro ere baieztatu nahi dugu lanpostuak eta ekoizpena bermatuko dituzten irtenbideak bilatzen jarraitzeko konpromisoan berresten garela. Denbora dago oraindik. Garnicako zuzendaritzari eskatzen diogu, bere erabakia berpentsatu dezala eta ez dezala ERE-a aurkeztu.

Bestalde, gure haserrea adierazi nahi diegu erakundeei. Onartezina iruditzen zaigu, egoera larri honen aurrean, ez Arabako Foru Aldundiak ezta Eusko Jaurlaritzak ere ez dutela inolako inplikaziorik erakutsi. Eskualdean ibilbide luzea duen industria-enpresa bati buruz ari gara, zeinak eragin zuzena duen enpleguan, ekoizpen-sarean eta lehen sektorean ere. Hala eta guztiz ere, erantzun instituzionala hutsaren parekoa izan da.

Batzordeak berak jarri behar izan du harremanetan erakundeekin. Arabako Foru Aldundiaren kasuan, ez dira behin ere gurekin bildu gertatzen ari dena lehen eskutik ezagutzeko, ezta beraien eskura dituzten tresnak eskaintzeko ere, enplegua babesteko eta bitartekaritza egiteko. Eta Eusko Jaurlaritzaren kasuan, alderdi sozialak eskatutako lehen bilera baten ondoren, ez da jarraipenik izan, ezta bilera berririk ere, guk horrela eskatu diegu arren.

Oso gertakari larria iruditzen zaigu, langile klasea, enpresen erabakien aurrean are ahulago uzten duelako. Erakundeek beren erantzukizunak bere gain har ditzatela exijitzen dugu, argi eta garbi kokatu daitezela industria eta lanpostuak babesteko, eta demagogia eta hitz hutsak alde batera utz ditzatela.

Berriro ere, bihotzez eskertu nahi diogu Laudioko eta eskualde osoko herritarrei jasotzen ari garen babes eta elkartasun adierazpen ugariak. Egoera hau ez da arazo indibidual bat, kolektiboa baizik, eta horren jakitun izatea funtsezkoa da Aiaraldeako gure etorkizuna defendatzeko.

Horregatik, duela bi aste egin genuen bezala, berriro baieztatzen dugu gure tresnarik onenak borroka eta mobilizazioa direla. Ildo horretan jarraituko dugu, greban, gure lanpostu bakoitza eta Maderas de Llodioren etorkizuna defendatzen. Eta egoera hau gelditzeko behar diren tresna juridiko eta sindikal guztiak erabiliko ditugu.

Azkenik, bi mezu oso argi helarazi nahi ditugu:

  1. Enpresari, bere jarrera berrikus dezan eta EREa erretiratu dezan.
  2. Erakundeei, jardun dezaten berehala. Ez dago aitzakiarik gehiago.

Borroka da bide bakarra!
Gora Maderas de Llodio-ko langileak!
Aiaraldea defenda dezagun!

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LABek bat egiten du Kolonbian izan den sexu langileen nazioarteko lehen goi-bileran ateratako manifestuarekin

LABeko Idazkaritza Feministako bi kidek parte hartu zuten abenduan Kolonbiako Pereira hirian egindako bilkura historikoan. Lehen aldiz, Kolonbiako Berdintasun eta Ekitate Ministerioak antolatuta, hainbat...

Martxoaren 17ko Greba Orokorra erregistratu dute sindikatuek

Gaur, ELA, LAB, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek martxoaren 17rako Greba Orokorraren deialdia erregistratu dute ofizialki. Deialdia “Gutxieneko soldata hemen erabaki. LGS 1500€. Soldatak...

[IRITZIA]: Sinadura batek eragindako mina

Nire izena Laura Molina Azanza da. 27 urte daramatzat garraio publikoan lanean, LABeko delegatu sindikala naiz, eta Enpresa Batzordeko kidea. Lerro hauek tristuraz beterik,...