2026-05-28
HomeEkintza SindikalaLantokietako indarkeria matxistaren aurrean ez dago prebentzio neurririk

Lantokietako indarkeria matxistaren aurrean ez dago prebentzio neurririk

2024ko udaberrian, LAB sindikatuak indarkeria matxistaren prebentzioa lantokietako prebentzio planetan ezartzeko proiektu integrala aurkeztu zuen, eta Osalanen zein NOPLOIren esku ere jarri zuen. Bi urte geroago, proposamenak aintzat hartu gabe eta plan alternatiborik sustatu gabe jarraitzen dute.

Erasoei erantzuteko protokolo bat ezartzetik harago, erasoa bera ekidingo duen prebentziorako sistema neurgarri bat ezartzeko eskatzen du LABek eta neurri horien inplementazioa instituzioek betebehartzat jotzea, euren eskumena den heinean, guztiz premiazkoa baita.

Indarkeria matxista sistema kapitalista heteropatriarkalaren tresna nagusietako bat da, emakumeak* eta genero-identitate disidenteak zapalduta mantentzeko. Lan-munduan indarkeria hori etengabe gertatzen da, eta emakumeak*, askotan, babesik gabe aurkitzen dira; beste zapalkuntza batzuekin eta prekaritatearekin gurutzatzen baita sarritan. Lan sindikalaren ardatzetako bat da lantokiak indarkeria matxistarik gabeko gune seguru bihurtzeko baldintzak eskatzea, eta lan osasuneko prebentzio neurrietan fenomeno horrek daukan eragina kontuan hartu behar da.

Lan-munduan indarkeria matxistari aurrea hartzeak ezin du borondate kontua izan, legezko betebeharra baizik. Hori inplementatzeko neurriak eta sistemak ezarri behar dituzte instituzioek. Prebentzio sisteman integratzea ezinbestekoa da, egungo egituraketara egokituz, modu integral eta sistematikoan. Gaur gaurkoz ez da inola ere kontuan hartzen indarkeriaren prebentziorako sistemak ezartzeko beharra.

Prebentzioan, arrisku ebaluaketan zein babes neurrietan, indarkeria matxistaren eragina identifikatu, aitortu eta kontuan hartu behar da.

Enpresaren prebentzio planean atal zehatz gisa azaldu behar da hasteko; lanpostuen arrisku ebaluaketan ere modu espezifikoan jaso behar da indarkeria matxista emakumeentzako* arrisku faktore bezala, bai enpresaren barruan gertatzen denean, bai enpresatik kanpo gertatzen denean. Eta zehaztu egin behar da hori nola egin, alegia, nola neurtu eta detektatu eta zer neurri hartu. Beraz, LABek proposatzen du horretarako sistema oso bat garatzea:

  • Prebentzioan, arriskuak ebaluatuz eta lehentasunak zehaztuz. Informazioa eta formazioa ere barne bildu behar dira; eta enpresetan sentsibilizazio eta formazio planak zehaztu. Bistan da faktore psikosozialak paper garrantzitsua jokatzen duela eraso matxisten eremuan eta horien eraginean; beraz, faktore psikosozialak ere prebentzioaren atalean kontuan hartzekoak dira. Prebentzio planean atal espezifikoa behar dute.
  • Prebentzio faseak porrot eginez gero, esku hartzeko protokoloak zehaztu behar dira, fokua jarriz egoerak zuzentzeko neurrietan eta prebentzioa hobetzean.
  • Urtero langileen osasuna ikuskatzerakoan, osasun zaintza deritzon zerbitzuan, zeina enpresak eskaini behar duen, indarkeria matxista kasuak edo zantzuak arakatzeko baliabideak integratu behar dira. Balizko kasuak modu espezifikoan kudeatuko lirateke Osalanen eta NOPLOIren eta osasun zerbitzuen eskutik.
  • Proposamen honek administrazioaren ikuskatzaileak formatuta egotea eskatzen du (baita prebentzio delegatuei ematen zaizkien formazioetan prestakuntza zehatza integratzea ere, besteak beste). Noski, lan ikuskaritzak behar hori asetzeko egitura propioa eta espezializatua behar du.

LABek bere aldarriari eusten dio: Osalan eta NOPLOIk irizpidea markatu behar dute proposatutako neurriak betearaztea derrigorrezkoa izan dadin. Eztabaida ezinbestekoa da; lan munduan ere indarkeria matxistaren aurrean prebentzioa landu beharra dago.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hau ez da Nafarroako langile publikoek behar eta merezi duten Estatutua

LABen ez dugu arrazoirik ikusten testuaren aldeko botoa emateko, eta horregatik, Gobernuari eskatzen diogu testuaren tramitazioa bertan behera uzteko eta mahai O¡orokorrean berriz esertzeko sindikatu guztiekin, Nafarroako Administrazio Publikoetako langileen beharrei benetan erantzungo dien karrerako lege bat eta Estatutu bat, bakoitza bere aldetik, egiteko.

Osakidetzako mahai sektoriala antzerki hutsa da

Azkenengoetan gertatu den bezala, gaurkoan ere kategoria gutxi batzuk ordenatzera mugatu da, eta beste behin ere langileak noraezean utzi ditu, bereziki egoerarik prekarioenetan daudenak. Lan hitzarmenaren negoziazioa premiazkoa da langile guztien lan baldintzak hobetu eta zerbitzu publikoaren narriadura lehengoratze aldera.

Gipuzkoako esku-hartze sozialak hitzarmen duina behar du

Langileak hitzarmen kolektiborik gabe daude urtea hasi zenetik. Bada, egoera honek zaurgarritasun egoeran jartzen ditu berez nahiko berezia eta gizartearentzat ezinbestekoa den sektorea osatzen duten beharginak.