LABek eta ELAk publikoki salatzen dugu Vectalia Park S.L. enpresak kudeatzen duen Bilboko garabien zerbitzuaren egoera larria, langileen eta herritarren segurtasuna arriskuan jartzen duten hainbat akats ofizialki egiaztatu ondoren.
Bizkaiko Lan Ikuskaritzak berriki egindako txostenak duela urte batzuetatik salatzen ari garena berresten du: Vectalia Parkek lanerako darabiltzan ibilgailuen egoera onartezina da, ez ditu prebentzio-betebeharrak betetzen eta plantillari presio egiten dio gutxieneko segurtasun-baldintzak betetzen ez dituzten garabiekin lan egiteko.
Dokumentu ofizialak, besteak beste, honako hau jasotzen du: “ibilgailuetan segurtasun-gabeziak daude, langileak arriskuan jartzen dituztenak”, eta “lan-ekipoak erabiltzeari utzi beharko zaio, baldin eta narriadurak, matxurak edo funtzionamenduaren segurtasuna arriskuan jartzen duten bestelako egoerak gertatzen badira”.
Era berean, Ikuskaritzak egiaztatu du Vectalia Parkek langileak behartzen dituela askotariko arriskuak dituzten garabiak erabiltzera: zabalera handiegiko palak, aginteak alderantziz dituztenak, apurtutako eserlekuak, manipulatutako sistema elektrikoak eta CE markarik eta gehieneko kargaren seinalerik gabeko gailu garraiatzaileak. Txostenak hitzez hitz jasotzen ditu halakoak: “XXXX ibilgailuaren eskuko balaztak gaizki funtzionatzen jarraitzen du”, eta “soldadurek huts egin ohi dute […] zirkulazioan dagoela gerta daiteke, auto bat garraiatzen duten bitartean”.
Horrez gain, “ordezkapen-ibilgailurik ez egoteak ekipoak erabiltzeko nolabaiteko presioa eragiten du, nahiz eta horiek gorabeheraren bat izan”.
Egiaztapen horiek egin ondoren, Eusko Jaurlaritzak 9.800 euroko zehapen larria ezarri dio Vectalia Parki, laneko arriskuen prebentzioaren arloko arau-hauste horietarako aurreikusten den gehieneko zenbatekoa.
Zehapen horrek ofizialki berresten du enpresak segurtasun-araudia urratu duela, langileak arriskuan jarri dituela eta funtsezkoa den zerbitzu publikoa arriskuan jarri duela.
Txostenak adierazten du, halaber, Bilboko Udalak ez dituela kontratuan hitzartutako bi garabi gehigarriak entregatu, eta horrek egoera larriagotzen duela eta segurtasuna bermatzeko enpresak izan dezakeen gaitasuna mugatzen duela. Ikuskaritzak jasotzen duenez, “Udalak jarri bi garabi jarri behar zituen […] baina ez da oraindik gauzatu”.
LABek eta ELAk Udalari exijitzen diogu dagokion erantzukizuna bere gain har dezala, beharrezko bitartekoak berma ditzala eta langileen eta herritarren segurtasunari zuzenean eragiten dion egoera baten aurrean beste aldera begiratzeari utz diezaiola.

