2024-05-04
HomeErrepresioaAnton Fernandez eta Josu Murueta gogoan izango dituzte igandean, Erandioko gas kutsaduraren...

Anton Fernandez eta Josu Murueta gogoan izango dituzte igandean, Erandioko gas kutsaduraren aurkako gatazkaren 50. urtemugan

Erandioko gas kutsaduraren aurkako gatazkatik 50 urte bete dira. Erandioko Oroimena plataformak omenaldia antolatuko du urriaren 27an, igandea, Astrabuduan, polizia frankistak orduko protestetan hildako Anton Fernandez eta Josu Murueta oroitzeko. Omenaldi horren xehetasunen berri eman dute gaur.

Hauxe da Erandioko Oroimena plataformako kideek gaurko agerraldian irakurri duten oharra:

Orain 50 urte Erandioko herritarrok kalera atera ginen gure herrian ezin zelako arnasarik hartu. Zenbait egunetan kalera ateratzeko ahoa eta sudurra estalita atera beharra zegoen, eskegitako arropak kolore horixka hartzen zuen, eta gune industrialera gehiegi hurbilduz gero, emakumezkoek zerabiltzaten mediak erre egiten ziren.

1968an, Anton Fernandez eta Josu Murueta hil baino urtebete lehenago, Bilbo Handiko eztarirko minbizi tasa Estatuko altuena zen. Hura arnasteko eta bizitzeko benetako borroka bilakatu zen.

1969ko urriko 28an polizia frankistaren bala batek Anton Fernandez jo zuen, eta 15 egun koman egon eta gero hil egin zen. Egun horietan zehar polizia batek bere gela zelatatu zuen.
Hurrengo egunean Josu Muruetak, beste hamaika herritarrek bezala, bat egin zuen Antonen heriotza salatzeko grebarekin eta Josu ere bala batek sabelaldean jo eta erahil egin zuen.

Ospitaleak, gainera, egun batzuk geroago, emazteari deitu zion jasotako osasun zaintzaren gastuak erreklamatuz.

Egun batzuk geroago, epaiketa militar bat burutu zen, baina ez zen ezertan gelditu. Ez zen azalpenik egon. Parte hartu zuten agenteen ardurarik ez zen garbitu, ezta tiro egiteko agindua eman zutenena ere, kasua itxi egin zen besterik gabe. Istriputzat jo zuten… Lur-emateak ere tanketek eta zaldizko Guardia Zibilek zelatatuak izan ziren.

Gaur, 50 urte beranduago, urriaren 27rako, 13:00etan, Astrabuduako Josu Murueta Plazan omenaldia antolatu dugu. Erandioko Udalaren banalizazio eta eduki uztea salatu nahi dugu urteurren honetan. Erandioko Oroimena plataformatik, aurreko urteetan bezala, justizia, erreparazioa eta berriro ez errepikatzeko bermeak eskatuko ditugu. Zer gertatu zen jakin nahi dugu, errudunek ardurak har ditzatela, ezin direlako lehen eta bigarren mailako biktimak egon, ordua delako eta justizia egin beharra dagoelako

Eta batez ere, Anton eta Josu gogora ekartzeko gaude hemen, beraiek eta gure herriak haize giro garbia izateko emandako borroka gogora ekartzeko. Kontatzen ez dena gertatu ez delako, ez diogu utziko gertatutakoa gogoratzeari eta gure historia kontatzeari, Anton eta Josuren historia ere badena kontatzeari azken baten.

Oroimena ez dago salgai!

Gora Anton! Gora Josu!

Anton, Josu gogoan zaituztegu!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.