2026-10-07
HomeZerbitzu PribatuakBidaiarien garraioaEkialdebusen zerbitzu duina eta langileon osasuna lehentasun izan behar dira

Ekialdebusen zerbitzu duina eta langileon osasuna lehentasun izan behar dira

Lurraldebusen Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko zerbitzua da Ekialdebus, eta LABen uste dugu eguneroko jardunean lan egiten duten baldintzek eragin zuzena dutela bertako langileen osasunean. Onartezina da errentagarritasun ekonomikoa lantaldearen ongizatearen gainetik jartzea. Horregatik, enpresari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuari eskatzen diegu berehala har ditzatela dauden arazoei konponbidea emateko neurriak.

Hala, lehenik eta behin ordutegi errealistak eskatzen ditugu; izan ere, ezinbestekoa da ibilbide-denborak trafikoaren errealitatera eta egungo erabiltzaileen bolumenera egokitzea. Lan-denborak zerbitzuaren benetako beharretara egokitzea ez da kapritxoa, baizik eta lan-osasunaren bermea. Zentzu horretan, enpresari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuari eskatu diegu ibilbideak egiteko denborak handitzea, baita baliabideak benetan indartzea ere (autobus gehiago eta espedizio gehiago), astelehenetik igandera.

Bestalde, lantaldea indartzeko beharra ere begibistakoa da. Ekialdebus funtsezko elementua da Oarsoaldearen eta Bidasoaldearen arteko mugikortasunerako, 2025erako aurreikusitako 10.700.000 erabiltzaileek erakusten duten bezala. Hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuak marka historikoak nabarmendu arren, errealitatea bestelakoa da: eskariak eskaintza nabarmen gainditu du, eta horrek zuzenean eragiten die langileen eskubideei eta osasunari.

Garraioaren dirulaguntzak eta hamabost urtetik beherakoentzako doakotasuna neurri sozial positiboak dira, eta hala baloratzen ditugu. Hala ere, horien ezarpena ezin da soilik langileen bizkar utzi. Erabiltzaileen igoera ez da gure lan-baldintzen eta osasunaren kontura izan behar.

Aurreko guztia aipatuta, LABen uste dugu premiaz hartu beharreko neurriak direla honako hauek: plantilla handitzea, ibilbide-denborak egokitzea, langileak kalitatezko zerbitzu publiko baten funtsezko elementuak direla aitortzea eta autobus nahiz espedizio gehiago ipintzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hobekuntza gehiago lortzeko aukerak egon arren, Arabako kirol jardueretan deitutako lanuzteak desaktibatu dira

LABek patronalari eduki gehiago ateratzeko aukera zegoela uste bazuen ere eta burututako asanbladetan borroka mantentzea defendatu duen bitartean, gainerako sindikatuek nahikotzat jo dute patronalaren azken proposamena eta, ondorioz, asteazkenean, urriak 7, hastekoak ziren lanuzteak bertan behera uztea defendatu dute.

LABen greba orokorrerako prest gaude, eta deialdia adosteko lanean ari gara beste sindikatuekin

Langileen aldeko politika birbanatzaileen alde presioa areagotzeko momentua da: errentismoaren eta espekulazioaren kontra eta soldata duinen alde.

Bizkaiko suhiltzaileak kalera itzuliko dira berriz, lan-osasuna bermatzeko neurriak eskatzera

Bizkaiko Foru Aldundiko Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko suhiltzaileek mobilizazioei ekingo diete berriro, eta bihar, urriaren 7an, kalera aterako dira osasunaren eta segurtasunaren arloko hobekuntzak aldarrikatzeko, bai eta beren kategoriako errekonozimendu profesionala aldarrikatzeko ere. 11:00etatik 12:00etara egingo dute mobiliizazioa, Batzar Nagusietatik abiatuta, Bilboko Hurtado Amezaga kalean eta Foru Jauregiaren aurrean amaituta, Kale Nagusian.