Hezkuntza departamentuak 2025ean sinatutako Hezkuntza Itunean zein foru dekretuetan ezarritako gehienezko ratioak urratzen ditu. Kasu batzuetan, egiten den jarduera dela eta, ikasleak eta irakasleak arriskuan ere jartzen ditu.
Hasi da 2026-2027 ikasturtea Nafarroako Lanbide Heziketan. Carlos Gimeno kontseilariak abuztuan aurreratu zuen ikasturte honetatik aurrera aplikatuko zituela Nafarroako Hezkuntza Publikoaren Ekitatearen eta Kalitatearen aldeko Itunean adostutako ratioak. 2025eko apirilean sinatu zen ituna, eta horren arabera, Erdi eta Goi Mailako gehienezko ratioak gelako 20 ikaslekoak izango dira.
Oro har, badirudi hori betetzen ari dela, baina ez kasu guztietan. Ratio hori zenbatzeko, ikasle errepikatzaileak eta sartu berriak bereizi behar dira: 4 errepikatzaile dituen talde bat baldin badago, 16 ikasle berri sartuko dira. 2 badira errepikatzen dutenak, berriak 18 izango dira. Baina ez da beti horrela izaten, 20tik gorako ratioak ere bai baitira. Iruñeko ikastetxe batean, adibidez, lehen mailako bi taldetan gainditzen da muga. Erdi Mailako talde batean matrikulazio berriko 21 ikasle daude eta errepikatzaile bat; Goi Mailako beste batean, aldiz, matrikulazio berriko 20 ikasle eta bi errepikatzaile.
Are larriagoa da Erdi eta Goi Mailako bigarren mailetan gertatzen dena. Horietan ez da Ituna aplikatzen, eta, beraz, ratioak 109/2024 eta 110/2024 foru dekretuek arautzen dituzte, hurrenez hurren. Bietarako, bai modalitate presentzialean bai erdipresentzialean, 24 ikasleko maximoa ezartzen da (ikasle errepikatzaileak eta berriak barne). Baina askotan da ratioa 24tik gorakoa. Lehen aipatutako ikastetxe berean, Goi Mailako bigarren mailako hiru talde daude 28, 29 eta 30 ikaslerekin.
Ikastetxe bereko Erdi Mailako bigarren mailan 26 eta 27 ikasleko moduluak ditugu. Kasu honetan, gainera, ratio horiek bereziki kaltegarriak dira, arrisku handikoa izan litekeen jarduera egiten baita horietan. Hori dela eta, LABek behin eta berriz eskatu du moduluen bikoizketa.
Aurreko guztiarekin, LAB sindikatutik Hezkuntzari exijitzen diogu Lanbide Heziketako zikloetarako ezarrita dagoen 20 ikasleko ratioa zorrotz eta salbuespenik gabe bete dezala. Era berean, Gimeno jaunak zuzentzen duen departamentuari eskatzen diogu arautu ditzala foru dekretu edo foru agindu bidez Lanbide Heziketako irakasleen bikoizketak.

