2026-11-04
HomeEkintza SindikalaOrdubeteko lanuztea egingo dute bihar Laminaciones Arregui-Celsa Atlantic enpresan, gaixo egoteagatik kaleratutako...

Ordubeteko lanuztea egingo dute bihar Laminaciones Arregui-Celsa Atlantic enpresan, gaixo egoteagatik kaleratutako langileari babesa emateko

Laminaciones Arregui-Celsa Atlantic-eko Enpresa Komiteak zuzendaritzak egindako azken kaleratzea irmoki salatu du, fondoagatik, baina baita eduki eta formengatik ere. Lehen aldiz aplikatu dute Laminaciones Arreguin Langileen Estatutuko 52. artikulua (kaleratze objektiboa, asistentzia faltengatik). Hori eraso zuzena da langileen eskubideekiko eta langileen osasuna zaintzeko eskubidearekiko.

Honela jarraitzen du Enpresa Komiteak igorritako oharra:

Neurri hauekin gaixo egoteko beldurra sartu nahi digute, gure gaixotasunekin lan egin dezagun, kaleratzeko beldurra izanagatik. Bajen ehuneko handi bat lanaren ondorioz izan ohi da, enpresaren neurri faltengatik (katarroak eta gripeak hartzen ditugu lan inguruaren baldintzengatik, antsietatea etor daiteke segurtasunik eza eta ezengorkotasunaren ondorioz, kalte muskulo-eskeletikoak izan ohi ditugu…). Hau dena gutxi balitz, enpresak berak zigortzen gaitu orain.

Gainera, kaleratzea ziurgabetasun egoera batean gertatu da, non enpresak ez du argitu nahi zer gertatuko den 2020. urtean, 2018. urteko ERTE prozesuaren azken txanpan. Hori bai, zuzendaritzak argi utzi du zenbait bileretan (azkena, kaleratzea gertatu baino bi ordu lehenago) plantilla murrizteko beharra ikusten duela.

Enpresaren borondatea zalantzan jartzera eramaten gaitu kaleratze honek: hauxe izango al da plantilla murrizteko erabiliko duen formula? Hauxe al da negoziazio baterako eszenatokia prestatzeko estrategia? Iraganera eramaten gaitu honek guztiak, garrantzi handiko lehen iraungipen EREa etorri zen garaira. Zuzendaritzari jarrera hau alboratu dezala exijitzen diogu, 2012. urtean bizitako antzeko egoera saiheste aldera.

Enpresa Komiteak irmoki erantzungo dio kaleratze honi, edonori egokitu dakiokelako. Lan osasunerako gure eskubidearen alde egin behar dugu eta enpleguaren defentsa aldarrikatu behar dugu, lehen kaleratze honen aurrean.

Honengatik guztiagatik, ordubeteko lanuztea eta elkarretaratzeak deitzen ditugu Gasteiz eta Urbinako atarietan, abenduaren 3an, asteartearekin, 12:00etatik 13:00etara, “Laminaciones Arreguin, enpleguaren defentsan, no a los despidos por estar enferm@s” leloarekin.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du CAFek amiantoaren eraginpean langileak jartzeagatik egindako arau-hauste oso larria berresten duen ebazpena, eta enpresari erantzukizunak eskatu dizkio

Sindikatuak azpimarratu du gertakariak salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana, eta CAFri exijitu dio kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain har ditzala.

Bost langile hil dira lan istripuz azken 24 ordutan Euskal Herrian

Atzo, azaroak 3, bi heriotza gertatu ziren, Larrabetzun bata eta Laudion bestea, lehen ikerketen arabera biak istripu ez traumatikoak. Gaur, berriz, Nafarroa hegoaldean, Pitillasen, hiru langile hil dira gaur purina-gune itxi batean itota. Hala, 67 dira dagoeneko 2026an istripuz hildako langileak.

Calzadako maizterrek Farley funts putrearekin negoziazio kolektiboa abiatu nahi dute, eta Balmasedako Udalaren babesa eskatzen dute

Gaur, Farley funts putreari aurre egiten ari diren La Calzadako maizterrek hitza hartu dute Balmasedako udalbatzaren osoko bilkuran. Bi eskaera argi helarazi dituzte: Balmaseda behingoz tentsio handiko eremu gisa izendatzea, eta Farleyk negoziazio kolektiboa onar dezan eta alokairu-kontratu guztiak berritu ditzan lortzeko babesa ematea.