2024-05-05
HomeLAB SindikatuaLABBide penala irekitzea erabaki dugu, oinarrizko jardueretan lanean ari diren langileak babesteko

Bide penala irekitzea erabaki dugu, oinarrizko jardueretan lanean ari diren langileak babesteko

Agerraldia egin dugu, oinarrizko lanetan ari diren langileek, sektore feminizatuetakoak gehienek, bizi duten egoera larriaren berri emateko. Zerbitzu Pribatuetako idazkari Maddalen Dorador-ek eta Zerbitzu Publikoetako idazkari Gorka Berasategik hartu dute hitza, eta langile hauek kutsatzera kondenatzen ari direla salatu dute. Hori dela eta, bide penala irekitzea erabaki du sindikatuak, tokian tokiko egoerak salatu eta Fiskaltzari arrisku egoera guztien berri emanda.

Oinarrizko lanetan ari diren langileen egoerari buruzko agerraldia egin dugu, Zerbitzu Pribatuetako eta Zerbitzu Publikoetako idazkari Maddalen Dorador eta Gorka Berasategiren eskutik. Erakundeek, berriz ere, gure bizitzak sostengatzen dituzten lanei begirunerik apurrena ez dutela erakutsi salatu dugu. Hain zuzen ere, langile hauek babes falta ikaragarriarekin ari dira lanean.

Martxoaren 13tik gabiltza esaten Euskal Herria gutxieneko zerbitzuetan jarri behar dela, oinarrizko zerbitzuetan lan egiten dutenak zaindu behar direla. Bi aste geroago, dekretatu da jarduera ekonomikoaren etetea. Orduan, eta soilik orduan eskandalizatu dira gobernu autonomikoak, patronalaren aginduetara. Ordurarte euren kabuz eta erantzukizunez itxi duten autonomo txiki horiei guztiekiko edota langabe gelditu diren milaka langile horiekiko erabateko mespretxua erakutsiz, berriro ere, gutxiengoak defendatzen dituztela agerian utziz.

Berriz ere, gure bizitzak sostengatzen dituzten lan horiei guztiekiko begirunerik apurrena ere ez dute erakutsi: helduen egoitzak, etxez etxeko laguntza, garbiketa, etxeko lanak, farmaziak, osasungintza, telemarketing, saltokiak… Osasun krisiaren aitzakiarekin guztion bizitzak zaintzen dituztenak lan egitera behartuak daude inolako babesik gabe. Are gehiago, babes neurriak industria handiaren biziraupenera bideratzen ari dira. Hau ez da kasualitatea, sistema honen diru-gosea, emakumeon bizkarrean jarritako eta ezkutatutako zaintza lan horiei guztiei esker bizi delako.

Gaur, milaka emakume joan behar dira lanera inolako babes ekiporik gabe, euren osasuna eta ingurukoena arriskuan jarriz.
Hemen adibide batzuk:

Garbiketa lanean diharduten emakumeei Administrazio Publikoak itxita dauden zentroak garbitzera behartzen ditu, gehienetan eskularrurik gabe, inoiz ez maskararekin. Horrela gertatzen ari da Hezkuntza sailaren mende dauden dozenaka zentroekin, Foru Aldundiko lan zentroekin, Eusko Jaurlaritzako bulegoekin… Eraikin horiek guztiak itxita daude, langile propioak ordutik etxean daude, baina ehundaka garbitzaile lanera joatera behartuta daude egunero, asko garraio publikoan, inolako babes neurririk gabe, une hauetan funtsezkoak ez diren lanak egiteko.

Osakidetzan eta Osasunbidean garbitzen dutenek, ordea, ez dituzte osasun arloko kontsideratzen, nahiz eta beraiek gabe ezingo litzake funtzionatu. Geletara desinfekzioak egiteko sartzen lehenak dira, baina babes ekipoak jasotzen azkenak. Arrisku berari egin behar diote aurre, baina neurri desberdinak aurreikusten dira eurentzat. Ez dute parking-erako eskubiderik, ez hoteletan lo egiteko eskaintzarik. Ez diete ezta Covid19 testak egiten gainontzeko profesionalei bezala.

Ikusezinak dira ere, gaur egun, garraio publikoak, Correoseko bulegoak, kutxazainak edota bizilagunen komunitateak garbitzen jarraitu behar duten langileak, eta ez gabiltza itxurakeriak egiten telebistan agertzen diren militar horiei buruz, ez. Ezkutatutako emakume horietaz guztietaz baizik. Aurreko astean ISS, Ilunion, Sacyr, Garbialdi, Metropoli eta hainbat enpresen aurkako salaketak ipini behar izan genituen Ikuskaritzaren aurrean, babes ekiporik gabe lan egitera bidaltzen dituztelako langile hauek, arrisku larrian jarriz. Gaur gaurkoz, ez dugu erantzunik.

Zer esanik ez Osasungintzako langileen egoeraren inguruan. Arduraz ikusten ditugu langile hauek babes neurriak lortzeko egiten ari diren deialdiak. Osakidetza edo Osasunbideako zuzendaritzak bere langileen osasuna babesten ez duenean, langileok maskarak lortzeko karitatea eskatu behar dugu? Lotsagarria da gure iritziz.

Egoera oso larria da zaintzaren eremuan, non milaka emakume egunero lanean kutsatzen ari dira. Helduen egoitzak edo etxez etxeko laguntza zerbitzuak nagusiki instituzio publikoek azpikontrataturiko zerbitzuak dira. Zerbitzu hauetan ematen ari den kutsadura mailak kolapso egoerak sortzen ari ditu. Egoera hauen aurrean langileak babes gabe aurkitzen dira eta instituzioek beste aldera begiratzen dute. Euskal agintarientzat bigarren mailako langileak izaten ari dira emakume hauek, beraien patua kutsatzea dela erabat asumitzen. Langileak kutsatu eta erabiltzaileak hiltzen ari dira, non daude gure agintariak?

Fiskaltzaren esku
Hain da egoera larria, hain da nabarmena babes falta, bide penalera jotzea erabaki dugula langileak babesteko. Fiskaltzari emango diogu arrisku egoera guztien berri, instrukzioa abiatu dezan bide penaletik.

Tokian tokiko salaketak egingo ditugu. Polizia autoritateari jakinaraziko diogu lehenik, atestatua egin dezan; lantokiaren arduradunari eta Osasun Sailari zuzenduko gara ondoren, idatziz; eta Fiskalatza joko dugu, instrukzio abiatu dezan bide penaletik.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.