2026-10-05
HomeLAB SindikatuaLABLangileok gure haserrea erakutsi dugu, osasuna, enplegua eta lan baldintzen defentsan

Langileok gure haserrea erakutsi dugu, osasuna, enplegua eta lan baldintzen defentsan

Euskal gehiengo sindikalak deituta, mobilizazio eguna bilakatu da ostirala, "Haserre Eguna" leloarekin. Goizean goizetik, Euskal Herriko langileek euren haserrea erakutsi dute lantokietan, osasuna, enplegua eta lan baldintzen defentsan. Eguerdian, etxeetako balkoi eta leihoetara zabaldu da protesta. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk bera ere haserre dagoela nabarmendu du Euskal Telebistan, "Egun On Euskadi" saioan egindako elkarrizketan. Hain zuzen ere, patronalaren neurrira egindako konfinamendu baten aurrean gaudela berretsi du, eta oinarrizkoa ez den zerbitzu oro etetea exijitu du koronabirusaren krisiari aurre egiteko. Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak, berriz, borrokan jarraitzeko deia luzatu du: "Denon artean lortuko dugu!".

Langileok haserre gaude gure osasuna arriskuan jartzen ari direlako. Langileok haserre gaude lanpostuak arriskuan jartzen ari direlako. Langileok haserre gaude lan baldintzak arriskuan jartzen ari direlako. Bada, haserre gaudela erakutsi dugu ostiralean, goizean goizetik, ehundaka protesten bitartez (IRUDI GALERIA, gure Facebook orrialdean).

Beharrezkoa da osasuna, enplegua eta lan baldintzak lehen lerroan jartzea, eta hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Confebask eta CENi eskatzen dioguna:

-Oinarrizko zerbitzuetan beharrezkoak eta efektiboak diren neurri prebentiboak ezarri
-Oinarrizkoak ez diren lan guztiak bertan behera utzi
-Enplegua bermatu
-Lan baldintzak bermatu

Euskal Telebistako "Egun on Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketan, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk adierazi du lantokietan eta norberak bere etxean haserrea erakusteko eguna dela gaurkoa: "Ezinbestekoa da herritarron presioa handitzea eta osasuna lehenesteko momentua dela argi uztea".

Enpresen ardura soziala non dagoen galdetu du Garbiñe Aranburuk, eta enpresa handien interesak defendatzen dituzten CEOE, Confebask, CEN patronalek ez dutela inongo ardurarik hartzen salatu du, eta, gainera, krisia langileek eta kutxa publikoak ordain dezatela nahi dutela berretsi du. Iñigo Urkullu lehendakariaren diskurtsoa patronalaren diskurtso bera dela nabarmendu du, patronalaren bozeramailea bailitzan.

Hala, oinarrizkoa ez den zerbitzu oro eteteko exijitu du, langileen osasuna lehentasuna delako, interes ekonomikoen gainetik.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gernika-Palestinak hilaren 8rako deitutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Elkarretaratzeak egingo dira ostegun honetan Euskal Herriko udaletxeetan, 19:00etan. LABek bat egingo du mobilizazio horiekin eta dei egiten du, munduko herrien eta langileen aurka ari den inperialismoaren aurrean, elkartasun internazionalista areagotzera.

Estatu mailan argitaratu berri den grafikagintzako hitzarmenak Arabako eta Nafarroako sektoreko langileen prekaritatea betikotzen du

LABen beti defendatu izan ditugu Euskal Herrian lan egiteko eta erabakitzeko esparruak, hemen negoziatu eta erabakitzeak lan-baldintza hobeak lortzeko aukera emango ligukeelako.

Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzuaren egoera salatu dugu Batzar Nagusien aurrean

2026ko irailaren 4an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuko ofizial guardia-burua bere Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuko etxean kokatutako komunikazio zentraleko lanpostu operatibotik bota zuen Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuko Zuzendariak. 2018tik indarrean zegoen bi administrazioen arteko hitzarmena pasa den abuztuaren 31n iraungi zela eta zerbitzuaren berrantolaketagatik Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuak bulego hori beharrezkoa zuela izan zen horretarako eman zuen argudioa. Guardia-buruaren bulegoa bakarrik ez, hitzarmenean araututa zeuden bestelako lanetarako espazioak erabiltzeko debekua ere ezarri zuen.