2024-05-05
HomeIndustriaMetalgintzaHistorikoa da Bizkaiko Metalgintzako langileak egiten ari direna

Historikoa da Bizkaiko Metalgintzako langileak egiten ari direna

Egun handia da, Bizkaiko Metaleko hitzarmen berri eta duina lortzeko, aste honetako 5. greba eguna eta guztira hamargarrena. Lan zentroetan produkzioa gelditu da egunero inork imajina zezakeena baino jarraipen handiagoarekin (egunero %80 inguru); eta FVEM, grebaren arrakasta ezkutatzeko, bereak eta bi egitera derrigortu dugu; gezurrak esan, mehatxatu, errepresioa erabili eta bere menpeko politikariak publikora atera behar izan ditu.

Bai FVEMek gezurrak esan ditu; grebaren jarraipen datuak guztiz ezkutatu ditu; Eldu, Vicinay, Lamincer, Pine, Kelvion, Ormazabal, Tecnichapa, Nemak, TVA, MCG, Gestamp, Bruss, CIE taldea, Cemvisa, Ona Electroerosion… amaigabea da langile gabe edo minimotan, produkziorik atera ez duten edota guztiz itxita egon diren enpresen zerrenda.

Grebatara iritsi baino lehenagotik, bere esku zegoen dena egin du, langileak mehatxatu eta beldurtzeko; enpresaz enpresa kaleratzeekin, EREak sartzearekin, enpresa itxi beharko zutela esanez, kontraturik ez zietela berrituko esanez…

Grebalarien aurkako errepresioa ere etengabea izan da; ertzainek ez zuten sarritan enpresetara gerturatzen ere uzten (Arcelor Etxebarri edota Elorrioko Betsaide adibide bi) informatzeko duten eskubidea bera ere urratuz, jendea non nahi identifikatuz, jendea kolpatu dute eta grabatu (baita piketeetatik kanpo kaletik oinez gindoazela ere).

Eta Urkullu, Erkoreka edota Azpiazu bezalako sasi-politikariak publikoki ateratzera behartu dituzte prekarietatea babestuz.

Hori izan da aste honetako patronalaren estrategia; langileok sufritzen dugun prekarietatea mantendu nahi dute kosta ala kosta; horretarako kapital-boterea, botere-politikoa eta botere poliziala erabiliz.

Txanponaren beste aldean, ordea, Bizkaiko Metaleko langileak eta borroka honetan lagun ditugun eragile, mugimendu eta norbanakoak daude; mehatxu guztien gainetik, gogor, duintasunaren banderari eutsiz. Sektoreko langileekin batera ikasleak, Ernai, pentsiodunak, Harro Plataforma, Eragin, besteak beste, eta hainbat herritar gaude; eta denoi esker, sektoreko borroka bat, herri borroka bihurtu dugu! Herri-boterea, elkartasuna, harrotasuna eta duintasuna ezaugarritzat dituen borroka sortu dugu Bizkaiko Metalean.

Aste honetako kronika ezberdinak irakurtzerakoan, istiluak eta herritarren kexak entzun ditugu; kronika interesatuak, noski. Balkoietatik jaso ditugun txaloak eta animoak, komertzio ezberdinetatik maitasunez eta irrifartsu begiratu gaituzten langileak, taxi gidarien txaloak, kotxe edota kamioi gidarien bozina hotzak… Babesa eta berotasuna da guri iritsi zaiguna; gure borrokarekiko elkartasuna eta miresmena.

10 greba egun, 240 borroka ordu, baina hau ez da bukatu, Bizkaiko Metaleko Hitzarmen duina eta berria lortuko dugu:

– Hitzarmen duina lortuko dugu, prekarietatearekin bukatzera goaz eta ez dugu amore emango! Subrogazio eskubidea eta kontratazio duina. Emakume eta gizonen arteko berdintasunarekin eta lan osasunerako neurri duinekin batera.

– Ez dugu inolako atzera urratsik onartuko; patronalak Lege Erreformak eta botere politikoa ditu bidelagun (negoziazio kolektiboaren erreforma eta Urkullu-PNV, besteak beste, argi gelditu den bezala); guk Bizkaiko Metaleko Hitzarmena eta duina izango da, edo ez da egongo!

– Herria saltzen duen politikariak dimititu beharra dauka! Urkullu bidali curriculuma Confebaskera, baina utzi langile herria bakean!

Astelehenean milaka izango dira bere lanpostuetara bueltatuko diren langileak, aurrera daramaten borrokarekin harro, baina oraindik ere bukatu ez denenaren segurtasunarekin; denon artean lortuko dugu hitzarmen duina! Gora Bizkaiko Metalgintzako langileak!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.