Orain arteko politika klimatikoen “porrotaren” aurrean, politika neoliberalak jopuntuan izango dituen eta jabetza publikoan oinarrituko den trantsizio ekosoziala defendatzen du Sweeneyk. LAB kide duen Trade Unions for Energy Democracy sindikatuen arteko sarearen koordinatzailea da.
Martxo hasieran, Sean Sweeney Trade Unions for Energy Democracy (Sindikatuak Energia Demokraziaren Alde) erakundearen koordinatzailea hartu genuen Bilboko LAB sindikatuaren egoitzan. Hona hemen izandako elkarrizketaren zati bat.
Nazioarteko sare horrek 2012tik sustatzen du, sindikalki, jabetza publikoko trantsizio energetiko baten eskaera. Eskaera hori egin izan du NBEren klimari buruzko goi bileretan, eta Rosa Luxemburgo fundazioarekin eta Transnational Institute erakundearekin kolaboratu izan du. Azken urteotan, Sean Sweeneyk kritikoki aztertu ditu Europako merkatu elektrikoaren liberalizazioa eta Europako Batasunak planteatutako erreformak. Maila orokorragoan, TUEDek sindikalismo konfrontatiboaren alde egin du, elkarrizketa sozialetik harago joango dena eta trantsizio justu baten alde egingo duena.
Zer da TUED? Nola eta zergatik sortu zen? Zein jarduera bultzatu ditu azken hamarkadan?
TUED —Trade Unions for Energy Democracy— ingelesezko siglak dira, euskaraz Sindikatuak Energia Demokraziaren Alde. 50 herrialdetako 130 sindikatuk osatutako sarea da. Energia demokrazia terminoa uraren mugimendutik sortu zen, uraren demokrazia-tik hain zuzen, eta Bolivian du jatorria. Duela 25 urte inguru, borroka garrantzitsuak egon ziren han, eta sindikatu eta gizarte mugimenduen sare batek ura pribatizaziotik babesteko borrokatu zuen.
TUEDek ez ditu sindikatuen erabaki politikoak ordezkatzen. Horren ordez, TUEDeko taldeak sarea koordinatzen du. Bileretara deitzen dugu eskualde mailan, eta, sarearen hazkundearen ondorioz, hiruhileko bilerak egiten ditugu orain Latinoamerikan, Afrikan eta Asia-Pazifikoan. Kide berri asko Hego Globalekoak dira.
Gure mezu nagusia da ez dugula onartzen politika neoliberalaren arabera definitzen den trantsizio energetikoa. Batez ere, eraginkorra ez delako eta ez duelako isuriak murriztea lortzen. Aldaketa klimatikoari, existentzia bera mehatxatzen duen heinean, jabetza publikoen bidez heldu behar zaiola defendatzen dugu. Guretzat, trantsizio justuak zabalagoa izan behar du, eta politika neoliberalak jopuntuan jarri behar ditu. Izan ere, politika horiek, eraginkorrak ez izateaz gain, sozialki atzerakoiak dira, eta langileak behartzen ditu trantsizioaren kostuak beren gain hartzera. Aipatutako ikuspegi horrek, partzialki, azaltzen du zergatik dagoen gaur egun politika klimatikoa krisi sakonean. TUEDek nazioarteko testuinguruan egiten du lan, energia publikoa defendatzeko eta hori irtenbide klimatiko moduan sustatzeko, ez soilik enpleguari edo zerbitzuei eragiten dien afera gisa. Eztabaida hori zabaltzea dugu helburu.
Zertan dira trantsizio justuaren eta horren bueltako borrokak eta politikak egun, Europa mailan? Nola iritsi gara egungo agertokira, zeinetan atzera egiten ari den politika klimatiko eta energetikoetan lehiakortasunarekiko kezkagatik?
