2024-05-06
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaGreba orokorrera deitu dugu urtarrileko bigarren hamabostaldirako, lan, pentsio eta bizitza duinaren...

Greba orokorrera deitu dugu urtarrileko bigarren hamabostaldirako, lan, pentsio eta bizitza duinaren defentsan


Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileetako ordezkariok agerraldia egin dugu Bilbon, datozen asteetan lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko borrokan jauzi bat gehiago emango dugula jakinarazteko: "Euskal Herrian ematen ari den mobilizazio soziala oso garrantzitsua da. Iritsi da momentua langile klaseak sustatutako borroka horiek guztiak artikulatzeko, borroka horiei guztiei bultzada berri bat emateko. Horregatik gaude hemen, dinamika mobilizatzaile bat aurkezteko, greba orokor bat mugarri izango duena", adierazi du LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk.


"Euskal Herrian ematen ari den mobilizazio soziala oso garrantzitsua da. Iritsi da momentua langile klaseak sustatutako borroka horiek guztiak artikulatzeko, borroka horiei guztiei bultzada berri bat emateko. Horregatik gaude hemen, dinamika mobilizatzaile bat aurkezteko, greba orokor bat mugarri izango duena".

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururen hitzak dira hauek, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako agerraldian esandakoak. Hain zuzen ere, Karta osatzen dugun eragile sindikal eta sozialeko ordezkariek datozen asteotan lan, pentsio eta bizitza duinaren alde elkarrekin bultzatuko ditugun mobilizazio bateratuen berri eman dugu, pentsiodunen mugimenduak atzo iragarritako mobilizazioen ildoan.

"Zertarako greba orokorra? Prekarizazioari aurre egiteko, lan, pentsio eta bizitza duinaren alde", azaldu du Garbiñe Aranburuk, eta greba orokorra urtarrilaren bigarren hamabostaldian izango dela jakinarazi du.

1980. hamarkadatik, Espainiako Estatutik hainbat lan eta pentsio erreforma adostu dituzte. Guztiak, salbuespenik gabe, norabide berean joan direla adierazi du LABeko idazkari nagusiak: "Kapitalari, patronalari, botere gehiago eman diote eta lan eskubideak eta eskubide sozialak murriztu dituzte. 2008ko krisia baliatu dute politika neoliberal hauetan sakontzeko".

Garbiñe Aranbururen hitzetan, eredu kapitalista eta heteropatriarkal honen ondorioak izugarri kaltegarriak dira langileentzat:

-Prekarietatea hedatu da lan arloan, soldatetan eta pentsioetan.

-Zerbitzu publikoaren ahultzea ekarri du murrizketen bitartez, osasungintzan, hezkuntzan zein beste zerbitzu publikoetan.

-Zaintza lanen aitortza eza pairatzen ari gara, baita zerbitzu publikoen pribatizazioa eta merkantilizazioa ere, zaintza lanekin lotura duten zerbitzuei dagokienez, bereziki.

-Babes Sozialerako sistema baten garapen eza ekarri du, behar gehien dituzten pertsonen kalterako. Dagoeneko, 522.000 pertsona bizi dira Hego Euskal Herian pobreziaren mugaren azpian.

-Bizitzaren arlo guztietara zabaldu da prekarietatea, eta aberastasunaren banaketa gero eta bidegabegoa da.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, "erreforma hauek guztiak Estatutik inposatu zaizkigu. Euskal Herrian ez dugu erabateko eskuduntzarik lan eta arlo sozialean. Horregatik defendatzen dugu erabakitzeko eskubidea. Demokrazian aurrera egitea eta burujabetza kuota gehiago lortzea lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko eguneroko borrokaren parte dira".

Dena den, Garbiñe Aranburuk esan du prekarizazio prozesua ez dela bakarrik garatzen ari Madrilek jarritako mugen ondorioz: "EAEko eta Nafarroako erakundeetan ez da borondaterik egon arlo soziolaboralean ematen ari den prekarizazio prozesua borrokatzeko. Estatuak egindako politika berak egin dituzte. Iñigo Urkullu lehendakariak berak halaxe adierazi du, inolako konplexurik gabe. Botere ekonomikoarekin daude lerrokatuta. Langileei bizkar eman diete".

Prekarietatearen hedapena eta langile klasearen banaketa lan harremanak indibidualizatzeko eta beldurra eragiteko moduak dira. Eta ziurgabetasunak eta beldurrak geldiarazten dute, "baina ez da Euskal Herriko langileen kasua. Euskal Herrian gehiengo sozial bat dago mobilizatzen ari dena. Pensiodunak, feministak, gazteak… lantokietako borroka sindikalen gorakada bat ere badago. Denok gara borroka beraren parte, denok gaude eredu bidegabe baten kontra eta justizia sozialean oinarritutako eredu berri baten alde".

LABeko idazkari nagusiak nabarmendu du denon artean baldintzak sortu ditugula mobilizazioetan jauzi bat emateko, "jauzi bat gehiago lan, pentsio eta bizitza duinaren alde borrokatzen jarraitzeko; jauzi bat gehiago patronalari mugak jartzeko, prekarietatearen alde egiten ari den apustu horretan; jauzi bat gehiago erakundeei eskatzeko politikak egin ditzatela gehiengo sozialaren zerbitzura".

Hain justu, dinamika mobilizatzaile honekin mugarri bat jarriko dugu hainbat borroka indartzeko: pentsiodunena, lantokietakoak, mugimendu feministarena, gazteena… borroka horiek guztiek bizitza duin baten aldeko borroka kolektibo berean bat egiten dutelako. "Planto egin dezagun. Gelditu behar dugu. Hemendik mezu bat bidali nahi diegu fase ekonomiko berria dela-eta atzerapen gehiago inposatzeko asmoa duten horiei: hori onartuko ez duen gehiengo sozial aktibo bat dago Euskal Herrian. Ez dugu onartuko. Grebara eramaten gaituzten aldarriak errealitate bihurtzeko borrokatuko dugu", erantsi du Garbiñe Aranburuk.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.