2026-10-19
HomeEkintza SindikalaEnplegu zentro berezietako langileek negoziazioa blokeatuta dagoela salatu, eta akordioa eskatu dute...

Enplegu zentro berezietako langileek negoziazioa blokeatuta dagoela salatu, eta akordioa eskatu dute EAErako, Espainiako Estatuko hitzarmenaren inposizioa saihesteko

Patronalak EAE mailan enplegu zentro berezietako lehenengo lan hitzarmena negoziatzeko aukera ukatzen du. Hori dela eta, LAB, ELA eta ESK sindikatuek mobilizazioa egin dute Bilboko auzitegiaren aurrean.

Agerraldi horren bidez, sektoreko langileek jarraipena eman diote martxoaren 14ko mobilizazioari; orduan, hemen erabakitako 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde egin zen greba orokorraren bueltan mobilizatu ziren. Oraingoan, berriz, LABek, ELAk eta ESK-k patronalaren kontra jarritako salaketaren ondorioz egin den epaiketa dela eta egin dute protesta. Hiru sindikatuek enpresariei leporatzen diete 13.000 langile baino gehiagori lan eta bizi baldintzak negoziatu eta hobetzeko duten eskubidea urratu izana.

Sindikatuek gogoratu dute enplegu zentro berezien sektorean aspaldidanik galdegiten ari direla negoziatzeko esparru propiotik sortuko den hemengo hitzarmen bat, langileei bizi duin eta autonomoa garatzeko aukera emango dieten lan baldintzak izateko.

Izan ere, gaur egun, langileen %80 baino gehiago ozta-ozta iristen da hileko 1.500 euroko soldatara, eta kasu askotan ordainsaria Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren (LGS) pareraino osatzen dute. Errealitate horrek agerian uzten du sektorean pairatzen den egiturazko prekaritatea.

Halaber, LABek, ELAk eta ESK-k adierazi dute administrazio publikoek erantzukizun zuzena dutela kolektibo honen garapenerako beharrezkoak diren lan- eta bizi-baldintzak bermatzerakoan. Haatik, salatu dutenez, irtenbideak bilatu ordez, administrazioek eredu horri eusten diote. Horrek sektoreko prekaritatea iraunarazten du.

Gainera, sindikatuok nabarmendu dute erakundeek bermatu behar dutela langile hauek ohiko enplegua izateko aukera, eta enplegu zentro berezietako jarduera aldi baterako izan dadila, ez behin betiko.

Horregatik, LABek, ELAk eta ESK-k galdegin diete Eusko Jaurlaritzari eta sektoreko patronalei zinezko gogoeta egin dezatela egungo ereduaren inguruan. Negoziazio mahaia eratu behar da EAEko sektoreko lehen hitzarmena lortzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzagun dei egiten diegu euskal langileei

Euskal Herritik Euskal Herrirako greba orokorra izango da, bertako patronalei eta instituzioei pobretzearen eta errentismoaren kontrako neurriak eskatzeko.

Testak kaltetutako familiek iragarri dute euren etxebizitzetan geratuko direla kontratuak amaitzerakoan

LABek eta Testako maizterrek deitutako manifestazioak 2.000 lagun baino gehiago elkartu ditu, alokairu kontratuen amaieragatik mehatxatuta dauden 500 familia baino gehiagorentzat konponbidea eskatzeko. LABek...

Lanuzteak egingo dituzte Bizkaiko Foru Aldundiko eta GUFEko langileek urriaren 21ean, benetako negoziazioa eskatzeko

Urriaren 7ko asanbladan, 400 langile baino gehiagoren babesarekin eta aho batez, plantilla osoak mobilizazioetan beste urrats bat ematea erabaki zuen. Horregatik, urriaren 21ean hiru...