2026-10-25
HomeEkintza SindikalaLABek Hezkuntza Saileko Heziketa Bereziko hezitzaileen baliabideen esleipen irizpideen negoziazio eza salatu...

LABek Hezkuntza Saileko Heziketa Bereziko hezitzaileen baliabideen esleipen irizpideen negoziazio eza salatu du

LAB sindikatuak hainbatetan salatu du Hezkuntza Sailaren Aniztasun eta Inklusio Departamentuak Heziketa Bereziko baliabideen inguruko negoziazioan erakutsitako borondate falta eta aldebakartasuna. Horregatik, Heziketa Bereziko hezkuntza laguntzako espezialistek egoera hau publikoki salatu dute Eibarren.

2024ko abenduan LABek, Heziketa Bereziko II. Lan Hitzarmena sinatu zuen. Hitzarmen horretan argi jasota dago hainbat gai alde sozialarekin negoziatu behar direla; tartean baliabideak esleitzeko irizpideak. 

Eskola publikoak hain beharrezkoak dituen Fisioterapeutak, Gizarte-langileak, Transkriptorea-Materialaren egokitzaileak, Hezkuntza laguntzeko espezialistak, Zeinu hizkuntzako interpreteak eta Okupazio terapeutez ari gara. Baliabideak esleitzeko irizpideetan negoziatu behar dira, besteak beste, ratioak, arreta-intentsitateak eta ikastetxe bakoitzari dagozkion langile kopuruak. Hau da, irizpide horien arabera erabakitzen da zentro bakoitzaren beharrizanen arabera zenbat langile egongo diren atxikituta. Gainera kolektiboak dituen jardun erdiko lanpostuak osora pasatzeko plana aldarrikatu dute. Horregatik, irizpide horiek egoki zehaztuta eta adostuta egotea ezinbestekoa da langileen atxikipena, lekualdatze prozesuak, LEPa eta etorriko diren gainerako prozedurak berme guztiekin antolatu eta garatzeko, baita ere heziketa bereziko ikasleei bere beharretara egokituko den arreta emateko baliabide pertsonalak.

Hala ere, administrazioak gai hau itxitzat eman du eta ikasturte honetan zehar aldebakarrez hartu ditu erabakiak, LABek egindako ekarpen, proposamen zehatz eta landuak kontuan hartu gabe eta inongo azalpenik eman gabe. Jarrera horrek Lan Hitzarmenaren garapena urratzen du, baita negoziazio kolektiborako oinarrizko eskubidea ere.

LABek behin eta berriz helarazi ditu bere kezka eta egonezina, bai idatziz bai negoziazio mahaietan. Azken bileretan gaiari berriz heltzeko asmoa adierazi bada ere, gaur gaurkoz ez da benetako negoziaziorik izan.

Egoera hau bereziki larria da, esan bezala, baliabideen inguruko akordioak lehentasunezkoak baitira premia bereziak dituzten ikasleei hezkuntza arreta egokia emateko eta baita ere lan arloari lotutako prozesu guztiak berme osoz garatzeko, baita etorkizuneko LEP deialdiak behar bezala gauzatzeko ere. 

Horregatik guztiagatik, LABek, Heziketa Bereziko sektoreko langileekin batera egoera hau publikoki salatu du, zuzenean eragiten duten aldebakarreko erabakiak. Era berean, administrazioari benetako negoziazioari berehala ekin diezaion exijitu dio. Heziketa Bereziko langileen lan baldintzak eta ikasleen arreta ezin dira inposizioen eta aldebakarreko erabakien menpe egon.

Negoziazio hau bideratu ezean mobilizazioa baino ez zaiela geratuko argi utzi dute. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Etxebizitza politika okerren eta utzikeriaren ondorioa da Gasteizko etxegabetzea

Gasteizko Udalak larrialdi egoerei aurre egiteko baliabideak eta etxebizitza parke publikoa ez zaintzeak ekarri du egoera hau.

Vicinayn proposatutako kaleratzeak eta ABEE berria arbuiatzen ditugu, eta operazioaren atzean dauden interesei buruzko zalantza adierazi dugu

Plantillak hainbat urte daramatza Aldi Baterako Erregulazio Espedienteak pairatzen eta sakrifizioak egiten, eta orain enpresaren jarduerarekin loturiko arazoak ere langileek ordaindu behar izatea onartezina da sindikatuarentzat. Damaso Quintanak bultzatutako eta Eusko Jaurlaritzak babestutako operazioaren lehentasuna, enplegua eta Vicinayren industria-etorkizuna bermatzea baino, enpresaren lursailak ez ote ziren planteatu du LABek.

Amarratzaileen aurkako jazarpen sindikal larriaz ohartarazi du LABek, eta langileen antolaketarekiko konpromisoan berresten da

Sindikatuak agerraldia egin du Bilboko Portuan, sektorean askatasun sindikalaren aurkako erasoak etengabeak direla salatzeko eta arduradunei argi uzteko LABek ez duela bazter utziko langile klasearen eskubideen alde borrokatzeko bere betebeharra. Enpresak LABeko hiru ordezkari kaleratu ditu eta hainbat zigor ezarri ditu, mehatxuak eta xantaia baliatzeaz gainera.