2026-06-25
HomeEkintza SozialaLABen pozik hartu dugu Etxebizitza Legearen onarpena, baina neurri sakonagoak eskatzen ditugu

LABen pozik hartu dugu Etxebizitza Legearen onarpena, baina neurri sakonagoak eskatzen ditugu

Nafarroako Parlamentuak Etxebizitza Legearen aldaketa onartu du gaur. LABen ustez, lorpen hau sindikatuak eta maizterrek egindako borroka sindikalaren ondorioa da. Legea onartzeak esan nahi du alokairura bideratutako Babes Ofizialeko Etxebizitzak ezin izango direla merkatu pribatuan saldu. Hala ere, LABek uste du legea berandu iritsi dela Testa funts putreak kaltetutakoentzat eta neurri sakonagoak eskatu ditu.

Eztabaidaren aurretik, goizeko 11:00etan, Ezkabako (Txantrea) maizterrek eta LAB sindikatuak mobilizazioa egin dute Parlamentuaren aurrean. Hilabeteak dira gatazka hau abian dagoela eta alokairuko etxe horiek babes ofizialeko etxe izendapena galtzear zeuden. Ondorioa haien jabe diren funts putrek negozioa egiten jarraitzeko alokairu prezioak igo eta bizilagunak kanporatu ahal izatea litzateke.

Legearen onarpenak Ezkabako BOE etxebizitzak merkatu pribatuan saldu ezin izatea lortu dela nabarmendu du LABek. Hala ere, sindikatuak kritikatu du etxebizitzek esku pribatuetan jarraitzen dutela, eta horrek aukera ematen diola enpresa jabeari diru-onurak izaten jarraitzeko, nahiz eta diru publikoarekin eta maizterren alokairu-kuotekin ordaindu diren. Hori dela eta, kontratu mugagabeak eta prezioen jaitsiera eskatu ditu LABek, maizterren egonkortasuna bermatzeko. Sindikatuak iragarri duenez, ekintza sindikalarekin jarraituko du Ezkaban, aldarrikapen horiek defendatzeko.

Era berean, sindikatuak lege proposamen hau maizter askorentzat berandu datorrela salatu nahi du. Testa funts putrearen esku dauden 500 etxebizitza baino gehiagok dagoeneko babes publikoa galdu zuten. Etxabakoitzen, Sanduzelain, Buztintxurin, Artikan eta Arrotxapean dauden etxebizitzetan kontratuen amaierekin batera prezioen igoerak eta kaleratze arriskuak biderkatuko dira. Dagoeneko, sindikatuarentzat ezaguna den estrategiari heldu dio Testak; etxebizitza hauen kudeaketan duen ardurei muzin egin eta eraikinen egoera okertzen uztea. Maizterrak presionatu eta alde egin dezatela nahi du Testak, etxeekin negozioa egiten jarraitzeko.

Horregatik, gaurko elkarretaratzea diru publikoarekin ordaindu diren etxebizitzek jabetza publikoa izan behar dutela aldarrikatu du LABek. 500 etxebizitza hauetan dagoen gatazkari aurre egiteko aterabide justu eta merkeena, Testaren jabetzapean dauden etxebizitza hauen jabetza publikoa eskuratzea da, desjabetze prozesu bati ekinez. Aldarri horiekin, ekainaren 30ean 19:00etan mobilizazioak antolatu ditu LABek Ipar Etxebakoitz, Sanduzelai, Buztintxuri eta Arrotxapean.

Beraz, gaurkoa zoriontzeko eta borrokan berresteko eguna da LABentzat. Etxebizitza larrialdia bizi dugun honetan, ekintza sindikalaren bidez lege aldaketak eragin eta bizi baldintzak hobetu daitezke. Bakarturik nahi gaituzten honetan, modu kolektiboan antolatuta indartsuagoak gara eta LAB bide honetan langile guztientzako tresna eraginkorra izaten jarraitzeko duen bokazioari bide ematen jarraituko dio. Hau hasiera besterik ez da. Zorionak Ezkabako maizterrei lehen garaipen honengatik eta gure indarra eta kemena Testa funts putre espekulatzailearen menpe bizi diren maizterrei. Zuekin gaude, antolatzen ari gara eta borroka hau ere, irabaziko dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Laneko bajak ez direla absentismoa gogorarazi dugu, eta patronalak beharginekin haragi txikitua egiten duela salatu

Elkarretaratzea egin dugu Bilbon, haragia txikitzeko makina bat irudikatuta, etekin ekonomiko pribatuen mesedetan langileak muturrera eramatea beste helbururik ez duen diskurtsoa salatzeko.

ELIS MANOMATICek bere langileen osasuna arriskuan jarri zuen eta mehatxuekin erantzun zien 42 ÂșC-rainoko tenperaturetatik babestu zirenei

LAB sindikatutik publikoki salatzen dugu atzo arratsaldean Gallartako ELISen instalazioetan bizi izandako egoera larria. Garbitegiko langileek 3 ordu eta 15 minutuko geldialdia egin behar...

Contenurri bere betebeharrak aurrera eramateko eta atzerapausoak eta inposaketak baztertzeko exijitu diogu

Enpresa Barakaldoko Udalaren azpikontrata bat da, komunen, paperontzien, edukiontzien eta haur-parkeen garbiketa, saneamendu publikoa eta mantentze-lanak egiten dituena Bizkaiko hainbat udalerritan, besteak beste, Barakaldon. Azken horrek bost kontratu ditu enpresarekin.