Langileen aldeko politika birbanatzaileen alde presioa areagotzeko momentua da: errentismoaren eta espekulazioaren kontra eta soldata duinen alde.
Etxebizitza lehen mailako kezka soziala da Euskal Herrian. Langile guztioi eragiten digu, eta etxebizitzaren garestitzea eta espekulazioa langileak pobretzeko eta langileen arteko arrakaletan sakontzeko arrazoi nagusietako bat da. Etxebizitza-krisiak ez die langile guztiei berdin eragiten. Emakumeek*, bereziki guraso bakarreko familiek, langile migratuek eta arrazializatuek, gazteek eta diru-sarrera ezegonkorrak dituztenek, oztopo handiagoak dituzte etxebizitza duin bat eskuratzeko. Lehen mailako kezka soziala da Euskal Herrian.
LABen langileen aldeko politiken alde borrokatzen dugu, politika birbanatzaileak aldarrikatzen ditugu. Hori da eskuin muturrari ateak ixteko bidea. Izan ere, bete-betean bizitzen ari gara talka bat: sakonean birbanaketa politika justuen, gehiengoen interesen, eskubideen zabalpenaren, eta, oro har, bizitzaren aldeko defentsa, batetik, eta pribilegiatuen, errentismoaren, negozioaren eta kapitalaren agenda erreakzionarioa, bestetik. Talka horretan, etxebizitza eskubidearen aldeko borroka, langileak pobretzeko eta prekarizatzeko elementu nagusietako bat izanik, agenda erreakzionarioari aurre egiteko borroka nagusietako bat bihurtu da.
Martxoan gutxieneko soldata propioaren aldeko greba egin genuen Hego Euskal Herrian, eta etxebizitzan ere sindikalismo eraldatzailea egitea beharrezkoa dela uste dugu LABen. Etxebizitza eskubidearen alde, errentismoaren eta espekulazioaren kontra, maizterrak antolatzen eta ekintza sindikala egiten ari gara.
Etxebizitza larrialdiari aurre egiteko egiturazko neurriak behar dira, eta horretarako presio egin behar da. Ardura du Espainiako Gobernuak, baita EAEko eta Nafarroako gobernuek ere. Asteburuan maizterrekin batera antolatutako mobilizazioetan esan bezala, kalean, lantokietan eta instituzioetan presioa areagotzeko momentua da. Eskubide berriak irabazteko bidean, LABek ez du hutsik egingo.
EAJk, orain arte, argi erakutsi du Madrilen noren interesak defendatzen dituen: higiezinen patronalaren eta, finean, espekulatzaileen alde aritu dira jeltzaleak. Hego Euskal Herrian, berriz, etxebizitzaren eskubidearen eta gutxieneko soldata propioaren aldeko neurriei bizkarra eman diete. Horregatik, LABetik EAJri exijitzen diogu Madrilen zein Euskal Herrian langileei bizkarra ematen dioten politikak ezartzeari uko egiteko. Norabide horretan, Madrilen posible ez diren aldaketak Euskal Herrian posible egiteko aukera dagoela uste dugu LABen, egiturazko aldaketak, eta norabide horretan neurriak hartzeko exijitzen die EAEko eta Nafarroako gobernuei; etxebizitzari dagokionez, honako hauek:
-Alokairu mugagabeak ezarri eta etxebizitza prezioak jaisteko esku hartu.
-Etxegabetze guztiak gelditzeko konpromisoa. Baita bere esku dauden instituzioek egiten dituztenak ere.
-Putre funtsen esku dauden etxebizitzak berreskuratzeko neurriak, eta funtsok gure lurraldetik kanporatzekoak.
-Errentismoa elikatzen duten politika publikoak amaitu, banketxeen esku amaitzen duten diru-laguntzarik ez eman, politika fiskal progresiboa ezarri eta parke publiko indartsua eratu.
Langileon bizi baldintza duinen alde egitea soldatak hobetzeko borrokatzea da, baina baita herritar guztiek etxebizitzarako sarbidea ziurtatua izan dezaten borrokatzea da. Biak ala biak dira ezinbestekoak langileen pobretzeari eta prekarizazioari aurre egiteko. Horretarako, sindikatuak eskura dituen bitarteko guztiak erabiltzeko prestasun osoa duela adierazi dugu egunotan. Zentzu horretan, egoerak hala eskatzen duela iritzita, Hego Euskal Herrian beste sindikatuekin eta eragile sozialekin Euskal Herritik Euskal Herrirako greba orokor baterako deialdia adosteko lanean ari da LAB.

