2026-03-25
HomeEkintza SindikalaLan istripuek ez dute etenik Euskal Herrian

Lan istripuek ez dute etenik Euskal Herrian

Atzo ilunabarrean, Legutioko Olatek enpresan (Egoin taldekoa), zamatze lanetan ari zen 41 urteko garraiolaria istripu traumatiko baten ondorioz hil zen. Honekin, aurten jada 14 langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian.

LAB sindikatuak ordezkaritza zabala du Olatek enpresan. Ditugun datuen arabera, garraiolaria bera ari zen zerrautsa deskargatzen, eta zama gainera erori zitzaion; zauri larriek heriotza eragin zioten.

Istripuaren izaera ikusita, argi dago oraindik ere zamatze prozeduren inguruko neurri prebentiboak ez direla lantoki gehienetan ezartzen, nahiz eta legeak 1997tik derrigorrezkotzat jo. Zamatze lanen prozedurek, azpikontratatutako garraiolariaren urrats guztiak arautzeaz gain, enpresako langileenak ere jasotzen dituzte. Esan gabe doa koordinazio horretan azpikontratatutako garraiolariaren segurtasun bermeak kontratatzailearen ardura direla. Berriro ere prebentzioak huts egin du, eta hildakoa langilea da, ez enpresaria.

Hala ere, enpresek inpunitate osoz jokatzen dute lan osasuneko araudia urratuz, badakitelako ez Osalanek, ez Ikuskaritzak, ez Lan Agintaritzak ez dituztela benetako neurri zigortzaileak hartuko. Politika horiekin inpunitatea betikotzen da. Iaz, Hego Euskal Herrian ia 100.000 istripu traumatiko izan ziren, eta hori horren adibide argia da.

Egoera honen aurrean, Olatek enpresako langileek 24 orduko lanuztea egingo dute gaur gauetik hasita, eta bihar, ostegunean, 11:00etan kontzentrazioa deitu dute lantokiaren atarian.

Beste garraiolari bat hilik Gasteizen

Atzo bertan, LAB sindikatuak jakin zuen BARCO MOTOR S.A. enpresako 58 urteko garraiolaria istripu ez traumatiko baten ondorioz hil zela. Istripua hilaren 19an gertatu zen, langilea bere kamioian zegoela; azkenik, atzo hil zen.

Hernanin zauritu larria

Astelehen arratsaldean, Hernaniko COMINTER enpresan, astebete eskas lanean zeraman Aldi Baterako Lan Enpresa (ABLE) bateko langileak istripu larria izan zuen. 200 kiloko objektu bat gainera erori zitzaion, eta harrapatuta geratu zen.

Azpikontratatutako langileak eta, bereziki, ABLEtakoak dira prebentzio neurri eskasenak pairatzen dituztenak. Gainera, istripuaren ondoren langilea ospitale batetik bestera eraman zuten anbulantzian (Poliklinikatik Mutuara, eta azkenik larrialdi zerbitzu publikoetara), ABLEko langilea izanik prozedura argi ez zutelako. Istripua izan zuenetik artatua izan zen arte denbora luzea igaro zen. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako Gurutze Gorriko langileek aurrerapausoak eskatzen dituzte 449 egun hitzarmenik gabe igaro ondoren

Nafarroako Gurutze Gorriko Batzordeak (LAB, CCOO, UGT) salatu du 449 egun igaro direla hitzarmen berririk sinatu gabe, aurrekoa 2024ko abenduaren 31n iraungi zenetik. Ordutik,...

UGT, CCOO eta patronala aliatu Nafarroarentzako gutxieneko soldata baten aurka

LABek eta ELAk martxoaren 17ko grebaren ostean asteazken honetan egitekoa zen beste bilera bat deitu zuten, baina UGTk, CCOOk eta CENek berriz ere uko...

LABek Tubos Reunidosen EEEa gauzatu izana salatu du, eta enpleguaren eta industria-etorkizunaren aldeko konpromisoa berretsi du

LABek publikoki salatu nahi du Tubos Reunidos enpresak EEEa gauzatzeko hartu duen erabakia. Erabaki horrek, beste behin ere, berretsi egiten du enpleguaren suntsiketan, altzairugintzaren...