2026-05-09
HomeEkintza SindikalaIkuskizun eta ekitaldietako teknikarien sektorean greba deitu dugu

Ikuskizun eta ekitaldietako teknikarien sektorean greba deitu dugu

LAB, TEKNIKARIOK, ELA, ESK, CCOO eta UGT sindikatuak gara deitzaile, eta maiatzaren 15a izango da greba eguna, sektore horretan deituko dugun lehendabizikoa, hain zuzen ere.

Testuinguruan kokatzeko, honaino ekarri gaituzten arrazoiak azaldu nahi dizkizuegu lehenik. Bi urte baino gehiago pasa dira ofizialki EUKI patronalarekin negoziatzen hasi ginela. Helburua bat eta bakarra: sektoreko lan-harremanak Hitzarmen Kolektibo baten bidez arautzea. Sinestezina dirudien arren, sektoreak oraindik ez du hitzarmen kolektiborik. Lanaldi amaigabeak eta lana antolatzeko sistema jasanezinak arau, bertako langileen lan eta bizitza kontziliazioa ezinezkoa da. Beste sektore batzuetan pentsaezina da Langileen Estatutua ez-betetzea; ordea, gurean, eguneroko ogia da.

Bi urte eta gero negoziazioen blokeo-egoeran, ondorioztatu dugu patronalaren borondate bakarra dela Langileen Estatutuaren legezkontrakotasunak eta arau urraketak inolako konpentsaziorik gabe arautzea.

Sindikatu antolatzaileok ezin dugu bermatu hilaren 15eko ekitaldiak normaltasunez egingo direnik. Teknikarien esku dagoen guztia (soinua, argiztapena, bideoa, eszenografia, ekoizpena, karga eta deskarga…) dago kolokan. Partzialki edo guztiz. Gainera, ulertu dezakezuen bezala, borroka eguna da; horregatik, gutxieneko konpromiso bat eskatzen dizuegu. Kontzientzia piztu nahi dugu boloak aurrera ateratzeak esan nahi duela teknikari batzuk grebarekin bat ez egitea, eta, beraz, beraien sektoreko prekarietatea amaitzeko borrokan ari diren lankideei bizkarra ematea. Bestalde, gogorarazten dugu ekitaldi askotan elkarretaratzeak, pikete informatiboak eta mobilizazioak izango direla.

Gure eskubideen aldeko borroka hau sektore osoaren duintasunaren aldeko borroka gisa ulertzen dugu, eta, beraz, deialdi hau zabaltzen diegu, ekitaldi- eta ikuskizun-eredu arduratsu eta jasangarri batean sinesten duten pertsona eta erakunde guztiei.

Halaber, izan ditzakeen ondorioak aintzat hartu ditzazuen, jakinarazi nahi dizuegu greba-egun honetako ordutegia maiatzaren 15eko (ostirala) goizeko 3:00etatik maiatzaren 16ko (larunbata) goizeko 3:00etara izango dela.

Hau da sektorean egiten dugun lehen greba, baina hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzen ez bada, ez dugu baztertzen ekintza sindikala gogortzea eta mobilizazio eta greba-egun gehiago iragartzea. Beraz, egoera hori saihesteko, zuen esku dagoen guztia egiteko eskatzen dizuegu.

Milesker zuen arretagatik eta partekatzen dugun ekitaldi eta eszenatoki bakoitzaren atzean lan-baldintza duinak dituzten langileak egon behar direla ulertzeagatik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Garbiñe Aranburu eta Urko Aierbe: “Euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidearen alde, kalera!”

Hemen duzue Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorraren eta Urko Aierbe Euskara idazkariaren iritzi artikulua. Bihar larunbata, maiatzaren 9an, manifestazioa deitu dugu Bilbon, "Euskaraz bizitzeko eta...

Eragile euskaltzale nagusiek bat egiten dute LABek, ELAk eta STEILASek larunbatean deitutako manifestazioarekin

Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera, Bilgune Feminista, Aldatu Gidoia, Nabarralde edo Pantailak Euskaraz bezalako taldeek atxikimendua eman diote euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde larunbat...

LABek ez du sinatu Osakidetzako Garapen Profesionalaren dekretu “berria”

Osakidetzako Mahai Sektorialaren azken bileran, LABek ez du Garapen Profesionalaren dekretu berria sinatu. LABek 2021eko uztaileko Garapen Profesionalaren ezohiko deialdia bultzatu eta sinatu zuen bi...