2024-05-06
HomeLAB SindikatuaLAB"Osasuna izan beharko litzateke lehentasuna, baina gobernuek zein patronalek jarduera ekonomikoa lehenetsi...

“Osasuna izan beharko litzateke lehentasuna, baina gobernuek zein patronalek jarduera ekonomikoa lehenetsi dute, biztanlegoa arriskuan jarriz”

LABeko Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak agerraldia egin du, mezu garbi bat luzatzeko: premiazkoa da oinarrizkoa ez den jarduera ekonomiko oro gelditzea. Hain zuzen ere, koronabirusaren krisiaren aurrean patronalak eta erakundeek erakutsitako arduragabekeria salatu du: "Urkullu, Tapia, Chivite, Confebask, CEN; non dago hauen guztien erantzukizun soziala? Nahikoa da. Oinarrizko zerbitzuak ez diren guztiak gelditu egin behar dira, eta oinarrizko zerbitzuetan dauden langile guztien prebentzio neurriak bermatu".

"Astebete igaro da etxeko konfinamendua agindu zutenetik. Helburua koronabirus pandemiaren hedatzea gelditzea da. Norbanakoen erantzukizunarekin etengabe bonbardeatzen gaituzte, eta Euskal Herriko biztanleok era egokian erantzuten ari gara, esfortzu asko eginez: umeak, gazteak, helduak, zaintza lanak etxeetan egiten ari direnak, autonomoak… Honen aurrean, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Confebask eta CEN patronalen arduragaberia eta erantzukizun sozial eza salatu behar dugu".

Horrela eman dio hasiera agerraldiari Xabier Ugartemendiak, LAB sindikatuko Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkariak. "Osasuna izan beharko litzateke lehentasuna, baina gobernuek zein patronalek jarduera ekonomikoa lehenetsi dute, langileak eta, ondorioz, biztanlegoa kutsatzeko arriskuan jarriz", adierazi du.

Ugartemendiaren hitzetan, "Industrian aktibitatearekin jarraitzea agindu dute. Langileak oso arduratuta daude. Hainbat enpresatan, osasuna bermatze aldera, itxiera eskatu eta erabaki horren aldeko ekimenak egin dituzte. Baina, patronalari bost axola zaio langile eta biztanlegoaren osasuna, etekinak pilatzen jarraitzea baitu helburu. Gobernuak, bai EAEkoa baita Nafarroakoa ere, patronalaren aginduetara daude eta mekanismo guztiak martxan jarri dituzte patronalaren interesak defendatzeko; hala nola, Osalan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua eta lan ikuskaritza desberdinak. Horrela uler daiteke Tubacex, Sidenor, Mercedes eta beste hainbat tokitan gertatu dena: prebentzio neurririk gabe, langileek lanean jarraitu behar dute. Lotsagarria. Hainbat salaketa jarri ditugu, baina gobernuek langileak lanera bidaltzen jarraitzen dute, kutsatzera bidaltzen dituzte".

Era berean, oinarrizko zerbitzuetan langileak prebentzio neurririk gabe ari direla zerbitzua ematen ohartarazi du: "Ez maskarillarik, ez guanterik, ez jaboirik, ez 1’5 metroko distantziarik… Osasungintzan lanean ari diren langileaz ari gara, zahar egoitzetan ari direnei buruz, etxez etxeko laguntzan, anbulantzietan, supermerkatuetan, garraioan… Lotsagarria hau ere. Biztanlegoari oinarriko babesa ematen ari diren langileak arrisku larrian jartzen ari dira, langile bat hil ere".

Sistema da gaixo dagoena. Agerian geratzen ari dira, modu nabarmenean, sistemaren hutsuneak: zaintza krisia, sektore publikoan eta bereziki osasungintzan izandako murrizketak…

Ugartemendiaren esanetan, "azken egunetan norabide honetan sakontzen ari den joera ikusi dugu. Milaka maskarilla bidaltzen ari dira industriako enpresetara, ospital, osasun zentro, zahar egoitza, anbulantzia edo supermerkatuetan maskarillarik ez dagoenean. Eusko Jaurlaritza berriz patronalaren aginduetara dago: jardun ekonomikoarekin jarraitzea erabaki dute, biztanlegoaren osasunaren zaintzaz arduratzen direnak abandonatuz. Berriz ere interes ekonomikoa osasunaren gainetik jarri dute".

