2026-10-28
HomeEkintza SozialaFrantses Kanonaren aurka herri harresia osatzera dei egiten dugu

Frantses Kanonaren aurka herri harresia osatzera dei egiten dugu

Eskuin muturreko Canon Français edo Frantses Kanona taldeak antolatutako otordua egitekoa da Miarritzeko Irati aretoan azaroaren 28an. Bada, hainbat eragilerekin batera, hitzordu horri aurka egin eta herri harresia sortzeko deia luzatzen diegu langileei LAB sindikatutik.

Jarraian osorik irakur dezakezue deialdia egin dugun eragileok sinaturiko testu bateratua:

“Euskal Herriko biztanleak gara, hainbat gizarte esparrutatik gatozenak (elkarteak, sindikatuak, politika mundua, prentsa, argitaletxeak, laborantza, gastronomia, kirola zein kultura).

Gu, faxismoaren eta frankismoaren biktimen zein gudari eta erresistenteen ondorengook;
Gu, auzitegietan auzipetzeko Pierre-Edouard Stérinek jazartzen gaituen euskal militanteok;

Miarritzen antolatua den Frantses Kanona egitea eta ekitaldi horrek Euskal Herrira inportatzen ahal duen gorroto eta zatiketa dinamika errefusatzen dugu. Horregatik, heldu den azaroaren 28an, larunbatarekin, 11:00etan Miarritzeko Irati aretoan eginen den mobilizazio herritar, jendetsu, alaitsu eta determinatu batera deitzen dugu, baita izpiritu eta helburu berak partekatzen dituzten beste ekimenetara ere.

Ezin ditzakegu onartu Frantses Kanonaren asmoak:

Gurera etorri nahi dute “bizikidetza eta lurraldea biziarazteko”, baina hemen aspalditik jorratzen dugu hori, izan herrietako bestetan, Herri Urratsen, Nafarroaren Egunean, Korrikan, Lurraman, gaztetxeetan, zikiroetan, peñetan edota kaleko giroan. Eta hori guztia “saltxitxoi eta ardo gorri” aperitif haien kutsua duten otordurik gabe edota “frantses lurraldearen eta ondarearen balioa nabarmentzea” bezalako formulen beharrik gabe; izan ere, ongi dakigu halako ekimenek biztanleriaren ze zati baztertzeko helburua duten.

Bazterketa eta diskriminazioa praktikatzea eta aldarrikatzea, komunikazio itxura atsegin baten eta, aitzinetik, otordu horietan egiazki ikusten diren jokabideei buruzko kritiketatik babesteko prestatutako gutun baten gibelean ezkutatuz: beso luzatzeak, adierazpen arrazistak, jarrera sexistak nahiz agresibitate alkoholizatuak bazkari batzuei lotuak:

– Hegemonia kulturalagatiko bataila estaltzeko aitzakia da, zerga-ihesa egiten duen Pierre-Edouard Stérin miloidunak fatxosferaren zati handi batekin batera sustaturikoa Frantses Estatuan eskuin muturreko ideiak errotzeko asmoz.

-Euskal Herrian ere ospatu nahi izatea, Euskal Herriak 40 urte luzez faxismoa eta frankismoa bere eta herriaren ariman ezagutu eta pairatu zituenean, irain hutsa da.

Inoiz baino determinatuagoak gara Frantses Kanonaren aitzinean mobilizatzeko:

– Euskal Herria erbeste eta emigrazio-lurraldea izan zelako, eta egun harrera herria delako, non elkarbizitza Pierre-Edouard Stérinek sustatzen dituen ideiak nagusi diren lurraldeetan baino ainitzez hobeto gauzatzen den. Ez dugu onartuko batzuek hemen beste leku batzuetan loratzen laguntzen duten tentsio, liskar eta diskriminazio giroak inportatu nahi izatea.

– Bazterkeria operazioa baino ez delako, sinetsarazi nahi duena ustez arriskuan legokeen frantses identitatea babestea premiazkoa dela. Guri dagokigunez, geure lurraldean benetan gertatzen diren errealitateak aurrez aurre ikusten ditugu egunerokoan: horietako bat, noski, euskarak bizi duen mehatxua da, baina kinka larrian daude, era berean herrian bizitzeko eskubidea, eros-ahalmena, lan eta bizi baldintza duinak, justizia soziala eta fiskala, klima-egonkortasuna eta biodibertsitatea, laborantza-lurrak eta ura baliatu ahal izatea, bortizkeria sexual eta matxisten biktima diren emakume eta haurrak, sexu-orientazioagatiko, azal koloreagatiko edota beren erlijioagatiko erasoak pairatzen dituztenak, osasun eta hezkuntza sistema publikoa, haurren nahiz adineko pertsonen zaintzarako baldintzak, eta abar.

– Frantses Kanonaren sustatzaileak, hala nola, Pierre-Alexandre de Boisse, Géraud Du Fayet De La Tour edo Pierre-Edouard Stérin, arazo eta kezka horietatik milaka kilometrora direlako; eta sustatu nahi dituzten balio eta programak, haatik, arazo horiek larriagotzera heldu direlako.

Idatzi honen sinatzaileok gizarte inklusiboa, abegikorra eta aurrerakoia aldarrikatzen dugu: Euskal Herri bizia, aniztasunarekin eta elkartasunarekin konprometitua. Gizartean bazterkteta, beldurra eta gorrotoa zabaltzen dutenek beti izango gaituzte aurrean, halako jokamoldeek ez baitute lekurik ez Euskal Herrian, ez beste inon.

Frantses Kanonaren aitzinean, bil gaitezen eta osa dezagun giza harresi irmo bat, demokrazia, berdintasuna eta elkartasuna azkeneraino defendatzeko.

Frantses Kanona ez Euskal Herrian, ez nihun! Herri harresia!

Bil gaitezen eta osa dezagun giza-harresi bat demokrazioa, berdintasuna eta elkartasuna irmoki defendatzeko.”

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskara, baliabideak, segregazioa eta digitalizazioa dira hezkuntza arloko lehentasunak LABentzat

Sindikatuak gaur Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egindako agerraldian adierazi duenez, PISA txostena erreferentziatzat hartzen ez duen arren, datuak kezkagarriak dira. Emaitzetan eragina izan duten faktoreen artean lau dira premiaz jorratu beharrekoak: euskararen ezagutza eta erabilera indartzea, ikastetxeetako baliabideak bermatzea, segregazioari aurre egitea eta digitalizazio-eredua berrikustea.

Gipuzkoako Moeve gasolindegietako greba bertan behera utzi du enpresa batzordeak

Gipuzkoako Moeve gasolindegietako Enpresa Batzordeak urriaren 27tik abenduaren 23ra iragarrita dituen greba egunak bertan behera uztea erabaki du. LAB eta ELA sindikatuek osatzen dute Enpresa Batzordea eta ahobatezko erabakia izan da greba egunak bertan behera uztea. Iragarpen horren arrazoia bat eta bakarra da: konpainiak, CCOO sindikatua baliatuta, edozein negoziazio aukera zapuztu du hauteskunde sindikalak egiteko aurreabisua Lan Delegaritzan erregistratu baitu.

LABek CAF gela bertan behera uzteko EHUren erabakia babesten du

Sindikatuak salatu egiten du Eusko Jaurlaritzako sailburuek, eta zehazki Perez-Iglesias sailburuak, eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak egin dituzten adierazpenak. Genozidioaren kontura negozioa egitea ez da defendagarria.