Aldaketa baten lekuko izaten ari gara; ez Europan bakarrik, baita maila globalean ere. TUEDek luze idatzi du honi buruz, eta, egia esan, egoera aurreikusi zuen. COVIDaren aurretik, klima aldaketaren kontrako mugimenduak indarra hartzen ari zela, zabaldutako ustea zen erronkari heltzea borondate politiko eta anbizio kontua baino ez zela. Lider anbiziotsuek deskarbonizaziora bideratuko gintuztela uste zen. Itxaropen hori desagertu egin da.
Orain, mundu mailako zeregin nagusia da aurrekoarekiko ezberdina den trantsizio politika klimatiko eta energetiko bat garatzea, aurrekoak porrot egin baitzuen. Horretarako urteak beharko dira, ziurrenik, klima aldaketaren kontrako ekintzen aurkeko erresistentzia hazten ari baita, eta liderrak deskarbonizaziorako hartutako konpromisoak alde batera uzten ari baitira. Arrazoi argiak daude horretarako: klima babestetik espero ziren irabaziak ez dira gauzatu, eta, ondorioz, proiektuak diru laguntzekiko geroz eta menpekoagoak dira, eta politikoki agerikoagoak. Eskuinak aprobetxatu egin du hori, diru laguntzak erasotuz eta klima aldaketaren zientzia zalantzan jarriz. Horrek politika klimatiko neoliberalaren desintegrazio azkarra ekarri du; hainbestekoa, ezen, klima-ekintza laster diskurtso politikotik ere desagertu baitaiteke.
Mugimendu gisa, borroken hurrengo olaturako prestatu behar dugu; ez klimaren ingurukoetarako bakarrik, baita desberdintasunaren, gerraren, austeritatearen eta gure garaiko krisi zabalagoen aurkako borroketarako ere. Klima aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko ikuspegi ezberdin bat artikulatu behar dugu, iraganeko akatsetatik ikasiz. Europan, konpromisoetan atzera egitea nabaria da, baina joera hori beste eskualde batzuetara hedatzen ari da, Hego Globala barne.
Zer gertatzen da Hego Globaleko herrialdeekin? Zer ondorio ditu Nazioarteko Ordena Ekonomiko Berri horrek haien trantsizio energetikoan?
Duela gutxi TUEDek Mexiko Hirian egindako konferentzia batean —TUED-Hegoaren Eskualdearteko Konferentzian—, Latinoamerikako, Asia-Pazifikoko eta Afrikako sindikatuek, Ipar Globaleko parte hartzaileekin batera, Nazioarteko Ordena Energetiko Berri baterantz izeneko dokumentua eztabaidatu zuten. Izenburua Nazioarteko Ordena Ekonomiko Berriari buruzko eztabaida historikoetan ispiratuta dago. Konferentziak ondorioztatu zuen politika klimatiko berri bat sortuz gero, Hego Globalak lidergo papera bete behar duela, horretarako duen gaitasun teknikoa dela eta. 1950eko hamarkadatik 1980ko hamarkadara bitarteko Nazioarteko Ordena Ekonomiko Berriaren jatorrizko eztabaidetan ez bezala —garai hartan Hego Globaleako herrialde askok garapen bide independenteak bilatzen zituzten, baina, petrolio krisiaren eta hiperinflazioaren ondorioz, bulkada galdu zuten—, egungo testuingurua desberdina da. India, Txina, Brasil eta BRICSen gorakadarekin, gaitasun tekniko handiagoa dago Hego Globalak gidatutako ondasun publikoen agenda globalean aurrera egiteko.
Txinak berak ere “oparotasun moderatuaren” ideia ekarri du berriki, planetaren mugak onartuz. Mezua argia da: bizi maila onargarriak lortu badira, zergatik jarraitu ekosistemak suntsitzen? Hizkuntzaren beraren aldaketak aukera berriak iradokitzen ditu. “Arauetan oinarritutako ordena” deiturikoaren kolapsoak, Mark Carney Kanadako lehen ministroak aipatu moduan, hutsune bat sortu dezake.
