2024-05-02
HomeZerbitzu PublikoakKomunikabideakLanpostuak EITBko langile bat gaixotu du, eta urtebete geroago enpresak prebentzio neurririk...

Lanpostuak EITBko langile bat gaixotu du, eta urtebete geroago enpresak prebentzio neurririk hartu gabe segitzen du

Alberto Santos EITBko Prebentzio buruaren kargugabetzea eskatzen dugu.

Lanpostuak EITBko langile bat gaixotu du eta urtebetean enpresak ez du inolako urratsik eman egoerari irtenbidea emateko. Hori dela eta, LABek beharginaren osasuna bermatzeko premiazko neurriak berehala hartzeko eskatu dio zuzendaritzari.

Halaber, EITBko Osasun eta Segurtasun Batzordearen eraginkortasun eza salatu behar dugu, ez dituelako eskatutako prebentzio neurriak hartu eta auzi honetan daukan ardurari uko egiten saiatu delako.

2018ko martxoan, EITBko kazetari bati lipoatrofia erdizirkularra izeneko laneko gaixotasuna antzeman zioten. Orduz geroztik hainbat osasun azterketa egin dizkiote: Osakidetzan, Quironen (EITBri osasun zerbitzua ematen dio enpresa) nahiz Mutualian. Denek diagnostiko bera egin dute: lanpostuak eragindako lipoatrofia erdizirkularra gaitza daukala.

Bajarik eskatzen ez duen gaixotasun arraroa da lipoatrofia erdizirkularra. Jatorria argi ez badago ere, enpresetako lan-baldintzek eragiten dutela diote adituek: hezetasun mailak, elektrizitatea estatikoak… Emakume gazteei eragiten die bereziki eta sintomak izterretan agertu ohi dira: lurrazala hondoratu egiten da, itxura erdizirkularreko hondoratzeak sortzen dira.

Osalanen protokoloan oinarrituta, Mutualiak hainbat gomendio egin dizkio enpresari, besteak beste, EITBko erredakzioan elektrizitate estatikoa eta hezetasuna neurtzea, kaltetutako langilearen lanpostuaren azterketa egitea eta kasu gehiago egon daitezkeen egiztatzea. Ildo berean, beharginari jarraipena egiten ari zaio eta dagoeneko bi aldiz berretsi diote -azkeneko osasun azterketa maiatzean egin zioten- gaixorik jarraitzen duela.

Hala ere, urtebete luzean Osasun eta Segurtasun Batzordeak ez du neurririk hartu eta ez ditu Mutualia enpresak berak egindako gomendioak bete. EITBn horrelako gaitzak sortzea ezinezkoa dela esaten du enpresak, mediku txostenek kontrakoa adierazi arren.

Gainera, gogoratu behar dugu honakoa ez dela lehendabiziko kasua: M4F azpikontratak erabiltzen zuen erredakzioan -EITBko egoitzan- beste kasu bat eman zen duela sei urte; eta Bizkaiko Ogasunaren egoitzan beste hiru kasu antzeman ziren 2008an. Beraz, gutxienez bost kasu izan dira EITBk egoitzatzat duen Bilboko eraikinean.

Hori guztia jakinda, zergatik ez du neurririk hartzen EITBk? Ikertzen hasita kasu gehiago agertuko diren beldur al dira? Eraikin gaixoa al da EITBren Bilboko egoitza? Zein da batzorde horren funtzioa lanpostuak gaixotu duen langile baten osasuna eta segurtasun bermatzea ez bada?

Gauzak horrela, LABek ondoko neurriak berehala har ditzala eskatzen dio EITBri:

-Lanpostuak gaixotutako langilearen osasuna eta segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren protokoloak abian jartzea.
EITBko erredakzioan elektrizitate eta hezetasun maila neurtzea.

-Gaixotasuna antzeman zaion langilearen lanpostua behar bezala ikuskatzea.

-Kasu gehiago egon daitezkeen egiaztatzeko, ikerketa zorrotz bat egitea.

-Informazio kanpaina bat martxan jartzea, EITBko langile guztiek jakin dezaten gaixotasun hori zer den, nola sortzen den eta lanpostuaren arriskuak zeintzuk diren.

-EITBko egoitza elektrizitate estatikoari eta hezetasunari aurre egiteko prestatuta dagoela izan da orain arte ezer ez egiteko eman den arrazoia. Bada, hori hala dela frogatzen duen dokumentazioa (txostenak, ziurtagiriak…) langileon ordezkarion esku uztea eskatzen dugu.

Era berean, Alberto Santos EITBko Prebentzio buruaren kargugabetzea eskatzen dugu, bera baita arestian aipatutako neurriak abian jarri ez izanaren erantzulea eta, ondorioz, bere karguak eskatzen duen ardurarekin jarduten ez duela uste dugulako.

Neurri horiek guztiak abiarazten ez diren bitartean, hots, EITBko Osasun eta Segurtasun Batzordeak bere funtzioak arduraz betetzen ez dituen bitartean, LABek ez dio zilegitasunik emango batzorde horri, eta eskura dituen bitarteko denak erabiliko ditu -sindikalak nahiz juridikoak- EITBk langile guztion osasuna eta segurtasuna bermatu ditzan.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Patronalaren lawfarea salatzen dugu: espainiar poliziak Oscar Reina atxilotu du Iruñean, 2015eko adierazpen batzuengatik enpresa batek Sevillan jarritako salaketa baten epaiketaren data jakinarazteko

Maiatzaren Lehenaren karietara LABek Iruñean antolaturiko manifestazio eta ekitaldi nazionalean parte hartu eta hurrengo egunean, espainiar poliziako agenteak SAT sindikatu andaluziarraren bozeramaile Oscar Reinak ostatu hartu duen Iruñeko hotelean agertu dira eta atxilotuta eraman dute.
00:04:13

Sindikalismotik askapen nazionala eta soziala sustatzera goaz

Krisi ekosozialak alternatiba baduela berretsi eta enpleguaren, zaintzaren eta ondasunaren banaketaren alde egiteko garaia da, eta hala azpimarratu dugu gaur Anaitasunan, aldarrikapenerako ez ezik ospakizunerako ere tartea utzi duen Maiatzaren Lehen honetan.
00:02:19

Bazterketa sindikala gaindituta, aberastasunaren banaketa aldarrikatu du LABek Baionan

Urte luzez pairatutako bazterketa sindikala gaindituta, intersindikalarekin batera pankartan izan da LAB gaur Baionan, Maiatzaren Lehenean.