2026-10-10
HomeNafarroako GobernuaAberastasuna birbanatu eta patronalak zerga gehiago ordaintzea eskatu du LABek

Aberastasuna birbanatu eta patronalak zerga gehiago ordaintzea eskatu du LABek


Ahotsa.info

LAB sindikatuak diruz betetako 40 zaku (Ali Babaren 40 lapurrei erreferentzia eginez) eraman ditu sinbolikoki Patronalaren egoitzatik Ogasunera, patronalak zerga gehiago ordain ditzan aldarrikatzeko.

Komunikabideei egindako adierazpenetan, Nafarroako bozeramaile Igor Arroyok patronala Nafarroan sortutako aberastasunaren gero eta zati handiagoa eskuratzen ari dela salatu du. 2005ean soldatetara bideratutako Barne Produktu Gordinaren zatia, gutxiengo enpresarial eta profesionalak eskuratutakoa ("excedente bruto de explotación" delakoa) baino handiagoa zen; alabaina, gutxiengo enpresarial eta profesionalaren zatia %24,43 handitu da, langileei bideratutakoa %4,79 besterik igotzen ez zen bitartean. Honela, 2009tik "excedente bruto de explotación" delakoa soldatetara bideratutako zatia baino handiagoa da. "Patronalak gure lanaren fruitua lapurtzen digu, plusbalia, geroz eta ondasun handiagoa pilatuz. Sortzen den aberastasuna birbanatu beharra dago, batetik langile guztientzat soldatak 1200 euro netotik gora igoz eta bestetik Kapitalaren errentekiko zergak igoz".

Testuinguru honetan, Nafarroako Gobernuak planteatutako erreforma fiskala ez nahikotzat jo du Arroyok, bereziki Elkarteen Zergari dagokionez. "Gobernuak enpresa handiei tipo orokorra %25etik %28ra besterik ez die igotzen eta guk uste dugu 2006an ordaintzen zuten %35 ezartzeko garaia dela". Bestetik, LABen ustez Gobernuak proposatzen duen gutxieneko zorua (%13) ere baxuegia da eta gainera ez du zentzurik zoru hori berbera izatea enpresa txiki nahiz handientzat. Ildo honetan, gogoan hartu behar da Patronalaren gertukoa den Navarra Capital komunikabideak plazaratutako elkarrizketan, Elkarteen gaineko Zergari dagokionez Nafarroako Patronalak EAEn, Estatuan eta eurozonaldean baino gutxiago ordainduko duela aldarrikatu zuela Uxue Barkosek.

Bestalde, iruzur fiskala salatu du LABek, gehienbat enpresa handiek eragin eta Europako beste herrialdeetan baino nabarmen handiagoa dena. LABen ustez, bada iruzur fiskala gutxitzeko formula eraginkorra: Ogasuneko ikuskari gehiago kontratatzea. "Gero eta ikuskari gehiago, gero eta iruzur txikiagoa, horixe izaten da legea" Arroyoren arabera "beraz eremu honetan enplegu deialdi publikoa egitea premiazkoa da".
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Eskatzen dugu Avanza autobusetako gidariek zerbitzu bereziak egiteagatik dagokien ordaina jaso dezatela

Sindikatuari, noski, oso ondo iruditzen zaio garraio-zerbitzua hobetu nahi izatea eta herritarren eta bidaiarien joan-etorriak erraztea. Gidariak eurak dira zerbitzuak behar bezala funtzionatu dezan eta eta erabiltzaileen beharrei erantzun diezaien nahi duten lehenak. Hala ere, uste dute ez dela bidezkoa neurri berri bakoitza beti jende berberaren ahalegina baliatuz ezartzea.

Intersindikalak salatu du Correosen langile falta dagoela eta azaroaren 29ko hauteskunde deialdiaren aurrean langileen profesionaltasuna zalantzan jartzen dela

Intersindikala osatzen dugun erakunde sindikalok (LAB, CIG, ESK, Intersindikal Canaria, ELA eta CNT) oso kezkatuta gaude datorren azaroaren 29rako deitutako hauteskundeen eta Correosek gaur egun pairatzen duen langile faltaren egoeraren aurrean.

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Maria Txibiteri, Nafarroan 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren alde posizionatu eta ekimen politikoa abian jartzeko

CEN patronalak CCOO eta UGTrekin akordio interprofesionala negoziatzeari uko egin ondoren, eta Parlamentuak lege-proposamena hartu ez ondoren, Nafarroako Gobernuari bide politikoa berreskuratzea eskatuko diogu...