Zentzu honetan, zenbait galdera luzatu ditu: "Nor egingo da honen guztiaren arduradun? Nor egingo da jardun ekonomikoa martxan mantentzeagatik kutsatzen diren langile eta hauen senideen arduradun? Oinarrizko zerbitzua ematen ari zaizkigun langileak, prebentzio neurri egokiak ez izateagatik kutsatuak badira, nor egingo da arduradun? Nor egingo da hil den langilearen arduradun? Eta etorkizunean hil daitezkeenena?.
LABetik argi dugu, gobernuak eta patronala egingo ditugu erantzule".

LABeko Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkariak jarraitu du galderak luzatzen: "Urkullu, Tapia, Chivite, Confebask, CEN; non dago hauen guztien erantzukizun soziala? Nahikoa da. Oinarrizko zerbitzuak ez diren guztia gelditu egin behar da, eta oinarrizko zerbitzuetan dauden langile guztien prebentzio neurriak bermatu".

Langileak, autonomoak, merkatari txikiak, biztanlegoa… denak esfortzu handia egiten ari dira pandemia gelditzeko, osasuna izan behar delako helburua. "Konfinatuak, zelatatuak, mugimenduak murriztuak, indar polizialez okupatuta eta oinarrizko askatasunak mugatuak gaude. Eta patronala nola dago? Dirua irabazten eta mehatxuka. Milaka ERTE tramitatu dira, eta hauek inposizioaren bidez ari dira kudeatzen. Ez dago negoziaziorik. Krisi hau berriz ere langileak ordaintzea nahi dute. Ehundaka langile kaleratu dira jada, prekarioenak. Gobernuek ez dute patronala interpelatzen, ezta neurririk hartzen soldatetan galerarik ez egoteko edo kaleraketarik ez egiteko ere", nabarmendu du.

Ugartemendiak erantsi bezala, "gobernuak biztanlegoaren aginduetara jarri behar dira, osasuna bermatzera, lanpostuak bermatzera eta lan baldintzak bermatzera, eta LABetik hori exijitzen diegu".
 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe

Atzo, Maiatzak 5, Bermeotik, Lekeitio, Durango eta Zeanurirarteko emergentziazko osasun asistentzia bermatzen duen Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe egon zen, Osakidetzako Larrialdietako Zuzendaritzak duen kudeaketa txarra tarteko.

Dei egiten dugu aurtengo lehenengo hilketa matxistaren aurrean Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioetan parte hartzera

Maiatzaren 3an, 34 urteko emakumea* indarkeria zantzuekin hilda agertu zen Donibane Lohitzuneko hotel batean. 2024an Euskal Herrian izandako lehen hilketa matxista izan da eta LABetik, bat egiten dugu Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioekin eta euretan parte hartzeko deia egiten dugu.

Osakidetzako zuzendaritzak ikuztegi lanak publifikatu behar ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian LABi arrazoia eman dion epaiaren ondoren

LABek antzeman zuen Santa Marina Ospitaleko ikuzketa-lanak pribatizatuta jarraitzea nahi zuela Osakidetzak. Zuzendaritzak pribatizazioaren alde egindako apustu berri horren aurrean, sindikatuak errekurtso berezi bat jarri zuen 2023ko otsailean, eta Kontratu Errekurtsoen Administrazio Organoak onartu egin zuen. Horren aurrean, Osakidetzak EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen, eta azken horrek ontzat jo du LABek aurkeztutako errekurtsoa. Hala, zeregin horiek egiteko kanpoko enpresa bat kontratatzen jarraitzea galarazi du.