Sektoreko langileek LABek, ELAk, CCOOk eta UGTk deitutako manifestazio batean parte hartu dute gaur eguerdian. Iruñeko Merindadeen plazatik abiatu da, negoziazioan aurrerapausoak ematea eta lan-baldintzak eta soldatak hobetuko dituen akordioa eskatzeko.
Nafarroako desgaitasuneko hitzarmenaren negoziazioak ia hiru urte blokeatuta daramatzala salatu dugu lau sindikatuok, eta honek langileen erosteko ahalmenaren galera dakar. Soldata eta lan arloan aurrerapausorik ez dagoela ere ohartarazi dugu.
Negoziazioa baldintzatzen duten zailtasunetako bat enpresek administrazioarekin dituzten kontratu eta itun aniztasuna da, baldintza eta epemuga desberdinak dituztenak. Horri gehitu behar zaio desindexazio-araudia, zenbatekoak automatikoki KPIren arabera eguneratzea mugatzen duena. Egoera honek esan nahi du sektore osorako soldata-igoera batek ez duela zertan ekarri zentro guztien finantziazioa aldi berean.
Enpresen eta erakundeen arteko ezberdintasunak ezin dira oztopo izan negoziazioan aurrera egiteko, eta hainbat egoerari aurre egiteko erantzunak eskatu ditugu. “Administrazioak eta erakundeek irtenbideak bilatu behar dituzte kasu bakoitzerako: ezin dugu itxaron zerbitzu bakoitza berriro lizitatu arte”, adierazi dugu.
Administrazioak hitzarmen iragankor bat proposatu du, %2ko igoerarekin 2026an eta %2koarekin 2027an. Sindikatuok kritikatu dugu proposamen horrek ez duela bermatzen galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea, eta, gainera, adierazi dugu 2027rako aurreikusitako igoera administrazio publikoetako langileentzat planteatutakoa baino txikiagoa dela.

