2026-06-17
HomeZerbitzu PribatuakMerkataritzaGipuzkoako Elikadura Industria eta Merkataritzako Hitzarmenak prekarizazioari frenoa jartzeko neurriak jasotzen ditu

Gipuzkoako Elikadura Industria eta Merkataritzako Hitzarmenak prekarizazioari frenoa jartzeko neurriak jasotzen ditu

Atzoko egunez, azaroak 18, Gipuzkoako Elikadura Industria eta Merkataritzako Hitzarmena sinatu genuen. Aurreakordioa LAB, CCOO eta UGT sindikatuok sinatu bagenuen ere, atzoko egunez lau sindikatuok, LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok, babestu genuen hitzarmena. Agerraldia egin dugu gaur, akordioaren xehetasunen berri emateko.

Markoa eta eragin eremua kokatzeko, hitzarmen honek Gipuzkoako 5.000 langile ingururi eragiten die. Industrian geroz eta emakume gehiago badaude ere, bereziki merkataritzan aurkitzen ditugun langileen gehiengoa emakumeak dira. Eta azken urteetan bereziki lanaldiaren antolaketatik etorri da prekarizazio prozesua.

Horregatik, LAB sindikatutik fokoa soldata baxuena duten edo partzialitate egoeran dauden langileengan jarri dugu. Eta gaur hitzarmenak prekarizazio prozesuei frenoa jartzeko neurri positiboa berriak barnebiltzen dituela esan dezakegu.

Ondorengo puntuak jaso ditugu;

> Soldata: atzerapenetan langileek 2017 eta 2018ko KPI kobratuko dute eta kontsolidatu. 2019, 2020 eta 2021 urteetarako, kategoria handienaren KPIa modu linealean kategoria guztiei ordainduko zaie. Modu honetan, langile guztiei eros ahalmena bermatzeaz gain, kategoria baxuenak izango dira igoera handiena izango dutenak, kategorien artean dauden aldeak areagotzea ekidinez.

> Ordu osagarriak: hemendik aurrera lanaldi partziala duten eta ordu osagarriak egiten dituzten langileek, urte amaieran, ordu hauen %30 kontsolidatzeko aukera izango dute. Modu honetan merkataritzan, modu kezkagarrian ematen den egoera bati frenoa jartzen hasiko gara eta langileei lanaldi osoetara iristeko aukerak irekitzen.

> Mozo kategoria; hemendik aurrera, hiru urteko esperientzia egiaztatzen baduzu, mozo espezialista izatera pasatuko da langilea modu automatikoan. Orain arte, mozo kategorian ez dago inolako promozio automatikorik izan eta zoritxarrez badira langileak kategoria honetan iltzatuta geratu direnak. Neurri honek bide bat eraikitzen die.

> Abenduak 24 eta 31; egun hauetan, langileen lanaldia arratsaldeko 17:00etan amaitzea adostu dugu, langileen bizitza pertsonal eta laboralaren arteko kontziliazioan lorpen bat.

> Lizentziak; hemendik aurrera medikura laguntzeko lizentzian gurasoak ere barnebilduko dira, eta haurra berriz, pediatrian den bitartean.

> Inaplikazioa: testu berri bat adostu dugu, orain artekoak bezala, lan erreformaren aurrean hitzarmena babestuko duena, eta beraz, langileen lan baldintzak.

> Komisioa: egun hitzarmenean aurkitzen diren kategorien azterketarako komisioa sortzeko konpromisoa adostu dugu. Bereziki garrantzitsua iruditzen zaigu hau hitzarmen honetan aurkitzen diren kategoria eta funtzioak zaharkituta geratu direlako, eta errealitateari erantzun beharrean, langileen prekarizaziorako tresna da.

> Berdintasun eta ez diskriminazioa: berdintasun planak garatu eta praktikan jartzeko konpromisoak hartu ditugu. Bereziki beharrezkoa ikusten dugun aldarria, merkataritza nagusiki feminizatua dela jakinda.

Hau honela, LAB sindikatutik hitzarmena positiboki baloratzen dugu, minimoak bermatzeaz gain, eduki berriak txertatzen ditugulako, egungo egoerari erantzunez eta bereziki fokoa, behar handiena duten horietan jarriaz. Eta hau orain positiboa izateaz gain, aurrera begira hurrengo hitzarmenerako hobetzeko bidean jartzen gaituela uste dugu.

Azkenik, baina ez ordea garrantzia gutxiagorekin, Sektoreko Hitzarmena mantendu izana garaipen bat dela azpimarratu nahi dugu. Bi urteko negoziaketa honetan beharrezkoa izan da patronal izan duen pasibotasunaren aurrean langileak antolatu eta kalera ateratzea. Kotxe karabanak egin ditugu, elkarretaratzeak enpresa nagusi eta patronalaren aurrean, aurpegia zuritzeko erabiltzen dituzten lasterketetan izan gara edo dendak pegatina eta kartelez josi. Delegatu eta langileen jarrera aktiboak ekarri gaitu gaurko egunera, eta helburu argiekin, eta elkarrekin lan eginaz, lan baldintzak hobe ditzakegula erakutsi dugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea erretiratzeko eta azalpenak emateko eskatu diogu Tubacexeko zuzendaritzari

Gaur egin da Tubacexek Laudion eta Amurrion dituen lantegietarako planteatutako aldi baterako lan-erregulazioko kontsultaldiko lehen bilera. Zuzendaritzak ekoizpen- eta antolaketa-kausetan oinarritutako ABEEEa (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea) jarri du mahai gainean, eta neurri hori justifikatzeko erabili nahi duen dokumentazioa entregatu du.

Eusko Jaurlaritzan hitzarmen berria negoziatzearen alde mobilizatu gara

Elkarretaratzeak egin ditugu Bilboko, Donostiako eta Gasteizko lan-zentroetan, eta administrazioari eskatu diogu benetako elkarrizketa ahalbidetu dezala.

Gernika-Lumoko Udalaren gardentasun eza salatzen dugu

Azken urtean, lana ahalik eta hobekien egin nahirik, LAB sindikatutik behin eta berriz eskatu diote Gernika-Lumoko Udalari langileen arloko hainbat gairi buruzko informazioa, hala nola kontratazioei, lan-poltsen erabilerari, lanpostuen estaldurari, funtzio-aldaketei edota giza baliabideen antolaketari buruzkoa.