Sindikatuak pieza bat baino ez dira puzzle horretan, baina, eraldaketaren ikuspegi argi bat artikulatzen badugu —antikapitalista dena; are, sozialista dena—, orain gauden tokietatik etorkizun horretarako bidea ere marraztu beharko dugu. Energia sistemak eta horien kontrola funtsezkoak dira horretan. Energiarik gabe, industria manufakturak, banketxeek eta beste guztiak huts egiten du. Energia sistema kontrolatzea gakoa da ekonomia politiko kapitalistaren norabidea aldatzeko.

Zer paper bete beharko lukete sindikatuek agertoki horretan? Zer garrantzia du lantokietan antolatzeak, politika publikoak exijitzeak eta nazioez gaindiko langileen antokauntzak?
Langile gehienak, baita klase kontzientziarik ez dutenak ere, erabat, kezkatuta daude ingurumen kalteekin eta klima aldaketarekin. Hala ere, politika klimatikoak proposatzen direnean, langileek maiz sentitzen dute beraiek ordaintzen dutela prezioa —kutsaduraren gaineko zergen edo bestelako kostuen bidez—. Frantziako jaka horien borroka horren adibide argia izan zen: langileek bazekiten gasolina litroko 50 zentimo gehiago ordaintzeak ez zuela karbono isuririk murriztuko, baina, aldiz, eragina izango zuela haien poltsikoetan. Ez zegoen ingurumenean irabazirik; galera ekonomikoa baino ez.
Alemanian, eskuinak energia berriztagarrien kostuek eragindako argindarraren faktura altuak aprobetxatu ditu politika klimatikoa erasotzeko. Baina, mugimendu gisa, argudiatu beharko genuke merkatu elektrikoen egitura, irabaziak bilatzen dituena, dela energia berriztagarria hain garestia izatearen arrazoia, eta hori alda daitekeela. Etorkizuneko politika klimatikoak horri heldu behar dio. Bide publikoak agenda sozial, ekologiko eta ekonomiko zabalago baten parte izan beharko luke. Zaila dirudi irudikatzea, baina ez dakigu bost urteren buruan mundua nolakoa izango den. Programatikoki prestatu behar dugu.
Badira adibideak Hego Globalean. Mexikon, gobernuak energia sistemaren zati handi bat birnazionalizatu du. Modu guztiz irekian aldarrikatu du energia politika neoliberalaren amaiera, eta energia berriztagarrien agenda anbiziotsu bati heldu dio. Horrean atzean ez daude arrazoi klimatikoak bakarrik. Ameriketako Estatu Batuetako gas inportazioekiko menpekotasuna murrizteko asmoa ere badago, arrisku geopolitikoa baitakarkio. Beste herrialde batzuk enpresa pribatuekin dituzten kontratuak bertan behera uzten ari dira, sarritan doikuntza pragmatiko gisa, trantsizio kontziente baten parte gisa baino gehiago. Afrikan, non kontinentearen erdiak elektrizitaterik ez duen, lehentasuna energia eskasiari aurre egitea da.
Sindikatuek oraindik funtsezko zeregina dute honetan guztian. Mundu mailan, baliabide gehien dituen gizarte mugimenduetako bat izaten jarraitzen dugu, duela 30 urte baino ahulagoak izan arren. Beste mugimenduekin alderatuta, baliabideak eta esperientzia historikoa ditugu. Baina gure ekarpen nagusia programatikoa izango da: ohiko talde ekologistetatik argi bereizi behar dugu. Sarritan gure aliatuak badira ere, batzuetan arazoak planteatzen dituzte: pribatizazioaren aldeko markoak planteatu dituzte edo jabetzaren inguruko jarrera anbiguoa hartu dute. Enpresek marko politikoen barruan jarduten dute —asko pribatizaziora eta merkantilizaziora behartu ziren 1990eko hamarkadan—. Lege neoliberalak iraultzea eta bide publikoaren arkitektura berri bat eraikitzea ezinbestekoa izango da. Espero dezagun hurrengoan eraginkorragoak izatea.

