2026-09-03
HomeEkintza SindikalaEusko Jaurlaritzako langileek elkarretaratzeak egin dituzte, hitzarmen berria negoziatzeko eskatuz

Eusko Jaurlaritzako langileek elkarretaratzeak egin dituzte, hitzarmen berria negoziatzeko eskatuz

LABek eta ELAk lanuztera deitu dituzte langileak, ekainaren 16ean, 11:30etik 14:30era, eta arratsaldez kasu egiten dutenen kasuan, 15:00etatik 18:00etara. Jaurlaritzako langileek 15 urte daramatzate lan hitzarmena berritu gabe, azkena 2010ean sinatu baitzen.

Urte bat baino gehiago daramate sindikatuek hitzarmenari ekarpen desberdinak egiten (2025 urte hasieratik). Administrazioak maiatzaren 26ko mahai sektorialera eraman zuen proposamenak argi utzi du azken urteko lan guztiak ez duela ezertarako balio izan, sindikatuen ekarpen gehienak kanpoan utzi baitituzte.

Bien bitartean, beste euskal administrazio batzuetan akordioak sinatu dira, Ertzaintzan edo Hezkuntzan adibidez, eta akordio hauekin alderatuz Jaurlaritzako hitzarmeneko eskubide asko atzean geratu dira.

Hori gutxi balitz, administrazioaren aldetik, kolektibo desberdinei eragin dieten aldebakarreko erabaki gatazkatsu asko pairatu behar izan dituzte Jaurlaritzako langileek urteotan: lan poltsen kudeaketa ulergaitza, adinagatiko neurriak itxaroten ari direnen blokeoa, laboralen lan baldintzei eragiten dieten etengabeko erasoak, aldebakarrez erabakitako EPE eskasak, C1-C2 taldeen “berrantolaketa” edo euskeraren babesgabetasuna.

Gauzak horrela, LAB eta ELA sindikatuek argi daukate hitzarmen ona lortzeko ordua iritsi dela. Hauek dira beren aldarrikapen nagusiak:

  • Urteko eta asteko lanaldia murriztea: 25 urte daramatzate asteko 35 orduekinn.
  • Galdutako erosahalmena berreskuratu: Madrilgo igoerek pobreago egin dituzte. Beren soldata-igoerak negoziatzeko eskubidea exijitzen dute.
  • Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzea.
  • Adinagatiko neurriak ezartzea: Beste administrazio batzuek beren langileei formula ugari eskaintzen dizkieten bitartean, Jaurlaritzan, gaur egun, ez dago aukera bakar bat ere indarrean.
  • Benetako kontziliazioa bermatuko duten neurriak eta ordutegiak.
  • Laneko osasuna lehen lerroan jartzea.

Gauzak horrela, ekainaren 16an egingo dituzten lanuzteetan parte hartzeko deia egin diete LAB eta ELAk Jaurlaritzako langileei. Lanuzteak 11:30etik 14:30era, eta arratsaldez lan egiten dutenentzat, 15:00etik 18:00etara izango dira.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek eskari zuzena egin dio FVEMi, Bizkaiko metalgintzan dagokion erantzukizunari heldu eta negoziatzen has dadin

Patronala edukirik gabe azaldu da 57.000 langile baino gehiagori eragiten dien hitzarmenaren negoziaziora. Negoziazio mahaian euskara lehenetsi du LABek, eta irekita dauden gainerako 47...

Ideia faxista eta xenofoboen aurrean jarrera irmoa behar dela aldarrikatzen du LABek

Oldarraldi erreakzionarioari aurre egiteko modurik eraginkorrena kapitalari mugak jartzea, herritar guztien eskubideak bermatzea, birbanaketa politikak ezartzea eta sakoneko agenda eraldatzaile bat aurrera eramatea dela...

LABek lau langileren kriminalizazioa salatu du martxoaren 17ko greban parte hartzeagatik

Martxoaren 17ko greba orokorrean parte hartu zuten lau grebalari Iruñeko epaitegian deklaratzera deitu dituzte gaur, atxilotzeko mehatxuaren pean. Bi delitu egotzi dizkiete: agintaritzari desobedientzia...