2026-11-07
HomeEkintza SozialaEkosozialismoaGure konpromisoa berresten dugu ekosozialismoaren eraikuntzarekin eta norabide horretan aurrera egingo duen...

Gure konpromisoa berresten dugu ekosozialismoaren eraikuntzarekin eta norabide horretan aurrera egingo duen trantsizio batekin

Abenduaren 2tik 13ra bitarte Klimaren inguruko goi gailurra ospatzen ari da Madrilen, hau da, COP delakoaren 25. edizioa. Honen aurrean, ekosozialismoaren aldeko apustua egiten dugu. LABen ustez, bide honek partekatua izan beharko du eta lau printzipio barnebildu beharko ditu gutxienez: justizia eta eskubide sozialen bermea; feminismoa; ekologismoa eta planetaren zaintza; eta partehartze burujabe eta demokratikoarena.

Abenduaren 2tik 13ra bitarte Klimaren inguruko goi gailurra ospatzen ari da Madrilen, hau da, COP delakoaren 25. edizioa. COPa, Klima Aldaketaren inguruko Nazio Batuen Erakundeko organo garrantzitsuena da, estatuek erabaki kolektiboak hartzeko espazioa, alegia. Goi gailurra, hasiera batean, Txilen ospatu behar zen, baina, herrialdean ematen ari diren protesta sozialen ondorioz, gailurra Madrilera eraman dute. Zentzu horretan, LABek bere elkartasunik beroena azaldu nahi die Txileko langile klaseari eta, orokorrean, Latinoamerikan borrokan ari diren herri guztiei.

Azkeneko gailurrek erakutsi duten bezala, bilkura hauek ez diote emergentzia egoera honi erantzuten. Planetaren muga biofisikoak gainditzen ari gara eta horrek, planetarekin batera, bizitza bera arriskuan jartzen du. Beraz, ezin ditugu krisi ekologikoa eta langileon kontrako agenda neoliberala banatu: biak dira kapitalaren erasoaren parte. Goi gailur hauek, hain zuzen ere, kapitalaren metaketa planetaren iraunkortasunarekin uztartzea dute helburu, jatorritik bateraezinak diren ideiak. Horren emaitza dira azkeneko COPetan hartutako erabakiak: betetzen ez diren protokoloak, karbonoaren gaineko zerga antzuak, diruaren truk aldatu daitezken kutsadura kuotak…

Ingurumenaren defentsa, emergentzia klimatikoaren inguruan sortu den borroka eta eskubide sozialak ezin dira banatu. Hauek guztiak proposamen integral batean ulertzen ditugu: ekosozialismoa. LABek eta, oro har, kontrabotere sindikalismoak bidea dauka egiteko oraindik, baina dagoeneko alternatiba honekin konektatzen duten hainbat proposamen jarri ditu mahai gainean: lanaldiaren murrizketa eta aberastasunaren banaketa, oinarri produktibo eta erreproduktiboaren aldaketa, makroproiektuen kontrako jarrera edota sektore estrategikoen gaineko kontrol publikoa eta jarduera planifikatua.

Horrela, abenduaren 6an Madrilen antolatutako mobilizazioa eta abenduaren 7tik 13ra luzatuko den klimaren aldeko gailur soziala bide horretan aurrera egiteko beste aukera bat dira eta modu positiboan baloratzen ditugu. Era berean, instituzioei eskatzen diegu politika publikoen lehentasunak aldatu eta pertsona zein naturaren interesen alde egingo duten neurri zehatzak har ditzaten. Amaitu da Deklarazioen garaia, larrialdi klimatikoarekin amaitzeko borondate politikoa behar da.

LAB sindikatuak bere konpromisoa berresten du ekosozialismoaren eraikuntzarekin eta norabide horretan aurrera egingo duen trantsizio batekin. Bide honek partekatua izan beharko du eta lau printzipio barnebildu beharko ditu gutxienez: justizia eta eskubide sozialen bermea; feminismoa; ekologismoa eta planetaren zaintza; eta partehartze burujabe eta demokratikoarena. Ikuspegi hauek barnebiltzen ez dituen alternatiba aterabide faltsu bat izango da, izan ere, krisi sistemiko eta anizkoitzaren aurrean modu integralean erantzun behar dugu. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak urtarrilaren 30ean deitu duen Greba Orokorrak alternatiba integral horren eraikuntzan beste pausu bat izan nahi du, betiere plano propositibo eta ofentsibo batean.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ezin da pertsona zaurgarrien izenean euskararen normalizazioa zalantzan jarri

LABek erabat arbuiatzen du GUFE Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen gizarte-integraziorako teknikari lanpostuetako Lan Eskaintza Publikoa baliogabetu izana, eta horretarako argudiotzat erabili izana pertsona zaurgarrien artena euskararen erabiliera oso txikia dela. Denen eskubideak bermatzea da administrazio publikoaren betebeharra.

Dornier-eko batzordeak salatu du alde bakartasunez ezarri direla langileen kontziliazioa eta segurtasuna okertzen dituzten lan-baldintza berriak

Dornierreko ordezkaritza sindikalak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) enpresak ezarritako lan-baldintzen funtsezko aldaketa errefusatu du, negoziazio-prozesua akordiorik gabe amaitu ondoren. Gainera, Iruñeko Udalari erantzukizuna...

Greba orokorraren egunean 70 herritan baino gehiagotan egingo ditugu manifestazioak arratsaldez

Goizez iragarritako manifestazioez gainera, arratsaldeko hitzorduen berri eman dugu gaur Bilbon eta Iruñean eginiko agerraldietan. Herrialdeetako hiriburuei dagokienez, mobilizazio guztiak 18:00etan abiatuko dira. Bilbon, Plaza Eliptikotik; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik, eta Iruñean, Baluartetik.