2026-10-14
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaLABek hitzaldiak eta erakusketa ibiltaria antolatu ditu Idazkaritza Feministaren 30. urteurrenean

LABek hitzaldiak eta erakusketa ibiltaria antolatu ditu Idazkaritza Feministaren 30. urteurrenean

Duela 30 urte sortu zuen LABek Emakume* Idazkaritza, gaur egun Idazkaritza Feminista dena. Arlo horretan ere aitzindaria izan zen sindikatua eta, bide horretan, ez dira gutxi izan lortu dituenak. Urteurrenaren testuingurua orain arte egindako genealogia kolektiboaren aitortza ariketa bat egiteko baliatu nahi du sindikatuak, sindikalismo feminista zer den, zeinen beharrezkoa den eta zer ekarpen egiten duen azpimarratzeko, eta orain arteko ibilbide kolektiboa goraipatzeko. Horrela, sindikatuaren konpromiso eta estrategia feminista berretsiko ditu sindikatuak.

Horrez gain, borroka feministan LABen aliatuak diren hainbat kiderekin sindikalismo feministaren erronken inguruan hitz egiteko parada hartuko du sindikatuak. Horretarako, apirila eta maiatza artean hitzaldiak antolatu ditu LABek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, memoria, gogoetak eta aurrera jarraitzeko indar kolektiboa biltzeko asmoarekin. Gainera, Idazkaritza Feministaren 30 urteetako ibilbidea jasotzen duen erakusketa ere ikusgai egongo da.

Jarraian dituzue izango diren hitzaldiak:

-Apirilaren 16an, 18:30ean. Klase sindikalismo feminista. Hizlariak: Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusi ohia eta Anna Gabriel Herrialde Katalanetako ezker independentistako kidea. Bilbon, Biran.

Maiatzaren 7an, 18:30ean. Bazterretatik, erdigunea disputatzera! Hizlariak: Pastora Filigrana, abokatua eta SAT sindikatuko kidea; Carol Clemente sexu langilea eta LABeko afiliatua eta Maider Avaristo Emagineko kidea. Donostian, Kaxildan.

Maiatzaren 14an, 18:30ean. Nola egin (dugu) sindikatu bat feminista? Hizlariak: Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra, Arantxa Vazquez LABeko zeharlerroetako arduraduna eta Txaro Martinez Argote Esmaltaciones San Ignacioko langilea eta LABeko ordezkari ohia. Gasteizen, LABen egoitzan.

Maiatzaren 28an, 18:30ean. Feminismoak (ere) sindikalismoa behar du? Hizlariak: Luci Cavallero Argentinako Ni Una Menos kolektiboko militantea eta aktibista feminista, Ekhiñe Petriati Euskal Herriko Bilgune Feministako kidea eta Irune Costa LABeko dinamizatzaile feminista. Iruñean, Geltokin.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ospitaleetan mobilizatu gara Osakidetzari eskatzeko gure aldarrikapenei eta langileen beharrei erantzun diezaiela

Osakidetzak sindikatuei bidalitako akordioaren lehen zirriborroak ez du soldata-hobekuntzarik jasotzen, eta hori Eusko Jaurlaritzak 2027. urterako aurrekontuak ixten dagoen bitartean; azpimarratu behar da arau horrek osasun publikorako partidak zehaztuko dituela. LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok berresten dugu ezinbestekoa dela mobilizazio dinamikarekin jarraitzea.

Maiatzetik gaur arte izan diren 14 lan heriotza berri azaleratu ditugu, datu ofizialetan ezkutatuta zeudenak

Azaleratutako datu berriek 60 hildakotan kokatu dute 2026ko kontagailua, eta, hala, azken urteetako datu lazgarriak berretsi dira.

Enplegu Publikoko Zuzendaritzak bazter utzi du hitzarmenaren negoziazioa: 16 urte hitzarmenik gabe eta egutegirik ez

Gaur, urriak 13, Eusko Jaurlaritzako eta Organismo Autonomoetako langileen ordezkaritzaren eta Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren arteko alorreko mahaia bildu da. LAB sindikatuan oso larritzat jotzen dugu Lan Harremanetako zuzendari berriak bertan azaldu duen jarrera.