Asko dira pribatizatutako sektore publikoak, eta hori amaitu egin behar da, ez baita bidezkoa euskal herritarrok ordaindutako zergak enpresa pribatuen poltsikoak handitzera bideratzea. Anbulantzietako ordezkariak nazkatuta daude ikusteaz nola agertzen diren enpresa desberdinak bata bestearen atzetik, beren dirua eramanez eta gero desagertuz.
La Pau joan zenean milaka euroko zorra utzi zuen langile bakoitzarekiko, baina, azkenean argi geratu da behin eta berriz huts egiten duen sistema batek errua gainetik kentzeko erabili zuen aitzakia baino ez zela izan enpresa hori. Gainera, egoeraren errua alderdi sozialari egotzi zioten orduko hartan. Arazoa ez zen izan bakarrik La Pau, Larrialdiak, Ambuibérica eta abarren kudeaketa; arazoa kudeaketa eredua bera da. Helburu bakarra enpresa pribatuarentzako errentagarritasuna da, eta ez ongizatea, ez pazienteena, ez langileena. Eredu hori marroia gainetik kentzean datza, zergadunen poltsikoen kontura.
2024ko abenduan BIZKANB ABEEa iritsi zenean (kide nagusia ALSA taldea den Aldi Baterako Enpresa Elkartea), nola ez, enpresa adjudikaziodunen orain arteko ildoari jarraitu zion, baina oraingoan are eta modu lazgarriagoan: hitzarmenean ezarritakoa baino 30.000 euro gehiagokoak diren urteko soldatak, neurrigabeko antzinatasunak pertsona kontratatu berrientzako, bikoiztutako edo, are, hirukoiztutako lanpostuak….
Eta gutxi batzuen soldatetan ehunka mila euro xahutzen dituzten bitartean, jarraitzen dute benetan garrantzitsua den horretarako, hau da, zerbitzurako, baliabiderik jarri gabe. Osasun ekipamendua eta ibilgailuetarako langileen dotazioa arautzen duen 836/2012 Errege Dekretuak 13 urte daramatza publikaturik, eta beste horrenbeste urte dira betetzen ez dela. Ergonomiaren azterketarekin ere gauza bera gertatzen da: duela hiru urte egin zen arren, oraindik ere ez da osorik bete. Horrek langileen osasuna jartzen du arriskuan, bai, baina baita pazienteena ere. Esaterako, pazienteak mobilizatzeko gutxienez bi pertsona behar izaten dira, argi eta garbi, eta bakarra joateak arriskuan jartzen gaitu guztiok.
LAB sindikatuak dio nahikoa dela halako enpresekin; izan ere, beren interes ekonomikoak baino ez dituzte aintzat hartzen. Egoera onartezinean dauden eta hainbat irregulartasun dituzten anbulantziak ekarri izan dituzte, hainbat urtez Madrilen eta Asturiasen erabiliak. Ez da onargarria han nahi ez dituztenak hona ekartzea. Programatutako garraioaren enpresa batzordeak dotazio horien irregulartasunen berri eman izan dio enpresari, baina azken honek ez du jaramonik egiten.
Eredu honekin amaitu beharra dago, eta LABek gizarte osoarentzako justua eta duina izango den zerbitzua aldarrikatzen du.

