26 manifestazio egingo ditu LABek Euskal Herriko eskualde eta hiriburuetan; Baionan eta Maulen intersindikalarekin mobilizatuko da.
Deialdi bakoitzeko kide banarekin, 26 lagunekin batera, agerraldia egin dute Donostian Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak eta Maider Jauregi Komunikazio arduradunak, aurtengo Maiatzaren Lehenerako LABen deialdiei erreferentzia eginez. Langileok eragin lelopean, langileek bizimodu duina bermatzeko ezinbestekoak dituzten hiru neurri zehatz aldarrikatuko ditu sindikatuak: etxebizitza eskubidea, kalitatezko zerbitzu publikoak eta soldata nahiz pentsio duinak.
Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak nazioarteko testuinguruari egin dio erreferentzia: “Munduari begiratzen diogunean, zanpaketa eta gerra ikusten dugu nonahi: Palestina, Venezuela, Kuba, Groenlandia, Libano, Iran… Zein izango da hurrengoa? Trump eta Netanyahu bezalako faxista eta genozidek jopuntuan dituzte munduko herriak eta langileak. Eta euren menpe jarri dira Europako agintari gehienak. Mozorrorik gabe azaltzen zaigu kapitalismoa: sistema bortitza, koloniala, heteropatriarkala da”.
Arroyok ohartarazi duenez, finantza-krisiarekin, pandemiarekin edota Ukrainako gerrarekin gertatu bezala, Ekialde Hurbileko gerraren faktura langileei ordainarazten saiatuko da patronala, prezioak garestituz eta enpleguari nahiz lan-baldintzei eraso eginez. Horri erantzunez, LABek irmoki adieraziko du gerraren aurkako mezua Maiatzaren Lehenean.
Agerraldian nabarmendu dute testuinguru ekonomiko ezegonkorrak langileen aldeko politikak egiteko premia areagotzen duela: “Hasteko eta behin, langile guztiei eta pentsiodun guztiei gutxieneko diru-sarrera bat bermatu behar zaie, hots, gutxieneko soldata eta gutxieneko pentsio duina. Hori aldarrikatu zuten martxoaren 17an 100.000 lagun baino gehiagok Hego Euskal Herriko kaleetan”.
Era berean, enpleguaren defentsan borrokan ari diren langileak gogoan izan ditu Arroyok; hala nola, greba mugagabean diren Aiaraldeako bi enpresetakoak, Maderas de Llodio eta Tubos Reunidos. “Euren enpleguaren eta, ondorioz, soldataren alde borrokatzen ari dira, baita eskualdeko eta, oro har, Euskal Herriko etorkizunaren alde ere”.










Era berean, gogor kritikatu du patronala, greba orokorrari entzungor egin izanagatik: “Mahaian esertzeari uko egiten diote, badakitelako gure proposamena bidezkoa eta bideragarria dela. Grebaren egunean esan genuen bezala, patronalak, ezezko bakoitzarekin, bere burua desprestigiatzen du, eta euskal sindikatuon posizioa indartzen. Hemen, Espainiako Estatuan ez bezala, badago borrokarako prestasuna eta indarra daukan sindikalismoa”.
Ildo beretik, Greba Orokorra egin eta hilabetera “elkarrizketa soziala” instituzionalizatzeko Eusko Jaurlaritzak Confebask, UGT eta CCOOekin batera iragarritako asmoa deitoratu du LABek: “Confebask gutxieneko soldataz negoziatzera behartu beharrean, bere neurriko eszenifikazio bat antolatu du Pradalesen gobernuak. UGT eta CCOO euren zerbitzura jarri dira, finantzazio handiago baten truke. Hiru aldiz da salagarria: euskal langileen beharrei muzin egiten dielako, gehiengo sindikalari bizkarra ematen zaiolako eta atxikimendu politikoaren salerosketaren eskeman oinarritzen delako”.
Arroyoren esanetan, Pradalesek irudikatu nahi izan duen aldaketa ezerezean geratu da: “osasun mahaia sindikatu guztien iritziaren kontra itxi zuen; bi herri ekimen legegile eztabaidatzeari uko egin zion; eta orain gutxiengo sindikalean oinarritzen da gehiengoaren ordezkagarritasunari eta eskariari muzin egiteko. Pradales Urkulluren kopia bilakatu da”.
Horrelako amarruek porrot egingo dutela iragarri du, gainera: “Euskal langileek sindikalismo borrokalariaren aldeko hautua egiten dute; hala erakusten du LABen etengabeko hazkundeak. Euskal langileek badakite antolakuntza eta borroka kolektiboa direla gure eskubideen alde egiteko bidea. Antolakuntza eta borroka kolektiboaren bidez posible da munduan, Europan eta bereziki Euskal Herrian beste eredu bat eraikitzea”.
Ildo honetan, gutxi batzuen etekinak baino, denon bizitzak erdigunean jarriko dituen eredua aldarrikatuko du LABek Maiatzaren Lehenean. “Birbanaketa politikak ezarri behar dira Euskal Herrian; enplegua, zaintza lanak eta ondasuna banatzeko politikak”.
- Gutxieneko soldata eta pentsio duina denontzat, bizitzaren garestitzeari aurre egiteko. Arrakala matxista, arrazista, eta belaunaldi-arrakalarik ez.
- Zerbitzu publikoak sendotu, hezkuntza, osasuna edota zaintza eskubidea bermatzeko.
- Etxebizitzaren gaineko espekulazioarekin amaitu.
- Industrian trantsizio ekosoziala bideratu eta enplegua defendatu.
Maiatzak 1 Mobilizazioak 2026
Araba
1. Oion 12:30 Herriko plaza
2. Gasteiz 12:30 Probintzia plaza (Diputazioa)
3. Laudio 12.00 Herriko plaza
Nafarroa
1. Doneztebe 12:00 Merkatu plaza
2. Lizarra 12:00 Udaletxea
3. Turera 12:00 Foruen plaza
4. Iruñea 12:00 Gazteluko plaza
5. Altsasu 12:00 Foruen plaza
6. Tafalla 12:00 Tafalla plazatik
Ipar EH
1. Baiona 11:00 Santa Ursula plaza
2. Maule 11:00 Kioskoan.
Gipuzkoa
1. Donostia 12:00 Easo plaza
2. Eibar 12:30 Untzaga
3. Orereta 12:00 Herriko plaza
4. Zumaia 12:00 Beheko plaza
5. Hernani 12:30 Gudarien Plaza
6. Tolosa 12:00 Trianguloa
7. Ordizia 12:30 Plaza Nagusia
Bizkaia
1. Bilbo 12:00 Zabalburu
2. Algorta 12:30 Telletxe
3. Durango, 12:00 Landako
4. Portugalete 12:30 Carlos VII metro-sarrera (Baruri omenaldia eta manifa)
• 1. zutabea Santurtziko parkea 11:30
• 2. zutabea Sestaoko Kasko plaza 11:30
5. Basauri 12:00 Arizgoiti plaza
6. Igorre 12:00 Lasarte plaza
7. Bermeo 12:30 Lamera
8. Lekeitio 12:30 Eskolape

