2026-10-06
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaMina del Morro ikastetxearen itxieraren kontra gaude

Mina del Morro ikastetxearen itxieraren kontra gaude

LAB sindikatuak bere desadostasuna adierazi nahi du Santutxuko Mina del Morro eskola publikoan 3 urteko gelako matrikulazioa ez irekitzeko Hezkuntza Sailak hartu duen erabakiaren aurrean.

Santutxuko Eskola Publikoetako Familiek salatu dutenez, Hezkuntza Sailak ez du 3 urteko gelan matrikulazioa irekiko urtarrilaren 27an Bilboko Mina del Morroko ikastetxean, eta Eusko Jaurlaritzak ikastetxe publikoa itxi egingo du.

Erabaki horrekin, Hezkuntza Sailak 34.000 biztanle dituen Bilboko Santutxu auzoa hezkuntza lerro publiko bat gutxiagorekin uzten du. Horretaz gainera, salatu nahi dugu Hezkuntza Sailak matrikularen gardentasun faltaz jokatu duela azken finean ikastetxearen beraren itxiera justifikatzeko. Erabaki larri horrek argi uzten du Jaurlaritzak murrizketak egiten jarraitzen duela eskola publikoan, eta lerro publikoan plaza-eskaintza txikitzeak, aldiz, matrikulazioa aukera pribatuetara desbideratzea erraz dezakeela.

Era berean, Hezkuntza Sailak Mina del Morro ikastetxearekin izan duen utzikeria salatu nahi du LABek, eta Santutxu auzoak behar duen hezkuntza-proiektua aurrera atera ahal izateko hurrengoa eskatzen diogu:

• Mina del Morroko Eskola Publikoa zabalik mantentzea, eta auzoko eta ikastetxeko hezkuntza-komunitatearekin elkarlanean ikastetxearen bideragarritasuna bermatzeko plan estrategiko bat abiaraztea, beharrezkoak diren neurriak eta inbertsioak bideratuz.

• Zonaldeko hiru ikastetxe publikoen artean (Mina del Morro Larreagaburu HLHI, Karmelo Ikastola IPI eta Luis Briñas HLHI) zonalde osoko egoera bideratzeko mahai bat osatzea, eta mahai horretan hiru ikastetxeek egiten dituzten eskaerak eta proposamenak aintzat hartzea.

LABek Santutxuko auzoak hamarkadetan hezkuntzaren alde egindako lan eredugarria azpimarratu nahi du. Auzoz auzo, eskolaz eskola Eskola Publiko, euskaldun, hezkidetzaile, inklusibo eta burujabea iruten jarraituko dugu.

Beste aldetik, LABek bat egiten du Santutxuko Mina del Morro, Luis Briñas eta Karmelo Eskola Publikoetako familiek gaur 17:00etan Basarrate plazan deitutako konzentrazioarekin, eta bere komunitateari parte hartzeko deia luzatzen dio.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Pedrosa sailburuari eskatzen diogu euskara indartzeko neurriak hartzeko, baliabide berriak ezartzeko, akordioak garatzeko eta digitalizazioaz hausnartzeko

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua Hezkuntza Batzordean izan da gaur, azken hilabetean eztabaida publikoa eragin duten PISA azterketako emaitzen inguruko azalpenak emateko eta egoerari aurre egiteko proposatzen dituen neurriak aurkezteko. Era berean, azken ebaluazio diagnostikoaren emaitzak, hizkuntza-gaitasunen egoera eta Hezkuntza Sailak hartuko dituen neurriak izan ditu hizpide.

Gernika-Palestinak hilaren 8rako deitutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Elkarretaratzeak egingo dira ostegun honetan Euskal Herriko udaletxeetan, 19:00etan. LABek bat egingo du mobilizazio horiekin eta dei egiten du, munduko herrien eta langileen aurka ari den inperialismoaren aurrean, elkartasun internazionalista areagotzera.

Estatu mailan argitaratu berri den grafikagintzako hitzarmenak Arabako eta Nafarroako sektoreko langileen prekaritatea betikotzen du

LABen beti defendatu izan ditugu Euskal Herrian lan egiteko eta erabakitzeko esparruak, hemen negoziatu eta erabakitzeak lan-baldintza hobeak lortzeko aukera emango ligukeelako.