2026-06-21
HomeEkintza SindikalaHHEEetako zerbitzu orokorretako langileak beharra sortzen denean bertan ordezka ditzaten exijitzen dugu

HHEEetako zerbitzu orokorretako langileak beharra sortzen denean bertan ordezka ditzaten exijitzen dugu

Dagoeneko bi ikasturte oso daramatzagu Nafarroako Gobernuko haur eskoletako zerbitzu orokorretako langileen ordezkapenak egiteko arazo larriekin. Horrelako kontratazioak, egiten badira, oso berandu egiten dira, zoritxarrez. Eta batzuetan enpresa pribatuetara ere jotzen dute kontratazioak egiteko. Horrek tentsio larria eta gainkarga handia eragiten die langileei, horretarako beharrik izan gabe.

Haur eskoletako zerbitzu orokorretako langileak ez ordezkatzeak arrisku larrian jartzen du haurren eta langile guztien ongizatea. Garbiketako eta sukaldeko langileak funtsezko zutabe dira 0-3 urtekoen zikloan. Haien lanak zuzenean eragiten du haurren osasunean, segurtasunean, garapen kognitiboan eta ongizate emozionalean, eta arlo horiek guztiak kaltetzen ari dira kudeaketa eskas horren ondorioz.

Zerbitzu orokorretako langileak ezinbesteko babesa dira infekzioei aurre egiteko. Haien lanak eragin zuzena du arlo hauetan:

  1. Osasuna eta prebentzioa: Etengabe desinfektatzen dituzte haurren aldalekuak, katuka ibiltzeko guneak, jolasguneak, bainuak eta erabiltzen diren gainerako espazio guztiak, birusen eta bakterioen hedapena murriztuz.

  2. Bigarren mailako atxikimendu-figurak dira: Haurrek egunero ikusten dituzte langile horiek. Tratu adeitsua izateak segurtasuna eta konfiantza ematen die haurrei zentroan.

  3. Hezkuntza-laguntza: Ingurunea ordenatua mantentzen dutenez, haurren kontzentrazioa errazten dute eta istripuak saihesten dituzte. Espazio garbi, argitsu eta usain onekoa izateak lasaitasuna sortzen du, eta horrek ikasgelako estres- eta negar-maila murrizten du.

  4. Protokolo seguruak: Produktu ez-toxiko espezifikoak erabiltzen dituzte, higienizazio sakona bermatzen dutenak haurren arnasketa edo larruazalaren osasuna arriskuan jarri gabe.

Horregatik guztiagatik, LABek exijitzen du beharra sortu eta berehala ordeztu ditzatela haur eskoletan lan egiten duten zerbitzu orokorretako langileak, 0- 3 zikloko haurren segurtasuna bermatzeko. EZIN DA BIHARKO UTZI HAUR ESKOLETAKO GELEN ETA GAINERAKO GUNEEN GARBIKETA!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gaur, berriro ere Udalhitzeko mahaia blokeatu dute EAJk eta PSEk, aurrerapausorik ez dutelako eman euskararen gaian zein zerbitzu publikoen kudeaketan

EAJk eta PSEek, Enplegu Publikoaren euskal Legearen moldaketaren eztabaida aitzakiatzat erabiliz, lan-hitzarmen batek jaso ditzakeen klausuletan ez dute aurrera egin nahi izan, eta merkantilizazioa...

Bilboko udal eraikinetako garbitzaileek udalari exijitu diote behingoz ardura har dezala gatazkan

Lan baldintzak hobetzeko bederatzi greba aste egin ostean, atseden hartzeko unea iritsi zaie, baina ohartarazi dute datorren ikasturtean indartsu berrekingo diotela borrokari.

Ikuskizunetako teknikarien sektoreko langileek greba egun gehiago iragarri dituzte

Patronala mugitzen ez dela eta, lanuzteei berrekingo diegu hitzarmena negoziatzen ari garen sindikatuok.