2024-05-02
HomeZerbitzu PublikoakIrakaskuntzaHezkuntza Sailarekin 2018an sinatutako akordioa nagusiki bete arren, lanean jarraitzen dugu Lakuak...

Hezkuntza Sailarekin 2018an sinatutako akordioa nagusiki bete arren, lanean jarraitzen dugu Lakuak hitza bete arte

Legegintzaldia amaitzear dagoela, agerraldia egin dugu EAEko hezkuntza sistemaren eta berau osatzen duten langileen baldintzak hobetzeko 2017tik hona eman diren urratsetan begirada jartzeko. Izan ere, borroka sindikalaren bidez lortutako hobekuntzak ez dira gutxi izan, eta horiek ere azpimarratu behar dira; oraindik egiteko dagoena ahaztu barik. Besteak beste, bajak lehenengo egunetik %100 ordaintzea, ordezkapenak lehen egunetik betetzea, zerrenda guztiak zabalik izatea edo soldaten murrizketak geldiaraztea izan dira lorpenen balantzan jarri beharrekoak.

2017an sindikatu guztiek bat eginik abiatu genuen greba dinamika amaierara heldu zen 2018ko maiatzaren 14ean, gehiengo sindikalak -LAB, Steilas, CCOO eta UGT- eta Hezkuntza Sailak sinatutako akordioarekin.

Ez dira gutxi akordio horretan hezkuntza-kalitatea eta langileon baldintzak hobetzeko adostutako edukiak. Orain, berriz, legegintzaldiaren amaierara heltzen ari garen honetan, LABek beharrezkoa ikusten du akordiotik lortu diren eta eskuratu ez direnen arteko balantzea egitea.

Ildo horretan, ezin aipatu gabe utzi 2018tik hona Hezkuntza Saila ordezkatzen duen Cristina Uriarteren utzikeria nabarmena. Hezkuntza Sailetik ez dute konpromiso errealik erakutsi adostutako gaiak garatzeko. Gainera, aurretik aipatutako lorpenetan urratsak eman badira, horiek esparru sozialetik egin dugun lan eta presioaren ondorio izan dira.

Akordioaren bidez lortutakoak:

• Baja egoerak ez zigortzea, eta lehen egunetik %100 ordaintzea.
• Ordezkapenak lehen egunetik betetzen hasteko urratsak ematea; akordioa sinatu aurretik, LHn 5. egunera arte eta DBHn 6. egunera arte betetzen ez zirenak.
• Zerrenda guztiak zabaltzea eta irekita mantentzea.
• Soldaten murrizketak gelditzea eta aparteko ordainsaria berreskuratzea.
• Administrazio eta kudeaketako irakasleei dagokienez, orain arteko 191 lanpostuen ordu-kreditua mantentzea eta administrari kopurua handitzea 7 eta 13 arteko gelako zentroetan.
• Behar-indize altuko eskoletan, plantillak handitzea.
• Adinagatiko murrizketan, karrerako funtzionarioek eskola-orduen herena murriztu ahal izatea, eta, datorren ikasturtetik aurrera, 59 urtetik gorako irakasle guztiek 2 irakastordu murriztu ahal izatea.
• Epe laburrean, ordezkoek eszedentzia hartu ahal izatea adostuta geratu da.

Akordioan idatzita egon arren, Lakuak negoziatu nahi ez duena:

• Egonkortasuna: irakasle ordezkoen egoera eta ikastetxeen egoera egonkortzeko prozesua.
• 60 urterekin irakastorduen herena murrizteko eskubidea ordezko irakasleentzat ere zabaltzea.
• Bateragarritasuna: lanaldi murriztuak bestelako lanekin bateratu ahal izatea lan prekarioekin amaitzeko.

Akordio honekin aurrera jarraitzeko aukerak agortu dira. Dena den, balioan jarri nahi dugu honekin lortutakoa.

Nondik gentozen ikusita, argi dugu 2018ko maiatzaren 14ko akordioaren bidez egoera hobetzea lortu genuela. Administrazioak negoziaketarako borondaterik agertu ez duenez, ordea, lan-hitzarmen berri bat abian jartzeko ahalegin guztiak egingo ditugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sindikalismotik askapen nazionala eta soziala sustatzera goaz

Krisi ekosozialak alternatiba baduela berretsi eta enpleguaren, lanaren eta ondasunaren banaketaren alde egiteko garaia da, eta hala azpimarratu dugu gaur Anaitasunan, aldarrikapenerako ez ezik ospakizunerako ere tartea utzi duen Maiatzaren Lehen honetan.

Basogintza intentsiboak 22 urteko langilea hil du Artzentalesen

Joan zen astean Artzentalesen basogintza lanetan larriki zaurituriko M.A.A, 22 urteko langilea, azkenean hil egin da zauri larrien ondorioz.

Akordio historikoa #LortuDugu Ranzari Enplegu Zentro Berezirako, langile gehienek berretsita

Joan den martxoaren 22an, LAB sindikatuak aurreakordioa lortu zuen Santurtziko lantokiko gerentziarekin, eta apirilaren 19an langileen batzarrean berretsi zen. Bada, orain hitzarmena sinatu dute.