2026-06-11
HomeEkintza SindikalaLABek eta ELAk elkarretaratze bat deitu dute Lanbiden, lan-eskubideen galera eta eredu...

LABek eta ELAk elkarretaratze bat deitu dute Lanbiden, lan-eskubideen galera eta eredu berriak segurtasun juridikorik ez duela salatzeko

LAB eta ELA sindikatuek —Lanbiden ordezkaritza sindikalaren gehiengoa dutenek— elkarretaratzea deitu dute gaur, erakundearen egoitza nagusiaren aurrean, lan-eskubideen galera eta zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa ezarri den izaera juridiko berriaren ondoriozko berme falta salatzeko.

LAB sindikatuak ohartarazi du eredu-aldaketa bat-batean eta modu kaotikoan egiten ari dela, eta horrek ondorio larriak dituela langileentzat. Ildo horretan, Lanpostuen Zerrenda (LPZ) berriaren negoziazioa funtsezko faktoreak kontuan hartu gabe garatzen ari dela kritikatu dute, hala nola zerbitzuen dimentsionamendua, lan-kargak edo irizpide objektiboen aplikazioa.

Era berean, salatu dute bitarteko langileen tasa %40tik gorakoa dela, eta adierazi dute Lanbideko zuzendaritzak orain arte ez duela benetako irtenbiderik proposatu langile horiek erakundean integratzeko; ez du EPE deialdirik egin, ezta lan-poltsarik sortu ere.

LABen arabera, langileen lan-eskubideak murrizten ari dira, eta hori agerian geratzen da, besteak beste, osasun-zaintzako laguntza-zerbitzuaren galeran eta telelana egiteko eskubidearen mugaketan. Gainera, herritarrei arreta euskaraz emateko bermea eta hizkuntza horretan lan egiteko aukera murriztu direla ohartarazi dute.

Langileek zalantza handiak dituzte integrazio- edo laboralizazio-prozesuaren inguruan. Izan ere, prozesu horrek ez du aldez aurreko egonkortasun-planik, eta ez du bermerik eskaintzen langileen eskubideak errespetatuko direnik.

Bestalde, LABek eskatu du Lanbitelen egiturazko zerbitzua erakunde publikoaren plantillan integratzea, Lanbideren funtzionamendurako funtsezkoa dela iritzita.

Azkenik, euren aldarrikapen nagusia argia da: Lanbideren egungo izaera juridikoa leheneratzea, berriro Administrazio Orokorreko erakunde izan dadin, izaera publikoa eta langileen egonkortasuna bermatzeko. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bizkaiko zaintzako langile pribatizatuak eta enplegu zentro berezietakoak borrokarako prest gaude eta borrokara goaz

Pribatizatuta dauden zaintza-zerbitzu publikoetako LABeko ordezkariek (egoitzetakoek, esku hartze sozialekoek, etxez-etxeko laguntza zerbitzuetakoek, Beti-ON-ekoek eta aniztasun funtzionalekoek) eta enplegu zentro berezietakoek sektore bakoitzeko errealitateak...

Jarraipen zabalarekin abiatu da Nafarroako grafikagintzako greba eguna

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok Grafikagintzako sektoreko greba eguna izaten ari den jarraipen zabala nabarmendu nahi dugu, Nafarroan sektoreko Hitzarmen Kolektiboa berreskuratzea eskatzeko deitua, 2014tik AEGRAN patronalaren erabakiaren ondoren indargabetuta dagoena.

Mecanizados Mecarrek arriskuan jartzen du langileen osasuna

Ekoizpen eskakizun neurrigabeak beharginen ongizatearen gainetik ipintzea egotzi dio LABek enpresari. 20 langileko enpresa txikia da Mecanizados Mecar, Zaldibarren dagoena, Euskal Herria kalean, eta Bizkaiko...