2024-05-05
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaGarbiñe Aranburu: "Errealitateak erakusten du egungo sistema zorretan dagoela emakumeekin"

Garbiñe Aranburu: “Errealitateak erakusten du egungo sistema zorretan dagoela emakumeekin”


Emakume eta gizonen arteko soldata berdintasunaren aldeko eguna da otsailaren 22a. Honen bezperetan, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Idazkaritza Feministako idazkari Elixabete Etxeberriak soldata-arrakalari aurre egiteko neurriak eta honetarako martxan jarriko ditugun ekimenen berri eman dute. Hain zuzen ere, mintegi bat egingo dugu ostiralean Gasteizen. Bertan, lan guztiak modu kolektiboan eta ekitatiboan aitortzeko, berrantolatzeko eta banatzeko beharraz arituko gara; zaintza lanak, tartean.  


Soldata arrakala arazo politiko bat da, eta, horregatik, arazo hau gainditzeko bi elementu hauei heldu behar zaie:

-Lan guztiak modu kolektiboan eta ekitatiboan aitortu, berrantolatu eta banatu behar dira; zaintza lanak barne. Izan ere, emakumeak dira nagusiki zaintza lanen ardura hartu behar izan dutenak. Ezinbestekoa lana da bizitza sostengatzeko, eta lan hau gehienetan doan egin izan dute, sistema kapitalista eta jendarte orokorraren mesederako. Honek suposatu du emakumea bigarren mailan eta modu subsidiarioan egotea lan merkatuan.

-Lanean ematen den sexu araberako banaketarekin amaitu behar da. Banaketa honek emakumeak zigortzen ditu soldata okerragoa izatera, borondatearen kontrako kontratu partzialak izatera, prekarietate gehiago pairatzera.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “errealitate honek erakusten digu egungo sistema zorretan dagoela emakumeekin. Ordaindu behar zaigun zor bat dago. Zor honi zor patriarkala deitzen diogu".

Sindikatuaren helburua zaintza lanen banaketa bidegabea modu kolektiboan berrantolatzea dela berretsi du LABeko idazkari nagusiak. Bitartean, zor hori kitatzen hasteko, enpresek eta instituzioek neurri batzuk hartu behar dituztela adierazi du:

-Enpresek lanpostuen balorazio berri bat egin behar dute, ikuspuntu ez sexista batetik. Emakunde, INAI eta Gasteizko eta Nafarroako gobernuak bezalako instutuzioek pautak, tresnak eta baliabideak jarri behar dituzte balorazio hauek egiteko. Eragin faktorearen arabera baloratu behar dira lanak, bizitzaren iraunkortasunean duten eraginaren arabera.

-Horretaz gain, neurriak hartu behar dira emakumeek enplegua aurkitzeko pairatzen duten diskriminazioaren aurrean; 1.200 euroko gutxieneko soldata ezarri behar da; lanaldia 35 ordura jaitsi behar da enplegua sortzeko eta lan guztiak banatzeko, inposatutako lanaldi partzialekin bukatuz eta 20 orduko gutxieneko lanaldia ezarriz; subrogazio eskubidea bermatu behar da.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.