2026-03-19
HomeEkintza SindikalaAkordioa lortu dugu Talleres Abasolon

Akordioa lortu dugu Talleres Abasolon

Joan den ostiralean akordio batera iritsi ginen greba bertan behera uzteko eta Talleres Abasoloko jarduerari berriro ekiteko. Ia bi hilabeteko grebaren ondoren, langileek akordio bat onartu dute. Akordio horren helburua da enpresari denbora ematea langileen subrogazioarekin salmenta egin ahal izateko eta, aldi berean, sortutako zorra adostutako epeetan berreskuratzeko. Akordio honen barruan, gehienez bi hilabeteko iraupena duen Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente bat onartu dugu, jarduerari berriz ekin ahal izateko.

LABek, greba hasi zenean, zorra kobratzea eta lanpostuak bermatzea jarri zituen helburutzat. Akordio honekin eta jarduerara itzulita, ahalik eta epe laburrenean tailerra saldu ahal izatea ahalbidetu nahi dugu, horrela lanpostu guztiak mantendu eta sortutako zor guztia kobratu ahal izateko. Egungo bazkideekin jarraituz gero, ez litzateke etorkizuneko bermerik egongo eta tailerrak itxi egin beharko luke.

Langileek egiten duten ahalegina balioesten dugu; izan ere, ez dute lortu bazkideekin biltzea ere, hainbat eta hainbat eskakizun izan arren, azken hauen gizatasunik eza agerian geratu delarik. Prozesu horretan guztian, ez dira egoeraz arduratu, eta Administrazio Kontseiluko lehendakariak ere uko egin dio akordio sinatzeko bilerara joateari.

Egoera zail horren ondorioz, enplegua suntsitu egin da; izan ere, langileetako batzuek borondatez alde egin behar izan dute, dagozkien kalte-ordainak galduta. Ezin dugu onartu enpresen abandonuak enplegua suntsitzea, inolako ondoriorik gabe.

Beraz, akordio honek konponbidea emango dio egoerari, beste ezein langilek eskubiderik gal ez dezan.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.